Caritas Bizkaia-k 70. urteurrena ospatu du, milaka pertsonaren konpromisoa aitortuz eta gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa aldarrikatuz
- 1.200 pertsona baino gehiago bildu dira Euskalduna Jauregian, pobrezia, zaurgarritasun eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei laguntzen emandako zazpi hamarkadak ospatzeko.
- Erakundeak gizarte bidezkoago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko beharra aldarrikatu du, etxebizitza duina, kalitatezko enplegua eta gizarte-eskubideak pertsona guztiei bermatuko zaizkien gizartea eraikitzeko.
- Ekitaldian izan dira Elena Unzueta, Caritas Bizkaia-ko zuzendaria; Joseba Segura, Bilboko gotzaina; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko ahaldun nagusia; bai eta hirugarren sektoreko erakundeak, fundazioak, elkarteak eta enpresa laguntzaileak ere.
Caritas Bizkaia-k 70. urteurrena ospatu du asteazken honetan Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldi berezi batekin, “Etorkizunera begira” lelopean. 1.200 pertsona baino gehiago bildu dira topaketa horretan: boluntarioak, bazkideak eta emaileak, laguntza jasotzen duten pertsonak, talde profesionalak, erakundeetako ordezkariak, hirugarren sektoreko erakundeak, fundazioak, elkarteak eta enpresa laguntzaileak, baita Bizkaiko Elizaren ordezkariak ere.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Elena Unzueta, Caritas Bizkaia-ko Zuzendaria; Joseba Segura, Bilboko Gotzaina; Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea eta Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Ahaldun Nagusia.
Ospakizunak azken zazpi hamarkadetan egindako ibilbidea gogoratzeko, bide hori posible egin duten pertsona guztien konpromisoa eskertzeko eta gaur egungo nahiz etorkizuneko gizarte erronkei begiratzeko balio izan du. Aitorpenez eta esker onez beteriko urteurrena izan da, baina, aldi berean, Bizkaian oraindik ere dirauten pobrezia- eta bazterketa-egoerei erantzuten jarraitzeko beharra agerian utzi du.
Joseba Segura, Bilboko Gotzainak nabarmendu du garrantzitsua dela Caritas Bizkaia-k zazpi hamarkada hauetan egindako lana aitortzea eta Elizak zailtasun handienak bizi dituzten pertsonekiko duen konpromisoa berritzea. “70 urte hauen ospakizunak hainbeste pertsonaren konpromisoa eskertzera gonbidatzen gaitu, eta elkartasunak ezin duela premia larrienei erantzutera mugatu gogorarazten digu. Karitateak ezin du justiziari dagokiona estali. Etxebizitza duina, lan duina eta eskubideak benetan baliatzeko aukera behar ditugu. Bizkaiaren etorkizuna elkar zaintzeko dugun gaitasunaren araberakoa ere izango da, nondik gatozen gorabehera”, adierazi du.
Elena Unzueta, Caritas Bizkaia-ko zuzendariak, berriz, elkartasun- eta laguntza-ibilbide hau eraikitzen lagundu duten milaka pertsonen balioa azpimarratu du. “70 urte betetzea, batez ere, eskerrak emateko aukera da. Eskerrik asko, hamarkada hauetan, beste pertsonen sufrimenduaren eta zailtasunen aurrean ezikusiarena ez egitea erabaki duten guztiei. Historia hau ezin da ulertu besteak lagundu, entzun eta zaindu dituztenen eta gizarte bidezkoago baten alde lan egin dutenen konpromisorik gabe”, adierazi du.
Gizarte-kohesioa helburu
Urteurrenak Caritas Bizkaia-k gizarte-kohesioari egindako ekarpena nabarmentzeko ere balio izan du. Gizarte-kohesioa berehalako beharrei erantzuteaz harago doan konpromisoa da, eta eskubideak, aukerak eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen gizarte-eredu baterantz aurrera egitea eskatzen du.
Erronka nagusien artean, erakundeak etxebizitza, lan duina, giza- eta ingurumen-jasangarritasuna, elkar zaintza, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea nabarmendu ditu.
