Afrikaren Eguna: Afrikako emakumeen lidergoa eta erresilientzia aldarrikatzen ditugu
Maiatzaren 25ean urtero ospatzen dugu Afrikaren Eguna, Afrikako kontinentearen historia, aniztasuna eta etorkizuna. Urteko egun guztietan beharrezkoa da Afrikako emakumeek duten funtsezko papera aitortzea, beren komunitateen benetako zutabeak baitira eta aldaketaren protagonistak.
Caritas Bizkaiak babesten dituen proiektuen bidez, erakundeak ikusten du nola Afrikako emakumeek desberdintasuna, pobrezia eta indarkeria gainditzen dituzten. Haiek ari dira beren familientzat eta herrientzat etorkizun hobea eraikitzen: lurra lantzen, eskoletan irakasten, negozioak sortzen, giza eskubideak defendatzen, komunitateak eta proposamen politikoak gidatzen. Emakume batek hezkuntzarako eta aukeretarako sarbidea duen tokian, komunitate osoarentzat aurrerabidearen bidea irekitzen da. 2025ean, 1.274 pertsonak bitartekaritza jardueren onura jaso dute; 51.826 pertsonak (24.993 gizon eta 26.833 emakume) parte hartu dute eskubideei buruzko sentsibilizazio saioetan; eta 351 defentsa-ekintza garatu dira eLankidetzak finantzatutako “Kivu Hegoaldean (KED) giza eskubideen defentsarako tokiko komunitate-antolakuntzako batzordeak indartzea” proiektuan. Batzorde horietako liderretako batek, Elizabeth MWINJAk, hurrengo elkarrizketan azaltzen du proiektuak bere ahalduntzean eta komunitatean duen eragina.

CLOC proiektuaren aurretik, emakume lider gisa konprometituta zeunden zure komunitatearekin? Hala bada, zer ardura komunitario hartzen zenituen?
CLOCeko kide izan aurretik, etxekoandrea nintzen; hau da, nire seme-alabak eta senarra zaintzen nituen, eta landa-lanetan aritzen nintzen. Ez nuen komunitateko ardurarik hiru arrazoirengatik. Ez nekien emakume batek komunitatean ardura-posturik izan zezakeenik. Ohituraren pisuagatik, gizonek bakarrik zuten ardura-postuak hartzeko eskubidea. Argia zen emakume batek ez zuela talde batean hitz egin behar, are gutxiago gizonen aurrean. Ez nuen legea ezagutzen, bereziki emakumeen eskubideak. Ez nekieN emakume batek ere ardura har zezakeela, nire ikasketa-maila edozein izanik ere.
Zein izan zen zure aitortza komunitatean Caritas/CLOCeko kide izan aurretik?
CLOCeko kide izan aurretik, ez ninduten ezagutzen komunitatean, nire titulua gorabehera. Izan ere, gizon batzuek, tartean gure artzainak, nire aitari esaten zioten dirua alferrik gastatzen ari zela eskolara bidaliz, eta hobe zuela diru hori behiak erosteko erabiltzea. Lehen esan bezala, etxekoandrea nintzen: haurrak zaintzen nituen, senarra eta lantokiko lanak.
Nola bihurtu zinen Caritas/CLOCeko kide?
Egun batean etxean eserita nengoela, megafonia bidezko ohar bat entzun nuen herrian barza komunitario bat antolatuko zutela esanez, baina ez nekien zer zen. Jakin-mina piztu zitzaidan, zertaz ari ziren jakiteko, batez ere etxean ezer egin gabe nengoelako. Barzaren lekura iritsi nintzenean, hautagaitza aurkeztu nuen eta CLOCeko kide aukeratu ninduten. Barza 2018an antolatu zen, eta zehaztu zen CLOCeko kideek giza eskubideak, bereziki emakumeenak, zabaltzen eta defendatzen lagundu behar zutela, emakumeei euren eskubideei buruz informatu, genero-indarkeriaren aurka borrokatu eta bitartekaritzak erraztu. Jarduera horiek izan ziren hautagaitza aurkeztera bultzatu nindutenak.
Zer kargu izan dituzu Cáritas/CLOCen?
Hasieran kide izan nintzen eta, gero, hauteskundeen ondoren, idazkariorde aukeratu ninduten 2018tik 2019ra. Ondoren, 2019 amaieran egindako hauteskundeetan koordinatzaile hautatu ninduten, aurreko koordinatzaileak arrazoi pertsonalengatik kargua utzi baitzuen.
Nola aldatu du Caritas/CLOCek zure bizitza eta lidergoa komunitatean emakume gisa?
