Hegoak ematen dituzten begiradak
“Hegoak ematen dituzten begiradak” izan zen joan den azaroaren hemezortzian ospatutako Caritas Bizkaiako Edadetuen IV. Topaketaren izenburua. Hitzordura gure inguruko adineko pertsonei modu desberdinetan laguntzen dieten boluntarioak bertaratu ziren, betiere komunitatetik eta gertuko ingurunetik: egoitzetara joanez, etxeetara hurbilduz, telefonoz deituz, auzoan paseatzera ateraz edo parrokiako nahiz auzoko lokaletako ateak zabalduz adinekoekin jarduerak egiteko. Baina boluntario bakoitzak bere arrasto pertsonala uzten du laguntze-lan horretan, bizitza ulertzeko duen modutik, pertsona ikusteko duen modutik, azken batean, bere begiradatik.
Silvia Martínez, Deustuko Unibertsitateko Psikologia irakasle eta zahartzaroan osasunari eta ongizateari buruzko ikertzailea, izan zen topaketa gidatzeko arduraduna. Hark lagundu zuen lagundutako pertsonekiko begirada pertsonal horiek guztiak “hegoak ematen dituzten begiradekin” lotzen. Bereziki azpimarratu zuen begirada posibilista, pertsona bere gaitasun eta aukeretatik ikusten duena, mugak lehenetsi beharrean; lagundutako pertsonak bizi-proiektu bat duela aitortzen duen begirada; eta pertsonen emozioak eta ingurunearekin lotzen dituzten elementuak kontuan hartzen dituen begirada.
Topaketa Bizkaia Aretoan egin zen, BBKren laguntzari esker, eta Caritaseko hirurogeita hamar boluntario baino gehiago bildu zituen. Lan-dinamika alegiazko kontakizun baten inguruan taldeka hausnartzean oinarritu zen. Horretarako, parte-hartzeko bederatzi mahaitan elkarrizketa sustatu zuten hainbat galdera erabili ziren. Taldeek ateratako ondorioak hizlariak jaso zituen, eta amaieran bertaratutakoei gogoeta bat itzuli zien: zein garrantzitsua den laguntzen zaion pertsonaren gaitasunetan arreta jartzen duen begirada zabala mantentzea, haren ahulezietan zentratu beharrean.
Silvia Martínezek gogorarazi zuen, halaber, gaur egungo gizarte-ingurunea ez dela egokiena zahartzaroaren indarguneak ikusteko. Hala ere, taldearen, ekipoaren eta beste pertsona batzuekin batera jardutearen babesa funtsezko tresna dela nabarmendu zuen begirada hori lantzeko eta indartzeko.
Azkenik, hizlariari eta bertaratutako guztiei eskerrak eman zitzaizkien parte-hartzeagatik, eta topaketari amaiera emateko familia-argazki handi bat atera zen, hurrengo topaketara arte oroigarri gisa gordeko dena.









