Berriak25/06/2026

Gatazkaren erdian, haurrentzako espazio segurua Libanon

Libanoko hegoaldea, 2023az geroztik Israelen eta Iranen aldeko Hezbola miliziaren arteko borrokaren agertoki bihurtuta, etengabeko suntsipen-olatuak jasaten ari da: 2.900 hildako baino gehiago, 36.000 etxebizitza suntsitu eta 1,4 milioi pertsona desplazatu.

Horrek eragin suntsitzailea du desplazatutako haur eta nerabeen garapenean nahiz zaurgarritasun-egoeran dagoen Libanoko populazioan. Familia gehienek, urteetako gatazkaren ondoren, oraindik ezin izan dute beren jaioterrira itzuli.

Fratelli Proiektua Rmeileh herrian garatzen da, Sidonen. Eremu horretan siriar errefuxiatuen kontzentrazio handia dago.

Uda garaian, ohikoa izaten da erakunde askok oporrengatik jarduera etetea; horrek pertsona askori —bereziki haurrei, nerabeei eta gazteei— hezkuntza- eta aisialdi-aukerarik gabe uzten die. Egoera hori bereziki kezkagarria da errefuxiatuak bizi diren auzo eta asentamenduetan, ez baitira ingurune seguruak ezta jolaserako edo sozializaziorako egokiak ere.

Aldi berean, uda une egokia da aire zabaleko kirol, jolas eta aisialdi jarduerak egiteko. Familia askok ilusioz itxaroten dute alaba-semei epe horretan proposamen aberasgarriak eskaini ahal izatea.

Egoera horren jakitun, Fratelli Elkarteak Caritas Bizkaiaren laguntzarekin udako kanpaldiak antolatuko ditu Rmeileh (Saida) eskualdeko ingurune zaurgarrietako 500 haur, nerabe eta gazterentzat, uztailaren 13tik abuztuaren 14ra bitartean. Udako kanpaldiak, beraz, funtsezko erantzuna bihurtzen dira haien jolaserako, ikasteko eta ongizaterako eskubidea bermatzeko.

Kanpaldi hauek espazio seguru, aberasgarri eta inklusibo bihurtzen dira, eta haien ongizate emozionala zein hazkunde pertsonala eta soziala sustatzen dute.