CLOCek emakume lider bihurtzen lagundu dit:
-Prestakuntza: askotariko ikastaroetara joan naiz. Lehen lotsa eta beldurra nuen jendaurrean hitz egiteko; orain, eskubideak ezagutzen ditut, defendatzen ditut eta besteenak errespetatu eta defendatzen ditut. Gatazken konponbide baketsuari buruzko prestakuntzak komunitatean bakea berreskuratzen lagundu dit.
-Harremanak eta jarduerak: mahai-inguruak, sentsibilizazio-kanpainak eta foroek tokiko agintariekin harremana sendotu dute. Adibidez, nekazarien landareak suntsitzen zituzten abeltzainen arazoari aurre egiteko kanpaina egin nuen.
-Ahots propioa: sentsibilizazio jarduerek beldurra gainditzen lagundu didate. AVEC jarduerari esker diru-sarrerak sortu ditut; 100.000 fc lortu nituen, ahuntz bat erosi eta haurren eskola-gastuak ordaintzeko.
Horri esker, tokiko agintariekin hitz egin eta erabakiguneetan parte hartzen hasi naiz, azkenean azpiherrixkako batzordeko aholkulari izendatu ninduten arte.
Zer ekarpen egin duzu komunitatean CLOCi esker?
Dagoeneko nire komunitateari hainbat modutan lagundu diot:
-Sentsibilizazioa komunitatearentzako interesgarriak diren hainbat gairen inguruan
-Laguntza psikosoziala, APS naizelako
-Gatazken konponbide baketsua, bitartekaritzaren bidez. Hilean lau bitartekaritza baino gehiagotan parte hartzen dut nire komunitatean. Batzuetan, herri mailan konponbiderik ez duten arazoek CLOCen aurkitzen dute irtenbidea. Horrela gertatu zen lurrei buruzko gatazka batekin: azpiherrixkatik, herritik, taldekatik eta sektoretik igaro zen, baina konpondu gabe. Kasua parrokiara bidali zen, eta honek CLOCera bideratu zuen; azkenean, konponbidea aurkitu zen. Herentziaren banaketa bidegabearen kasua zen.
-Defentsa: 2025ean, CLOCeko beste kide batekin batera, herriko gazte baten atxiloketaren kasua zela eta, egungo agintariengana joan ginen. Presoen eskubideei buruzko ezagutza nuenez, atxilotutako gazte hori defendatu nezakeela pentsatu nuen. Agintariekin bildu ginen, kasua azaldu genien eta, gure defentsaren ondoren, aske utzi zuten.
CLOC proiektua baino lehen, zer zailtasun zituzten emakumeek?
CLOC proiektua baino lehen, emakumeek zailtasun handiak zituzten gure komunitatean:
-Jendaurrean hitz egiteko debekua: emakumeek ez zuten eskubiderik publikoan edo gizonen aurrean hitz egiteko.
-Legearen ezjakintasuna: emakumeek ez zituzten beren eskubideak ezagutzen, eta ohiturei men egitera behartuta zeuden, nahiz eta legearen aurkakoak izan eta, batzuetan, diskriminatzaileak.
Gizonen aurrean aurkezteko ezintasuna: gizonez osatutako taldeetan emakumeek ez zuten tokirik.
Zer beste ardura bete dituzu komunitatean?
CLOCi esker, gaur egun, CLOCeko koordinatzailea izateaz gain, nire komunitatean bestelako ardurak ere izan ditut eta baditut:
-Nyubakumi izan nintzen (kale edo etorbideko arduradunaren parekoa): kargu horretan azpiherrixkako buruarekin lan egin nuen. Garai hartan, herriko buruak emakume liderrez osatutako batzorde bat sortzea eskatu zuen, eta ni batzorde horretako idazkari hautatu ninduten. Aldi berean, emakumeak sentsibilizatzen nituen salongoa (komunitateko lana) gizonezkoen moduan egin zezaten.
-Herriko idazkaria: gure herriko buruak, Australian bizi denak, jakin zuenean emakumeek gizonen moduan egiten zutela salongoa, nor izan zen gainerako emakumeak animatu zituena jakin nahi izan zuen. Nire izena eman zioten. Deitu egin zidan herriko batzordean parte hartzeko eskatzeko, eta horrela izendatu ninduen herriko idazkari. Aldi berean, herriko buruaren ordezkari izateko ardura eman zidan, bera gonbidatzen zuten leku guztietan. 2025eko azaroan izendatu ninduten, eta dagoeneko ordezkatu dut buruzagia bai taldearen bileretan bai CLDren (Tokiko Garapen Batzordea) bileretan ere.
-Caritaseko arduraduna Cishugiko sektore katolikoan
-Parrokiako Caritaseko lehendakariordea (Biravako parrokian)
-CJPko (Justizia eta Bakea Batzordea) kidea, bai sektore mailan bai herri mailan





