Berriak • 07/10/2026

Langile Pastoraltzak lana eta etxebizitza erdigunean jartzeko deia egin du. Urriaren 7a: Lan Duinaren Munduko Eguna

«Eliza Lan Duinaren alde» ekimenetik kristau komunitateari Lan Duinaren Munduko Egunarekin bat egiteko gonbita egiten zaio. Eguna bihar, urriaren 7an, ospatuko da, «Bazterkeriaren aurrean, lan duina» lelopean.

Eliza Lan Duinaren alde ekimenak langileen duintasunean eta prekaritate- eta bazterkeria-egoeretan arreta jartzera gonbidatzen du. Gainera, egoera horiek bereziki eragiten diete enplegu egonkor bat eta etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonei.

Elkarteentzako proposamena
Eguna urriaren 7an ospatzen bada ere, Langile Pastoraltzak urriaren 15erako, osteguna, lanaren errealitateari buruzko topaketa irekia antolatu du. 18:30ean, Barria Eraikinean (Plaza Barria, 4, Bilbo), Giza lana, egiteke dagoen erronka. Lan-munduan zaintzaren kultura baten alde liburuaren aurkezpena egingo da. Bertan izango da Paco Porcar Rebollar egilea, HOACeko militantea.

Elizbarrutiko arlotik parrokiei, taldeei eta komunitateei hausnarketarako eta otoitzerako tarte bat eskaintzeko gonbita ere egiten diete. Era berean, inguruko pertsonekin elkarrizketa sustatzera eta ekintza zehatzen bat bultzatzera animatzen dituzte.

Materialak

Lana eta etxebizitza, bereizi ezin diren bi errealitate
Enpleguaren eta etxebizitza eskuratzearen arteko harremana da, hain zuzen ere, Langile Pastoraltzaren Aizu!!! argitalpenaren zenbaki berriaren ardatza. Argitalpenaren 102. zenbakiak «Lana eta etxebizitza. Bazterkeriaren aurrean, lan duina» izenburua du.

Dokumentuak LANE, INE, CIS eta Eustat bezalako erakundeen datuak jasotzen ditu. Besteak beste, 2025ean bigarren eskuko etxebizitzaren prezioa % 13,1 igo zela adierazten du. Gainera, Bilbon batez besteko alokairua hilean 1.000 eurotik gorakoa da, eta gela baten prezioa 440 eurotik gorakoa. Horren ondorioz, eskaintza batzuk 700 edo 800 eurora irits daitezke, eremuaren arabera.

Gazteengan eta pertsona migratzaileengan ere arreta berezia jartzen du. Mundu mailan, 2025ean, 15 eta 24 urte bitarteko 67 milioi pertsona zeuden langabezian, eta 257 milioi gaztek baino gehiagok ez zuten ez ikasten ez lan egiten. Euskadin, lan egiteko adinean dauden atzerritar jatorriko pertsonak zerbitzuen sektorean biltzen dira gehienbat. Bereziki, presentzia handia dute zaintzan, etxeko enpleguan eta garbiketan.

«Gizarte Justiziarako itsasargi bat»
Langile Pastoraltzak Elizaren Gizarte Doktrinaren Itsasargi berri bat ere argitaratu du. Dokumentu horretan lan-munduko gizon-emakumeen kezkak eta itxaropenak jasotzen dira.

Argitalpenak Leon XIV.a Aita Santuaren Magnifica Humanitas dokumentuko hitzak jasotzen ditu, eta gogorarazten du askatasun ekonomikoari, lan-merkatuari edo teknologia berriei buruzko gaietan irizpide nagusiak beti izan behar duela guztion ongiaren eta pertsonen duintasunaren lehentasuna.

Elizaren Gizarte Doktrinaren Itsargia
Lan Duinaren Munduko Eguna pertsona migratzaileen errealitatearekin ere lotzen da, bereziki lan-prekaritateak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eragiten dietelako. Testuinguru horretan, Langile Pastoraltzak Migratzailearen eta Errefuxiatuaren Munduko Egunaren elizbarrutiko ospakizuna gogorarazten du. Ekitaldia joan den urriaren 4an egin zen, Deustuko San Pedro elizan, eta bertan Elizbarrutiko Bizkaia Isilik bilkuren hamargarren urteurrena ospatu zen.

TOpaketa

Elizaren Gizarte Doktrinaren Itsargia