Berriak28/03/2025

Caritas Bizkaiak etxeko lanetan aritzen direnen lan-baldintzak hobetzeko eskatu du

  • Etxeko Langileen Nazioarteko Egunean, martxoaren 30ean, erakundeak aitortzen du azken urteetan eskubideetan aurrerapenak izan direla sektore horretan, baina asko dagoela egiteko.
  • Langileetako askok 40 ordu baino gehiago egiten dituzte lan astean, eta 24 orduko disponibilitatea dute, lan egiten duten tokian bizi direlako.
  • Espainiako Estatuan, etxeko lanei dagokienez, Gizarte Segurantzako datu ofizialen arabera, emakumeek betetzen dituzte lanpostuetako % 95 eta horietatik % 45 egoera erregularrean dauden atzerritarrak dira.

Caritas Bizkaiak bat egingo du martxoaren 30ean Etxeko Langileen Nazioarteko Egunarekin. Horren harira publiko egin duen adierazpenean, erakundeak eskatzen du hobetu daitezela etxeko langileen lan-baldintzak; besteak beste, lanaldia egiaz mugarriztatzea, eguneko atseden orduak legez handitzea, eta soldata aitortzea. Horretaz gainera, premiazkoa da sailkapen profesional bat izatea, zeinetan bereiziko den etxeko lanak egitea eta pertsonak zaintzea, eta enplegatzaileek lagundu behar dute lan-baldintza egokiak eta duinak sorrarazten (kontratu sinatzeak, Gizarte Segurantzan alta ematea egiazko lan orduengatik, dagokien soldata ordaintzea, oporrak eta baimen egunak).

Era berean, Caritas Bizkaiak administrazio publikoari eskatzen dio aurreikus ditzala kontratazioa sustatzeko eta babesteko neurriak enplegatzaileentzat, beren errealitatera egokituta, enpresekin egiten den bezalaxe; aldi berean, arlo horretan eskuduntza/ardura duten administrazioek lan-araudia betetzen dela hobeto zaindu eta kontrolatu behar dute etxeko lanen kontratazioetan, Araubide Orokorrean dauden langileekin egiten duten bezalaxe.

Nahiz eta azken urteetan etxeko langileen lan-baldintzetan eta Gizarte Segurantzan hobekuntzak izan diren –hala nola langabeziako laguntza, arrazoirik gabe langilea kaleratzea ahalbidetzen zuen figura desagerraraztea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata pixkanaka igotzea–, aurrerapen horiek, logikoa den bezala, kontratazio gastuak eta izapideak handitu dituzte, baina administrazioak ez du babesa emateko behar adinako neurririk aurreikusi. Beste sektore batzuetan, administrazioak pizgarriak aurreikusten ditu kontratazioa sustatzeko, baina, kasu honetan, laguntza oso urria da eta inola ere ez behar adinakoa. Sektore honen duintasuna eta balio profesionala aitortuko badira, enplegatzaileek eta familiek kontratuak egitea sustatu beharko da.

Etxeko langileak sektore ekonomiko garrantzitsua dira, lan-merkatua eraginkorragoa izan dadin laguntzen dute, baita hazkunde ekonomikoan ere. Gainera, etxeetako zainketa eta mantenu lanak egiten dituzte, eta horrek modua ematen die kontratatzaileei beren lan-betebeharrak eta betebehar pertsonalak betetzeko edo atsedenaldia aintzat hartzeko. Hori dela eta, ahotsa altxatu beharra dago, eta lanbide horren aitortza sozialaren premia ikusarazi, agerian jarri behar baita etxeko lanek eta zainketek nolako garrantzia duten bizitzaren sostengurako.

Hortaz, Caritas Bizkaiak bereziki azalarazi nahi du arreta jarri beharra dagoela barne erregimenean (kasu askotan, mendetasunak dituztenak zaintzen) diharduten emakumeen lan-baldintzetan eta soldatan. Haietako askok 40 ordu baino gehiago egiten dituzte lan astean, eta 24 orduko disponibilitatea dute, lan egiten duten tokian bizi direlako.

Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, martxoaren 30a. 1988an aitortu zuten Nazio Batuen Batzar Orokorrean, zertarako eta lanbidearen balioa aitortzeko eta hartan dihardutenen eskubideak aldarrikatzeko. Hori dela eta, egun hau aukera ona izaten da kolektibo horrek emakume aurpegia duela gogorarazteko. Espainiako Estatuan, etxeko lanei dagokienez, Gizarte Segurantzako datu ofizialen arabera, emakumeek betetzen dituzte lanpostuetako % 95, eta horietatik % 45 egoera erregularrean dauden atzerritarrak dira.