Berriak17/06/2026

Caritas Bizkaia kalean, edadetuen aurkako tratu txarren kontra

Laugarren urtez jarraian, Caritas Bizkaiako Edadetuen eta Zahartzearen Arloak adinekoen aurkako tratu txarren eta abusuen aurkako kontzientziazioaren Nazioarteko Eguna sustatu du. NBEk 2011n ezarritako egun honek herritarrak sentsibilizatzea du helburu, adinekoen aurkako tratu txarren arazoaren eta hori prebenitzearen beharraren inguruan.

Caritasek bere kanpaina propioa egiten du, oraingoan “Ireki Atea Tratua Onari. Zuk duzu giltza” lelopean. Maiatzean zehar sentsibilizazioa sustatzen da, eta parte hartzera gonbidatzen dira egoitzak eta eguneko zentroak, adinekoen taldeak, haurren proiektuak, gizarte-erakundeak eta zerbitzuak, katekesi taldeak, parrokiako taldeak, eta abar. Oraingoan, atea eta giltza dira kanpainaren elementu nagusiak: ireki beharreko atea, tratu onarena; eta ate hori irekitzeko beharrezkoak diren ekintzak adierazten dituzten giltzak. Giltza bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzaren pentsamendua dago, eta guztiak elkarrekin proposamenen giltzatako koloretsua osatzen dute.

Amaiera ekitaldia ekainaren 15ean, kanpainaren oroitzapen egunean bertan, egin zen. Aurten Deustuko San Pedro plazan izan da, eta bertan herritarrak ere parte hartzera gonbidatu ziren, kanpaina kalera ateraz. Une horretan giltza guztiak erakutsi, aurkeztu eta ikusgai jarri ziren, eta aurtengo manifestuaren berri eman zen; manifestuak honetara gonbidatzen gaitu: “nola bizi garen elkarrekin, nola begiratzen dugun, nola zaintzen dugun eta nola tratatzen ditugun gure bizitzan eta gizartean dauden adineko pertsonak hausnartzera”.

Horrela, Nath Verenzuela Salazarrek (Caritaseko Gandarias Etxeko proiektuko gazte batek) diseinatutako ate berezi baten bi aldeetan, Basauriko Danbolin taldeko txistulariek arratsaldea girotzen zuten bitartean, 750 giltza baino gehiago jarri ziren. Giltza horiek Bizkaiko hainbat lekutan bildu ziren, eta adin guztietako pertsona askok eta erakunde ugarik parte hartu zuten. Herri irratiko esatari Koldo Campok gidatutako ekitaldi xumeak Deustuko kaleetara eraman zuen adinekoen errealitatearen eta beharrei buruzko sentsibilizazioa. Toti Martínez de Lezea idazleak, bere hitzaldian, adierazi zuen askotan “gizarteak berak baztertzen dituela” adinekoak.

Idazleak kanpainarako prestatutako azken manifestua irakurri zuen, eta bertan azpimarratzen da, besteak beste, “adinekoen aurkako tratu txarra ez dela gai pribatua: bidegabekeria soziala eta guztion ardura da” eta “adinekoei tratu ona ematea giza duintasuna defendatzea dela”.

Eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi hau posible egin zuten talde eta erakunde guztiei: Caritaseko arlo ezberdinetako proiektuei, Deustuko Pastoral Barrutiari, Bilboko Elizbarrutiari, Santa Marina Ospitaleari, Babesten taldeari, IMQ Igurcori, Miserikordiaren Etxe Santa eta Errealari, Mungiako San José Etxe Alai egoitzari, Portugaleteko San Joan Bataiatzaile Gloriosoaren Ospitale Santuaren Fundazioari, Sasoiko-ri (BBK), Adaka-ri, Gazteria Portugalete-ri, Manuel Calvo Fundazioari, Creando Futuro-ri, Altxagako Jubilatuen Elkarteari, Nagusiak-i, Bizkaiko Adinekoen Kontseiluari, Koopera-Zaintzalaneri, Zaintzeari, Zallako Eguzki Egoitzari… eta modu anonimoan lagundu duten hainbeste pertsona eta talderi.