Noticia10/11/2023

Politika publikoak eta Euskadiko enpleguaren lehentasunezko erronken erantzunak

Enpleguaren VI. Kongresua

Joan den azaroaren 9an eta 10ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan antolatutako Enpleguaren VI. Kongresua egin zen, 2023. urtean, “Politika publikoak eta Euskadiko enpleguaren lehentasunezko erronken erantzunak” lemapean. Caritas Bizkaiak lehentasunezko arretako pertsonei zuzendutako programa berritzaileei eta arrakasta-ebidentziei buruzko elkarrizketa-mahaian parte hartu du. Horretarako, 2015etik aurrera Sendotu Aldiberean taldearen barruan garatzen ari garen programa aurkeztu du, euskal gizarte-erakunde batzuekin batera eta Euskadiko Programa Operatiboaren barruan, Europako Gizarte Funtsak, Lanbidek, hiru euskal aldundiek, Bilboko eta Gasteizko udalek eta BBK Vital fundazioek kofinantzatuta.

 

Izaskun Barbero, Caritas Bizkaiako Enplegu eta Ekonomia Solidarioaren Arloko Berrikuntza eta Proiektuen Garapeneko arduraduna, arduratu zen programaren eraginari buruzko ebaluazioaren emaitzak aurkezteaz. Ebaluazio hori kanpoko aholkularitza-enpresa batek egin zuen, eta 2015etik 2022ko ekaina bitartean egin zen. Txertatze-emaitzak %26koak izan ziren proiektua amaitzen zen unean, eta %33koa izan zen sei hilabeteren buruan. Proiektu horien barruan sartzen dira, besteak beste, gizarte-, hezkuntza- eta lan- aurreko ekintzak, prestakuntza ziurtagarriak edo ziurtaezinak, baina kualifikatzaileak, baita gizarteratze-enpresak eta gizarte-ekonomiako enpresak bultzatzeko eta finkatzeko ekintzak ere. Emaitza kuantitatiboak bezain garrantzitsuak dira, halaber, parte-hartzaileek bizitzako eta gizarteko alderdiak hobetzeko eta zerbitzu publikoak (osasun-, prestakuntza-, enplegu-, etxebizitza- eta gizarte-babeseko zerbitzuak) eskuratzeko identifikatu dituzten inpaktuak.

Aurkezpean zehar nabarmendu diren eta Caritas Bizkaiaren bide-laguntza ereduaren parte diren beste gako batzuk hauek dira: bazterkeriaren ikuspegi multidimentsionaletik erantzutea, ikuspegi integral batetik, hainbat alderdi landuz (ez soilik enplegua): hizkuntza, etxebizitza, osasuna, gizarte-partaidetza, egoera administratiboa… eta, jakina, banakako arreta, pertsona eta haren eskubideak zentroan kokatuz.

Azkenik, Sendotu Aldiberean elkartetik Euskal Autonomia Erkidegoko 21 27 Programa Operatibo berriaren deialdian aurkeztuko dugun proiektu berrirako planteatzen ditugun erronka batzuk identifikatu ziren, hala nola, jardueren kultura anitzeko lanketa, genero-ikuspegia eta emakumeen ahalduntzea edo trantsizio digitalek, ingurumenekoek (deskarbonizazioa) eta zainketek (zahartzea) eskaintzen dituzten aukeretarako ibilbide espezifikoak diseinatzea.

kongresua