A25: Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna
Azaroaren 25a dela eta, Caritas Bizkaiatik gure konpromisoa adierazi nahi dugu indarkeria matxista mota guztiak desagerrarazteko, eta gogorarazi nahi dugu ez gaudela arazo indibidual baten edo gertaera isolatuen aurrean, baizik eta oraindik ere gure gizartean irauten duten desberdintasunean sustraituta dagoen errealitate baten aurrean.
Emakumeen aurkako indarkeria botere-harreman batzuen adierazpen larrienetako bat da. Harreman horiek diskriminazioak, nagusitasunean eta kontrolean oinarritutako jokabideak eta erantzukizunen zein zaintzen banaketa desorekatu bat erreproduzitzen jarraitzen dute.
Datuek argi erakusten dute errealitate honen dimentsioa. Ertzaintzaren arabera, 2026ko urtarriletik irailera bitartean, 4.814 emakume izan dira indarkeriaren biktima Euskadin. Bizkaian, urteko lehen seihilekoan, 2.446 emakume biktima zenbatu ziren. Kopuru horiei gehitu behar zaizkie 2004tik gure lurraldean erregistratutako 39 hilketa matxistak.
Egoera honen aurrean, ez da nahikoa erasoak gertatzen direnean gaitzestea. Beharrezkoa da, era berean, desberdintasuna betikotzen duten jarrerak eta jokabideak identifikatzea eta zalantzan jartzea, askotan normalizatuta egoten baitira, eta prebentziotik eta heziketatik lan egitea errespetuan, askatasunean eta elkarrekiko aitortzan oinarritutako harremanak eraikitzeko.
Gure Leon XIV.a Aita Santuak azpimarratu du emakumeen aurkako indarkeria-ekintza bakar bat ere ez dela gutxietsi behar, eta salatu du oraindik ere desberdintasunak elikatzen dituen pentsamolde matxistak bizirik dirauela. Era berean, gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeriak «gizateria osoa zauritzen» duela.
Kristau komunitate gisa eta gizarte-eraldaketarekin konprometitutako eragile gisa, Caritas Bizkaiak ezinbestekotzat jotzen du indarkeria pairatzen duten emakumeak entzutea eta laguntzea, ingurune seguruak sortzea eta diskriminazio edo nagusitasun mota oro onartuko ez duen kultura baten eraikuntzan laguntzea. Izan ere, indarkeria matxista desagerraraztea gizarte osoari dagokion erantzukizuna da.