Etxebizitza gizarte-bazterketako faktore nagusietako bat bihurtu da. Izan ere, etxebizitza eskuratzeko eta bertan jarraitzeko zailtasunek gero eta pertsona eta familia gehiagori eragiten diete. Arlo horretan, Bizkaiko Elizak gizarte-alokairurako 200 etxebizitza baino gehiago ditu.
Etorkizunera begira, konpromiso partekatutik
“Etorkizunera begira” lelopean, Caritas Bizkaia-k berretsi egin du¡ instituzioekin, gizarteerakundeekin eta herritar guztiekin elkarlanean eta sarean lanean jarraitzeko borondatea, gizarte bidezkoago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko.
Duela hirurogeita hamar urte ibilbideari ekin zionetik, erakundeak urte hauetan guztietan eraiki duen bidea ospatu du, elkartasuna ingurunearekiko konpromiso bihurtu duten milaka pertsonaren ekarpenari esker. Ibilbide horrek aurrera jarraitzen du, premia handiena duten pertsonei laguntzeko eta Bizkaia bidezkoago bat eraikitzen laguntzeko helburuarekin, pertsona guztiek beren bizi-proiektuak duintasunez garatu ahal izan ditzaten eta inor bazterrean gera ez dadin.
Bi abiadurako gizartea
Caritas Bizkaia-k ohartarazi du pobrezia, zaurgarritasuna eta gizarte bazterketa oraindik ere presente daudela desberdintasun sakonek markatutako gizarte batean. Errealitate hori, kasu askotan, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da, eta bizi-baldintza duinak lortzeko zailtasunak dituzten pertsona eta familiei eragiten die.
Erakundeak agerian utzi du enplegua izateak ez duela, berez, pobreziatik ateratzea bermatzen. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunek, lan-prekaritateak eta gizarte-eskubideak osorik baliatzeko oztopoek biztanleriaren zati bat aukeretatik eta ongizatetik kanpo uzten dute oraindik ere.
Testuinguru horretan, gizarte-kohesioa indartzearen eta bazterketaren arrazoiei heltzeko erantzun partekatuak sustatzearen garrantzia azpimarratu du, ondorioei erantzuteaz harago.
Laguntza-lanari esker, ia 12.000 pertsonari eman zien arreta 2025ean
Caritas Bizkaia-ren jarduna zaurgarritasun-egoera desberdinetan dauden pertsonei laguntzen dieten proiektu eta zerbitzuen sare zabal batean gauzatzen da. 2025eko urteko memoriaren arabera, erakundeak ia 12.000 pertsonari eman zien arreta Bizkaian, 248 proiekturen bidez.
Haren esku-hartzeak hainbat arlo hartzen ditu barne: harrera integrala, enplegua eta ekonomia solidarioa, etxerik gabeko pertsonentzako arreta, sustapen soziala eta pertsonala, familiei, haurrei eta adinekoei laguntzea, bai eta aholkularitza juridikoa eta laguntza psikologikoa ere.
Lan hori 1.805 boluntarioren eta 149 profesionalen konpromisoari esker egiten da. Gainera, 2025ean, 225 pertsona batu ziren erakundeko boluntario-taldeetara. Laguntza-sare hori Caritas Bizkaia-ren zutabe nagusietako bat da, eta arreta hurbila eta jarraitua eskaintzea ahalbidetzen du.
“Bi abiadurako gizarte batean bizi gara. Biztanleriaren zati batek aukerak eta ongizatea dituen bitartean, beste zati batek oztopoei aurre egin behar die, eta horiek zaildu egiten diote gizartean parte hartzea eta eskubideak baliatzea. Badira pobrezia heredatzen duten familiak eta lana izateak pobreziatik ateratzea bermatzen ez dien pertsonak. Errealitate horrek lanean jarraitzera behartzen gaitu, baina baita eraikitzen ari garen gizarte-ereduari buruz hausnartzera ere”, adierazi du Unzuetak.
Erakundearen zentroak eta proiektuak laguntza, prestakuntza, orientazio soziala eta laborala, topaguneak eta ingurune komunitarioarekiko harremanak sustatzeko espazioak ere badira. Lan horrek gizarte-loturak sendotzen eta pertsonek beren komunitatean parte hartzea bultzatzen laguntzen du.





