Berriak09/01/2025

Lehendakariaren bisita Caritas Bizkaiara

Imanol Pradales lehendakaria eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua Caritas Bizkaiaren instalazioetan izan dira gaur goizean. Joseba Segura Bilboko gotzainak eta Elena Unzueta erakundeko zuzendariak, Manu Moreno Caritaseko ordezkariarekin batera, ordezkari politikoak hartu dituzte Erriberako egoitzan. Bertan 11.000 pertsona ingururi arreta eskainiz egiten duten lana ezagutarazteko aukera izan dute. Lehenengo topaketa horren ondoren, San Frantzisko auzora joan dira, Hargindegi zentroa bertatik bertara ezagutzeko. Bertan, hainbat nazionalitatetako pertsonei arreta zuzena eskaintzen zaie.

Lehendakariak eta Nerea Melgosa sailburuak Caritas Bizkaiaren egoitza nagusian izan duten bilera pribatuan, erakundeak dituen proiektuak eta erronkak ezagutzeko aukera izan dute.

Bileran, gotzainak, Elena Unzueta erakundeko zuzendariak, Idoia Pérez de Mendiola esku-hartze koordinatzaileak, Ana Sofi Telletxea analisi eta garapen saileko arduradunak, Marta Domercq administrazio arduradunak, Mavi Laiseca koordinatzaile nagusiak eta Manu Moreno Caritas Bizkaiko gotzain ordezkariak parte hartu dute. Auzobizi proiektu komunitarioko Hosyn Ouhamdouchek eta Moraf Ouyahiak ere partekatu dute beren bizi-esperientzia.

Caritasek lurralde historikoan egiten duen lana ezagutu ondoren, segizioa oinez joan da Bilboko San Frantzisko auzoko Hargindegi zentrora. Zentro horretatik, Caritasek batez ere familiei zuzendutako eta hainbat nazionalitatetako pertsonei zuzenean arreta ematen dien ekintza-eredu integrala eskaintzen du.

Gotzainak bisita eskertu du eta “lanean eta elkarlanean jarraitu gura dogu, daukagun onena emonez, hau da, fedeak eskuzabaltasuna sustatzeko dauan gaitasuna“, esan dau. Gizarte-ekimenaren eta administrazio publikoaren arteko lankidetzan jarri du arreta.

Bestalde, Lehendakariak azpimarratu du Caritas Bizkaia bezalako erakunde bat “ezinbestekoa” dela, administrazioa iristen ez den lekuetara iristen baita. “Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu”, azpimarratu du.

Hargindegi zentroa

2024an, Hargindegi zentroak 300 familia-unitate baino gehiago artatu zituen, eta horien % 70 emakumeak ziren.

Artatutako pertsonen % 90 atzerritarrak dira. Ia 50 herrialdetan jaiotakoak dira. Proiektuan parte hartzen duten emakume gehienak Nigeriatik eta Kolonbiatik datoz, eta gizonak, gehienak, Marokotik eta Aljeriatik.

Artatutako pertsonak gazteak dira, 35 urtekoak batez beste, eta 40 urtetik beherako guztien bi heren.

Begoña Martínezek, zentroko arduradunak, eskaintzen diren zenbait zerbitzuren berri eman du, hala nola, “Txikileku”, “bertaratzen diren emakumeei kontziliaziorako laguntza” ematen diena.

“Hargindegin” ere hainbat tailer eskaintzen dira, hala nola, joskintzakoa, ile-apainketakoa edo gaztelaniazkoa, “gehien eskatzen dena eta itxaron-zerrenda daukaguna“, azpimarratu du.

Tailerretan 50 pertsona inguruk parte hartzen dute, eta “arrazoi desberdinengatik beste espazio batzuetan ez dituzten loturak eta sareak sortzeko erreferentziazko gune bat” aurkitzen dute.