Foessa IV. Txostena 2025

Txosten honetan Euskadiko kohesio sozialaren eredua aztertzen da Estatu osokoarekin alderatuta, EINSFOESSA 2024aren datuetatik abiatuta. Azterlanak aukera ematen du gure lurraldean gizarteratzearen bilakaera eta gizarte‑bazterkeriako prozesuek eragindako pertsonen profila behatzeko, baita kohesioan eta garapen sozialean eragina duten arrisku‑faktore nagusiak identifikatzeko ere —enplegua, etxebizitza, pobrezia, gizarte‑babesa, gizarte‑kapitala, besteak beste—.

Ariketa hau ez da datuen bilketara edo diagnostiko deskribatzaileen elaboraziora mugatzen; aitzitik, herritarren bizi‑baldintzak hobetuko dituzten politika publiko eraginkorrak sortzera bideratutako elkarrizketa eraikitzailea sustatzea du helburu. Funtsezkotzat jotzen da gobernuek aldaketaren eragile gisa zeregin aktiboa hartzea, atzemandako desberdintasunen egiturazko kausei heltzen dieten irtenbideak ezarriz eta oinarrizko eskubideen egikaritza osoa bermatuz.

Era berean, administrazio publikoen jardunarekiko kontziente, kritiko eta zorrotza den herritartasuna indartzera dei egiten da; bere komunitate‑ eta ingurune pertsonalarekin konprometitutako herritartasuna, elkartasunean eta anaitasunean oinarritutako praktikatik erantzukizunez jokatzen duena. Benetako eraldaketa soziala denboran zeharreko konpromiso zintzo eta iraunkorraren bidez baino ez da posible; konpromiso horretan, diagnostiko bakoitza gizarte bidezkoago, kohesionatuago eta berdinzaleago baterantz aurrera egiteko iparrorratz gisa ulertzen da.