Noticia28/02/2023

Urtebete Ukrainako gerrak kaltetutako familiei bide-laguntza ematen

Ukrainan gerra hasi zenetik urtebete igaro denean, Caritas Bizkaiak irekita dauka Caritas Ukrainaren larrialdi-deia, Nazioarteko Caritasen Sarearen bidez. Ukrainako gerra ondorio suntsitzaileak izaten ari da herrialdearen barruan eta kanpoan. Urtebeteko gatazkaren ondoren, zortzi milioi pertsonak baino gehiagok utzi behar izan dute Ukraina; beste zazpi milioi, berriz, barne-lekualdatu egin dituzte. Errusiaren inbasioak, gainera, aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta humanitario bat eragiten du gure historia hurbilean. Elikagaien segurtasunik ezaren igoera dramatikoak eta funtsezko produktuen prezioen gorakada izugarriak eragina izan dute, batez ere, ahaztutako krisi-populazioetan, hala nola Afrikako Adarrekoetan eta Sahelekoan.

Gatazkaren hasieratik, Caritas Ukrainak larrialdiko laguntza humanitarioa eman die sei milioi pertsonari baino gehiagori. Laguntza gehienak honako hauekin lotuta daude: elikagaiak eta etxeko tresnak banatzea (% 53,91), ura eta saneamendua (% 22,32), ostatua (% 9,25), babesa (% 5,47), arreta soziosanitarioa eta laguntza psikosoziala (% 2,8), esku-dirua (% 1,56) eta beste zerbitzu batzuk (% 4,68).

 

Caritas Ukrainaren Tetiana Stawnychy lehendakariak “etxea utzi behar izan duten pertsona askoren oinarrizko beharrei erantzuteko jasotzen ari diren laguntza” eskertu du. “Biztanleriaren heren bat desplazatuta dago. Horregatik, hain da garrantzitsua otordu bero bat edo leku bat eskaintzea, ihesaldian lo egin dezaten. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu gurekin ibiltzeagatik eta gurekin egoteagatik”.

Gerrak ez du etenik eta 18 milioi pertsonak baino gehiagok larrialdiko laguntza humanitarioa behar dute Ukrainan, eta bakea behar da gaur inoiz baino gehiago, pertsonek beren bizitza eta herrialdea berreraiki dezaten, ez bakarrik Ukrainan, baita ahaztutako gatazkak bizi diren herrialde guztietan ere.

Caritas Ukrainaz gain, Caritas mugakideak (Polonia, Errumania, Moldavia, Txekiar Errepublika, Eslovakia…) gatazka honek eragin dituen errefuxiatuei laguntzen ari dira: elikadura, ura eta higiene- eta arropa-artikuluak ematen, etxebizitza seguruan laguntza ematen, lana bilatzen, harrera-herrialdeko hizkuntza-motak, helduei laguntza psikosoziala, hezkuntza-laguntza eta laguntza psikologikoa.

Aurten, garrantzitsua izan da pertsona, enpresa, ikastetxe eta abarren elkartasuna, Caritas Ukrainaren eta herrialde mugakideetako Caritasen ekimenei laguntzeko.

Eskertzen dugu orain arte 425.690,09 euro bildu izana. Zenbateko horretatik, 309.790 euro Ukrainako, Poloniako, Moldaviako eta Errumaniako Caritasek bultzatutako proiektu humanitarioei laguntzeko bidali dira. Gainera, 40.000 euro bideratu dira Eguzkilore Fundaziora, Derion prestatu duten egoitza-baliabidean hartutako errefuxiatuei laguntzeko. Gainerakoa Ukrainako larrialdiari laguntzeko hurrengo etapetako beharrei erantzuteko erabiliko da. Kasu guztietan, laguntza behar handiena duten pertsonei (familia ugarien ardurapeko amei, ezgaitasunen bat duten pertsonei, egoera ahulean dauden pertsona edaetuei) laguntzeko proiektuei laguntza ematera bideratu da, pertsona horiek berariaz babestu eta laguntzeko.

Laguntza Euskadin

Gerra hasi zenetik, euskal erakundeek eta hirugarren gizarte-sektoreak lankidetza-prozesu bati ekin genion, gerra hura irudikatzen zuen drama humanitarioaren aurrean elkartasun eraginkorra artikulatzeko, eta, bereziki, errefuxiatutako pertsona eta familien eta, aurrerago, harrerako euskal familien beharrei erantzuteko. Otsailaren 24a baino astebete geroago, erakundeen eta hirugarren sozialaren arteko elkarrizketa martxan zegoen.

2022ko martxoaren 10ean egin zen lehen Jarraipen Mahaia, eta Caritas Bizkaiak ere parte hartu zuen mahai horretan, erakundeekin eta beste gizarte-erakunde batzuekin batera. Bilera hartan, Eusko Jaurlaritzak lekualdatuei harrera egiteko lehen Kontingentzia Plana aurkeztu zuen. Horrekin batera, posta elektronikoko helbide bat aktibatu zen herritarren elkartasuna bideratzeko, informazio-telefono bat eta zerbitzu presentzial bat hiru euskal hiriburuetan, Ukrainako pertsonak Euskadira heldu zirenetik hartu, informatu eta orientatzeko.

Lehen Kontingentzia Plan horren ondoren, hainbat plan eta programa onartu dira, une bakoitzeko egoeraren beharretara egokituz.

Caritasek koordinatu ditu Azken Sarea Indartzen programaren sostengu ekonomikorako aktibatutako hirugarren gizarte-sektoreko erakundeen programa eta sarea, eta 2.929.509 euro banatu ditu 2023ko otsailaren 24ra arte, 1.633 bizikidetza-unitatetan.