Caritas Bizkaiak gaur egun izapidetzen ari diren migratzaileen erregularizazio-espedienteei erantzun arina ematea eskatzen du
-
Atzerritarren Nortasun Txartela lortzeko, bizilekua egiaztatzeko erroldatze-agiria ez ezik, baliozko edozein frogabide onartzea eskatzen du
Caritas Bizkaiak modu positiboan baloratzen du milioi bat pertsona migratzailek baino gehiagok beren administrazio-egoera erregularizatzeko aukera izan izana 2026ko apirilaren 16tik ekainaren 30era bitartean. Denbora horretan, erakundeak arreta eta aholkularitza eskaini die 1.000 pertsona baino gehiagori, eta 2.500 erantzun baino gehiago eman ditu. Era berean, 12.300 euro baino gehiago bideratu ditu laguntza ekonomiko zuzenetara, erregularizaziorako beharrezkoa den dokumentazioa eskuratzen laguntzeko. Laguntza hori guztia lurralde historiko osoan banatutako erakundearen 38 proiekturen bidez eman da. “Caritas Bizkaiatik nabarmendu nahi dugu bai pertsona migratzaileek bai boluntario eta profesional taldeek egindako ahalegina. Ezohiko erregularizazioa ez da espedienteak izapidetzea soilik izan; urte luzez administrazio-ziurgabetasun egoeran bizi izan diren pertsonei segurtasuna, laguntza eta itxaropena eskaintzea ere izan da”, azpimarratu du Iñigo Cortazar erakundeko gizarte-langileak.
Espedienteak aurkezteko legez ezarritako epea amaitu ondoren, etapa berri bati ekin zaio. Fase berri honetan, Caritas Bizkaiak bat egiten du Estatuko Caritas Konfederazioko erakunde guztiek Gobernuari egindako eskaerarekin, eta eskatzen du gaur egun izapidetzen ari diren eskaera guztiei erantzun arina ematea; pertsona migratzaileei lehenbailehen jakinaraztea behin-behineko bizileku- eta lan-baimena, eta bizilekua egiaztatzeko baliozko edozein frogabide onartzea, Atzerritarren Nortasun Txartela eskatzeko unean erroldatze-agiria aurkeztu beharrik gabe.
Oztopo nagusiak
Pertsonei laguntzeko prozesuan zehar, Caritas Bizkaiak, Estatuko gainerako Caritasekin batera, espedienteak ebazten diren bitartean pertsona migratzaileen eskubideetarako sarbidea oztopatzen duten hainbat zailtasun identifikatu ditu. Horien artean, bereziki aipagarria da “behin-behineko bizileku- eta lan-baimenaren” ematea.
Caritasen iritziz, figura hori oso beharrezkoa izan arren, eraginkortasun mugatua izateko arriskua dago; izan ere, izapidetze-prozesuaren hasieraren jakinarazpenak —une horretan ematen baitira behin-behineko baimen horiek— gehiegi atzeratzen ari dira izapidetzeko eta interesdunei jakinarazteko garaian. Horrek ziurgabetasuna eta kezka sortzen ditu pertsonengan.
Bestalde, Caritasek ikusten du enplegatzaile askok zalantzak dituztela behin-behineko lan-baimena duten pertsonak kontratatzeko orduan, figura horren ezagutza faltagatik, bai eta haren indarraldiari eta baliozkotasunari buruzko zalantzen ondorioz ere. Erakundeak aldarrikatzen du baimen horiek guztiz baliodunak direla Gizarte Segurantzan alta emateko —nahiz eta aldi baterako izaera izan—, eta automatikoki baliozkotuko direla behin betiko baimen gisa, pertsonak aste batzuk barru behin betiko baimena jasotzen duenean.
Halaber, atzerritar batek eskaeraren behin betiko ebazpen ezezkoa jasotzen badu, pertsona horren betebeharra izango da enplegatzaileari lan egiteko baimena amaitu dela jakinaraztea. “Eskaerak erregistratzeko fasea amaitu ondoren ere, Caritas Bizkaian pertsona migratzaileei laguntzen jarraituko dugu haien espedienteak izapidetzen diren bitartean, bizitzeko eta lan egiteko duten eskubidea benetan aitortua izan dadin bermatzeko”, adierazi du Susana Cuesta erakundeko zerbitzu juridikoko koordinatzaileak eta Estatuko Caritas Konfederazioko talde juridikoko kideak.





