Caritas Bizkaia-k 620 pertsona baino gehiago aholkatu ditu dagoeneko aparteko erregularizazio-prozesuan
Caritas Bizkaia-k dagoeneko 620 pertsona baino gehiago lagundu ditu Gobernu zentralak bultzatutako atzerritarren aparteko erregularizazio-prozesuan. Prozesu hori apirilaren 16an jarri zen indarrean. Erakundearen ustez, “neurri honek justizia sozialarekin eta eskubideen benetako aitortzarekin du zerikusia; izan ere, kasu askotan, pertsona horiek urteak daramatzate gure gizartean bizitzen eta lanean, administrazio-segurtasunik gabeko egoeran”.
Caritas Bizkaia-ren parte-hartzea aktiboa izan da Real Dekretuaren izapidetzean, prozeduraren bermeak indartzera bideratutako ekarpenak eginez, batez ere eskatzen den dokumentazioa eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat. Prozesua hasi zenetik, erakundeak laguntza- eta aholkularitza-lana egiten ari da; besteak beste, izapidetze-prozesuaren baldintzei eta faseei buruzko informazioa emanez, zaurgarritasun-ziurtagiriak lortzen lagunduz, dokumentazioa berrikusiz, aurrez aurreko hitzorduak kudeatuz eta zaurgarritasun handieneko pertsonen espedienteak telematikoki tramitatuz.
Caritas Bizkaia-k ohartarazi duenez, “erregularizazio honetara jo dezaketen pertsona askok administrazio-, ekonomia- eta gizarte-oztopo handiak dituzte, eta horrek prozedurara sartzea zailtzen du. Horregatik, funtsezkoa da prozesu irisgarri, segurua eta laguntza nahikoa izango duena bermatzea, pertsona zaurgarrienak kanpoan gera ez daitezen”.
Elizbarrutiko erakundeak gogorarazi du, gainera, eskubideak zabaltzeak eta administrazio-egonkortasuna eskaintzeak ondorio positiboak dituela gizarte osoan. Ildo horretan, honakoa defendatu du: “gizarteratze- eta laneratze-prozesuak sustatzeak gizarte kohesionatuagoa, berdinzaleagoa eta ongizate kolektibo handiagokoa eraikitzen laguntzen du”.
Caritas Bizkaia-k orientazioa eta laguntza eskaintzen jarraituko du datozen hilabeteetan prozesu honetara batu nahi duten pertsonentzat.







