Otras acciones

Argi ibili astea

 

Argi Ibili Asteak gure inguruan zabaltzen diren zurrumurruak eta argudioak ikustarazi nahi ditu arrazismoari eta xenofobiari aurre egiteko, emakume migratzaileen larruazalaren koloreagatik, adinagatik, generoagatik, erlijioagatik edo jatorrizko herrialdeagatik edo emakume izateagatik

 

GURI LAGUNTZAK KENTZERA DATOZ EMAKUME ETORKINAK
EZ DA EGIA. PENTSATU ONDO

Laguntzak jasotzeko hainbat baldintza bete behar dira, edozein dela ere eskatzailearen jaioterria. Laguntzetatik ezin da bizi, bizirik iraun baino ez da egiten. Herritarrekiko tratu berdintasuna funtsezko printzipioa da gizarte demokratikoetan, eta horrela jasotzen da Tratu Berdintasuna eta bazterkeriarik eza –sexuagatik, erlijioagatik, jatorri etnikoagatik edo arrazagatik, desgaitasunagatik, adinagatik, sexu joeragatik edo sinesmenengatik– bermatzeko Osoko Legean. EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunak ere hala adierazten du, 10., 19., 20. eta 21. artikuluetan.

 

 

EMAKUME ETORKIN ASKOK LANA KENTZEN DIGUTE
OKER ZAUDE, HAIEI ESKER LAN EGIN DEZAKETE BESTE EMAKUME BATZUEK

Emakume etorkina, bertako emakumearekin alderatuta, lan egituraren mailarik apalenetan dago, eta okerren ordaintzen diren lanen hutsuneak betetzen ditu, gizartean prestigio gutxien dutenak, alegia. Lana emateaz gainera, haiei esker lan egin dezakete beste emakume batzuek, esaterako, etxeko langile atzerritarrak dituzten bertako emakumeek. Baina, zer lan kentzen digute benetan? Hiru ezaugarri hauek betetzen dituzten lanak: Prekarioa, Neketsua eta Arriskutsua.

 

 

EMAKUME ETORKINEK EZ DUTE LAN EGIN NAHI
ASKORI UKO EGITEN ZAIE LANA BEREN AZALAREN KOLOREAGATIK

Emakume migratzaileek zailtasun handiak izaten dituzte lana aurkitzeko: hizkuntza, bizitzeko eta lan egiteko baimena, arrazakeria (hala da bai, hemen, Bizkaian, XXI. mendean jendea baztertu egiten dugu azalaren koloreagatik). Emakume migratzaileek lan egin nahi dute eta borroka egiten dute desagerrarazi daitezen nahitaezko ezkontzak, indarkeria matxista, emakumeen diskriminazioa eskubideen lorpenean edo emakumeen mutilazio genitalak, eta emakumeek garapen ekonomikoan lidergoa lor dezaten lan egiten dute.

 

 

LAGUNTZA GEHIAGO JASOTZEKO EDUKITZEN DITUZTE EMAKUME ETORKINEK SEME-ALABA GEHIAGO
BAITA ZERA ERE! Emakume etorkinek bertako emakumeek dituzten zailtasun berberak dituzte seme-alabak edukitzeko. EZ DU ZER IKUSIRIK LAGUNTZEKIN

Ama izatea, adibidez Afrikan, boterearen eta estatus sozialaren iturri da, eta oso erantzukizun gogorra, beren gain hartzen dutena. Ama izatearen eta diru-sarrerak dituenaren rolak ez dira inoiz antagonikoak izan gurea ez den beste kultura batzuetan, beti lan egin baitute etxetik kanpo, beren familiei jaten emateko. Egia balitz gizarte laguntzengatik daudela hemen, zergatik itzultzen dira beren herrialdera haietako asko? Lanagatik etortzen ziren, ez laguntzengatik. Gainera, bertakoek dituzten zailtasun berberak dituzte seme-alabak izateko, eta beren eredu erreproduktiboa bertako emakumeen ereduarekin berdintzen ari da. Izan ere, lana eta familia uztartzea denoi dagokigun arazoa da, edonondik gatozela ere. Eta ez pentsa seme-alabak izateagatik hemen paperak lortzen dituztenik, erregularizazio prozesuak beste bide batzuk egiten ditu.

 

 

EMAKUME ETORKINEK EZ DUTE IKASKETARIK ETA EZJAKINAK DIRA
JAKINGO BAZENU ZEIN NEKETSUA DEN PRESTAKUNTZA BALIOZKOTZEA

Datuek gezurtatu egiten dute ideia hori; izan ere, emakume etorkinen artean ehuneko handia dago goi mailako eta bigarren hezkuntzako ikasketekin. Hala ere, gutxik lortzen dute lan kualifikatu bat, nahiz eta goi mailako prestakuntza izan, tituluak baliozkotzea legediaren beraren oztopoa baita.
Emakume etorkinek ekarpen handia egiten diote harrera gizarteari (PFEZ zergen bidez, Gizarte Segurantzako kontribuzioen bidez, BEZaren bidez, IAT bidez, edozein ondasun edo zerbitzuren tasa eta prezio publikoen bidez) eta jatorrizko gizarteari, dirua bidaltzen baitute hara.

 

 

BELOAK GIZONAREKIKO OTZANTASUNA ADIERAZTEN DU, BIZIKIDETZA ARAZOAK SORTZEN DITU
Eta Mendebaldeko gizartean nagusi den edertasun eredua ez al da iraingarria emakumeentzat? Zapiaren erabilera leku baten tradizioen eta ohituren araberakoa da. Hura erabiltzea debekatzea eramatera behartzea bezain justifikaezina litzateke

Emakume askok beren erabakiz erabiltzen dute hiyab-a. Haientzat, beren erlijioaren parte izateaz gain, erabaki pertsonala ere bada; beloa eramatea identitatearen sinbolo bat da. Hala da mendebaldeko herrialdeetan bizi diren emakumeentzat, beren lurraldetik urrun egonik jaioterriari leial irauteko erabiltzen baitute, baita beren komunitatearen kide gisa bereizteko ere.

Hurrengo bideoa Xavi Salak egindako “Hiyab” film laburra da

 

 

EMAKUME ETORKINEK EZ DUTE INTEGRATZEKO ASMORIK
Integrazioa bi alderdien arteko konpromisoa da, eta ez bakarrik iristen denaren erantzukizuna

Herrialde berri batera joaten garenean, joera dugu harreman handiagoa izateko gure kultura, erlijio, nazionalitate edo hizkuntza dutenekin. Migrazioa deserrotzea bada, lurzoru emankorra behar da errotzeko. Hau da, etxean bezala sentitzeko ez da nahikoa migratzen duen pertsonaren borondatea. Hori bezain garrantzitsua da harrera gizarteak kultura aniztasunari eta migratzaileak hartzeko moduari buruz duten jarrera. Migratzaileak gizarte berriaren legeak eta funtsezko balioak onartu behar ditu, eta gizarte hartzaileak, aldi berean, errespetuan eta duintasunean oinarritutako integrazioa ahalbidetu behar du, maila juridikoan, sozialean, hezkuntzaren alorrean eta arlo sanitarioan beharrezkoak diren baldintzak eskainiz.