Berriak20/06/2026

Harrera egiten duen gizarte baten alde: Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean hausnarketa

Gaur, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, gogoratzen dugu zifra bakoitzaren atzean istorio bat, aurpegi bat eta babesa merezi duen bizitza bat dagoela. Milioika pertsona beren etxeak uztera behartuta daude gerraren, jazarpenaren, indarkeriaren edo duintasuna eta oinarrizko eskubideak arriskuan jartzen dituzten egoeren ondorioz.

Leon XIV.a Aita Santuak bere azken bisitan gogorarazi digun bezala: “migratzaileen eta errefuxiatuen egoerak pertsonak erdigunean jartzen dituen eta fluxuen kudeaketa hutsa gainditzen duen erantzuna eskatzen du.”

Egun honek gogorarazten digu harrera ez dela soilik larrialdi baten aurrean ematen den erantzuna, baizik eta gure gizartea ulertzeko modu bat. Harrera egiteak esan nahi du laguntzea, entzutea eta iristen direnekin batera ibiltzea, pertsona guztiak parte sentitu eta beren historiatik eta gaitasunetatik ekarpena egin dezaketen komunitateak eraikiz.

Caritas Bizkaian errefuxiatuei laguntzen diegu gure programa eta harrera-sareen bidez, ez bakarrik hemen, baita jatorrizko eta igarobideko herrialdeetan ere. Lankidetza-proiektuak garatzen ditugu Kongoko Errepublika Demokratikoan, Etiopian, Hego Sudanen edo Libanon, besteak beste. Mugikortasun behartuak sortzen duen indarkeria eta giza eskubideen urraketaren aurrean, Caritasek babes- eta ahalduntze-ekintzak sustatzen laguntzen du, bereziki genero-indarkerian arreta jarriz; elikadura-segurtasuna bermatzen du eta beren herrialdeak uztera behartuak izan diren haur eta gazteen hezkuntza-eskubidea babesten du. Horrez gain, aktiboki parte hartzen dugu Eusko Jaurlaritzak sustatutako Babes Komunitarioko (Auzolana II) programetan eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Goihabe ekimenean, beste gizarte-erakunde batzuekin batera, inklusio- eta autonomia-prozesuak sustatzeko konpromiso partekatuarekin.

Aita Santuaren deia gure egiten dugu: errealitatera pertsonak erdigunean jarriz begiratzea. Gogorarazten digunez, “giza duintasunak ez du pasaporterik”, eta ez gara zifrez edo arazoez ari, baizik eta entzunak izatea merezi duten historia duten anai-arrebez.

Gaur bereziki gogoratzen ditugu mugen eta migrazio-bideen artean bizitza galdu dutenak —izan ere, Leon XIV.ak adierazi duen bezala, “ibilbide hauetan galdutako bizitza bakoitza porrota da giza familiarenzat”— eta bide seguru eta legalak eskatzen ditugu babesa benetakoa izan dadin. “Gero eta handiagoa den gu bat” eraikitzeak gizarte solidarioago baterantz aurrera egitea dakar, non harrera, duintasuna eta elkar topatzea guztion erantzukizuna diren.