“Hay sitio en nuestra posada. Alkartuta”
Alkartuta kristau-elkartea munduko sufrimenduaren aurrean babesleku eta erantzun bihurtzeko modua da.
Caritas Bizkaiaren 2026ko Gabon Kanpainaren leloa Lukasen Ebanjelioan oinarritzen da: «Ez zen lekurik ostatuan» (Lk 2,7). Pasarte hartako babesgabetasuna gaur ere gure inguruan errepikatzen dela ikusita, Caritas Bizkaiak eta kristau-komunitate osoak aldarrikatzen dugu gure ostatuan lekua dagoela (“hay sitio en nuestra posada”), gure parrokietan, auzoetan eta proiektuetan, pertsona zaurgarrienentzako babes, harrera, entzute eta pertenentzia gune gisa.
Ospakizun garai honetan, Bizkaiko Elizako kristau-komunitateok anaitasunezko konpromisoa berritzen dugu, Gabon hauetan komunitatearen ostatuak ateak zabalik eta mahaia prest izango dituelako esperantzaz, pertsona guztiak hartzeko.

“Ez zen lekurik ostatuan”. Lk 2,7
Zer egin dezakezu zuk?
Gabonak berrikuntza garaia ere badira. Horregatik, kanpainarekin bat datozen hainbat proposamen egiten ditugu.
Ostatua prestatu babesleku eta harrera izateko: Banaka zein komunitatean berrikusi harrera eragozten duten aurreiritziak, bazterkeriazko jarrerak edo axolagabekeriak.
- Garbitu bihotza eta burua: konturatu zeure aurreiritziez, estereotipoez, kontsumismoaz eta babesleku izatetik urruntzen zaituzten jarrerez.
- Ez pasa aurrera begiratu gabe. Gelditu eta eskaini denboraren tarte bat beste pertsona batzuez interesatzeko, haiei entzuteko: zer gertatzen zaien, zer sentitzen duten, zer behar duten eta zer adierazi nahi dizuten entzuteko. Hitz egin, eta ez izan presarik.
- Utzi zeure burua eraldatzen mundua eraldatzeko. Pertsona konprometitua izatea munduan egoteko eta bizitzeko modu bat da, bizitza ulertzeko eta partekatzeko era bat; senidetasuna eta errukia eraikitzen dituena, zure bidean aurkitzen duzunari entzun, arreta eman eta sendatzeko gai izan zaitezen.
Ateak irekitzea: Norberaren inguruan edo auzoan dauden bazterketa-egoerak agerian jartzea eta elkartasuna praktikan jartzea.
- Ireki gogoa eta aldatu begirada parte garen munduaren beste errealitate hori ikusteko: eskubide berberak eskuratu ezin dituzten hainbeste pertsonena, gizarte-desabantailan daudenena eta tristuran, bakardadean eta pobrezian bizi direnena.
- Partekatu dauzkazun eta zarena osatzen duten ondasunak; sustatu irekitasuna, eskuzabaltasuna eta konfiantza. Ez zaitzala mugiarazi edukitzeko eta bizitza ziurtatzeko grinak. Aska zaitez mendekotasun eta atxikimenduetatik, izatearen alde eginez eta edukitzeari uko eginez. Benetako poza ematean eta norbera ematean datza. Egin boluntariotza, eman zure denbora, egin zaitez Caritasen bazkide eta elkarlanean aritu ekimen solidarioetan.
- Zaindu etxe komuna: bat egin zaintzaren kulturarekin eta egin eguneroko keinu bakoitza pertsonen eta planetaren aldeko zure konpromisoaren adierazgarri. Zure egitasmoek beti izan ditzatela kontuan giza familia osoarengan dituzten ondorioak, bai gaur egungoak bai etorkizunekoak, arretaz baloratuz.
Argia piztu: Landu zure fedea komunitatean, dena aldatzen eta eraldatzen duen Jainkoaren maitasuna esperimentatzeko. Zure fedearen bidez, aurki itzazu hazten jarraitzeko aukera emango dizuten erronka berriak.
- Meditatu, sartu zure barnean Jainkoa aurkitu eta sentitzeko. Praktikatu isiltasuna eta kontenplazioa.
- Egin otoitz, komunitatean nahiz bakarka; hartu Jainkoak oparitzen diguna, kontenpla ezazu natura eta egin Ebanjelioaren bidezko kontenplazioa.
- Itxaropena: izan argi, itxaropen eta Berri Ona zure inguruko pertsonentzat eta kide zaren komunitatearentzat.
- Ospatu komunitatean: parte hartu Eukaristian.
Mahaian esertzea: Gabon garaian harrera zehatza, gertuko laguntza eta ospakizun partekatua sustatzea.
- Hartu pertsonak zure epaiaren, baldintzen edo oztopoen iragazkirik gabe. Harritu zaitez beste pertsonen edertasunaz, beren trebetasunaz, eskuzabaltasunaz, ausardiaz eta dohainez… eta eskertu jasotzen duzuna.
- Sortu topaguneak zure komunitatean: zaindu benetan garrantzitsua dena. Eskaini denbora entzuteko, pertsonekin konektatzeko, bizi dituzten egoerekin enpatizatzeko, ingurunea zaintzeko eta elkartu, harremanak izan eta elkar aitortzeko espazio komunak sortzea errazteko.
- Erreparatu zure mahaian jartzen duzunari: egin kontsumo jasangarri, arduratsu eta etikoa. Kontsumitu modu arduratsuan; hartu kontsumo jasangarriko ohiturak, berrerabili, birziklatu eta aprobetxatu baliabideak berriz. Egin apustu ekonomia solidarioko erakundeen alde (Koopera, Kidenda, Lapiko, Fiare, Zaintzalan, eta abar).





