Caritas Bizkaiak “Darte te renta. Eman eta hartu, biak batu” kanpaina aurkeztu du, boluntariotza banakako eta kolektiboko eraldaketaren motor gisa aldarrikatuz
-
Caritas Bizkaiak azpimarratu du boluntariotzak bizi-ibilbideak aldatzen dituela zailtasunak bizi dituzten pertsonengan, eta, aldi berean, inplikatzea erabakitzen dutenak ere eraldatzen dituela, loturak, zentzua eta koherentzia pertsonala sortuz.
-
Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren lankidetza du, eta Caritas Bizkaiaren proiektu desberdinetan egunero eta etengabe parte hartzen duten milaka lagunen konpromisoari aurpegia jartzen dio.
Basauriko Ariz auzoko Prestakuntza Lan aurreko Tailerrean, Jesusek enplegurako jauzia prestatzeko dagoen pertsona bati ematen dio bide-laguntza: ariketak zuzentzen ditu, hizkuntza indartzen du, entzun egiten du. 75 urte ditu eta erretiroa hartu ondoren hasi zen boluntariotzan. “Jasotako pribilegioak gizarteari itzultzeko obligazioa sentitzen nuen”, dio. Bertako espazioak prestakuntza teknikoa ez ezik, lan-ohiturak, oinarrizko gaitasunak eta laguntza pertsonalizatua lantzen ditu, bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzea errazteko. Hamar urte baino gehiago igaro ondoren, Jesusek konbentzituta jarraitzen du inplikatzea errealitateak eraldatzeko modu zehatza dela.
Halako istorioek egituratzen dute “Darte te renta. Eman eta hartu, biak batu” kanpaina berria. Ekimenak boluntariotza benetako eraldaketa sozialerako tresna gisa aldarrikatu nahi du, eta pertsonetan jartzen du fokua, bai laguntza jasotzen dutenengan, bai laguntzen dutenengan duen eraginean.
Txikitatik boluntariotzari lotuta, 25 urteko Iratik Otxarkoagako Namasté proiektuan parte hartzen du, gazteekin eta familiekin lan eginez gaitasun pertsonalak indartzeko eta bazterketa prebenitzeko elkarguneak sortzeko. “Mundura partekatzeko eta laguntzeko etorri gara”, dio.
Arrigorriagan, Arantzak eta Robertok harrera arloan ematen dute bide-laguntza, Caritas Bizkaiaren sarrera nagusian: bertan entzun, orientatu eta zailtasun ekonomiko edo sozialak dituzten pertsonen laguntza-prozesua hasten da. Biak erretiroa hartu ondoren hasi ziren. “Beti pentsatu dugu zerbait egin behar genuela laguntzeko”, diote, eta gehitzen dute: “Gure ondoan daudenen zoriona bilatzeak zoriona ere ekartzen digu”.
Ibonek, Zallako irakasleak, pandemiaren ondoren erabaki zuen haurren gizarte‑hezkuntza arloko laguntza proiektuan parte hartzea. Adingabeei eta haien familiei ematen die bide-laguntza, ikaskuntza, autoestimua eta aukera-berdintasuna indartuz. “Bizitzak alda ditzakegu. Izan ere, aldatzen ditugu”, azpimarratzen du.
Yessenia Bilboko zerbitzu juridikoko kidea da, eta atzerritartasunari, etxebizitzari edo gizarte-eskubideei buruzko orientazioa eta aholkularitza eskaintzen du. Arlo sentikor batean, ezagutza teknikoa eta gertutasun gizatiarra uztartzen ditu, pertsonek beren eskubideak informazio zehatzarekin baliatu ahal izateko.
Iker, 2023tik Erandioko Taupadak proiektuko boluntarioa, hausnarketa eta prestakuntza bultzatzen dituen espazio batean parte hartzen du, Caritasen balioak indartzeko eta eguneroko praktiketan txertatzeko. Boluntariotza “bizimodu bat, jarrera existentzial bat” dela dio, eta gaineratzen du: “Duzun herriaren eta nahi duzunaren arteko aldea zeu zara”.
Norabide bikoitzeko eragina
“Darte te renta. Eman eta hartu, biak batu” kanpainarekin, Caritas Bizkaiak azpimarratzen du boluntariotzak bi norabidetan eragiten duela: zailtasunak bizi dituzten pertsonen bizi-ibilbideak aldatzen ditu eta, aldi berean, inplikatzen direnak ere eraldatzen ditu, loturak, zentzua eta koherentzia sortuz.
Gaur egun, 1.800 boluntario inguru ari dira Caritas Bizkaiaren jarduera sostengatzen lurraldean, eta azken urtean ia 280 pertsona berri gehitu dira. Horietatik %78 emakumeak dira, boluntariotzaren profila historikoki markatu duen konpromiso sozialaren isla. Zenbakiez harago, boluntario bakoitza harreman bat, partekatutako prozesu bat eta eraldaketarako aukera bat da.
Gizartearen testuinguru ziurgabe eta gero eta indibidualago batean, Caritas Bizkaiako koordinatzaile Mavi Laisekak adierazi du: “Boluntariotza pertsonak eraldatzen dituen eta gure gizartea indartzen duen esperientzia da. Ez du soilik behar handiena dutenak laguntzen; zu ere eraldatzen zaitu. Denbora partekatzen duzunean, besteak hazten dira eta zu ere hazten zara. Horregatik diogu ‘Darte te renta. Eman eta hartu, biak batu”.
Kanpainak gonbidapen argia egiten dio Bizkaiko gizarteari: “Inplikatzeak merezi du. Denbora emateak ez du kentzen; aukerak biderkatu eta sare soziala indartzen du”.











