Berriak • 16/11/2026

Bizkaiak Pobreen Munduko Eguna ospatu du

Abegi egin, babestu, sustatu eta txertatu. Lau aditz horien bidez ospatu du Bilboko Elizbarrutiak Pobreei X. Munduko Eguna, «Jauna da errukarriaren gordeleku» lelopean.

Bere mezuan, Pobreeen Munduko Egunerako, Leon XIV.a Aita Santuak dei egiten du «pobreentzat babesleku bihurtzen den Eliza pobre bat» eraikitzera. Aldi berean, salatzen ditu gizarte-injustiziak, aurreiritziak eta sufrimenduan dauden pertsonenganako axolagabekeria.

Elizbarrutiak nahi du dei hori parrokia eta talde guztietara iristea. Era berean, aldaketa pertsonal eta komunitariorako bide izan dadin ere nahi du.

Helburua da «etxe eta babesleku» izango diren komunitateak eraikitzea, guztion artean altxatuak eta pertsona guztiei irekiak.

Material espezifikoak

Gaia lantzeko, taldeentzako hausnarketa eta elkarrizketa-gidoi bat prestatu da. Horrez gain, gazteentzako proposamen berezi bat eta otoitz bat ere eskainiko dira. Material guztiak eskuragarri daude esteka honetan, deskargatu eta libreki erabiltzeko.

Hausnarketak jardunaldiaren ondoren ere jarraituko du. Azaroaren 19an, ostegunez, 18:30ean, Manu de las Fuentesek, Bilboko Errekalde auzoko presbiteroak, «Lekukoak pobreekin bizitzen» hitzaldia eskainiko du Elizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuaren (ETPI/IDTP) programaren barruan. Gainera, Barrian (Plaza Barria, 4, Bilbo) egingo den topaketak aukera emango du Aita Santuaren mezua barneratu eta sakontzeko.