Gizalegezko Lanaren Eguna 2025
Barriro be, urriaren 7an, “Eleiza Gizalegezko lanaren alde” (EGL) rkimrna sustatzen dogun erakundeok bat egin dogu mundu osoko miloeka langileakaz Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Eguna ospatzeko. Egun honetan, oinarrizkoa dan zerbait aldarrikatzea dagokigu: gizalegezko lana nahitaezko eskubidea da, sekula ez pribilegioa.
Mingarria da, 2025ean aurrera goazala, hamarkadetako langile eta gizarte borroken ostean, oraindik ozen eskatu behar izatea laneko oinarrizko baldintzak: soldata duina, lantoki seguru eta osasungarria, ordutegiak eta oporrak errespetatu, genero, jatorri edo egoera administratiboagatiko bereizketarik ez egin Laneko baldintzen hobekuntzan esku-hartzen daben eragile guztien alkarrizketari jarraipena emoteko eskatzen dogu gizalegezko lana lortu arte.
Gaur egun sortzen dan lanak beti ez dakar inklusinorik. Gazteek, emakumeek, adin txikikoak euren ardurapean dabezan familiek eta migratzaileek gero eta arrisku gehiago dabe, lana izanda be, pobretasuna eta gizarte bazterketa jasateko. Bidegabekeria honen aurrean, Frantzisko aita santuak 2025eko Jubileuaren hasieran itxaropenari bizirik eusteko egin euskun deia gogoratuko dogu: itxaropen eraginkorra aldarrikatu eban aita santuak, amore emoten ez dauan, bertan behera itzi ordez, antolatu, salatu eta aukerak emoten dituan itxaropena.
Itxaropenaren Jubileuan, lan-eremuko egoerarik mingarrienetako baten jarri gura dogu arreta: langile migratzaileena. Behar-beharrezkoa da honako hau gogoratzea: Europako Banku Zentralaren arabera, langile migratzaileak izan dira azken bosturtekoan Espainian izan dan ekonomia-hazkundearen %80aren arduradunak. Langileen %13,6 baino ez badira be, azken urtean sortutako lanpostu barrien ehuneko berrogeitan izan dira protagonista. Ekarpen hau, ostera, ez dator bat ez jasoten daben gizarte autorpenagaz ez euren lanpostuaren kalitateagaz, askotan behin-behinekotasuna da-eta nagusi. Ezinbestekoa da migratzaileen ekarpena autortzea eta duin bihurtzea.
Honen haritik, 2024ko apirilaren 9an Diputatuen Kongresuak ezohiko erregulazinorako Herri-ekimen Legegilea aintzat hartzea aho batez onartu ebala gogoratzea komeni da. Urtebeteren buruan, prozesua geldituta dago, duintasunez bizirautea gura dauan ehunka mila lagun ikusezintasunera eta ezkutuko ekonomiara kondenatuz.
Herri honetan bizi garan lagunok, bertokoak izan ala ez, gizalegezko lana izateko eskubidea dogu: gizon eta emakume guztien duintasuna agertzen dauan lana, askatasunez aukeratutakoa, gizarte garapena dakarrena, bereizketa bako errespetua bermatzen dauana, familiaren euskarri dana, antolaketa- eta adierazpen-eskubidea autortzen dauana, oreka pertsonal eta espirituala ahalbidetzen dauana eta erretiroan baldintza zuzenak ziurtatzen dituana (Ik. Caritas in veritate). Duintasuna emoten, gizartean txertatzen, anai-arreba lez alkar zaintzen, eta itxaropenean eta bat eginda bizitzen laguntzen dauan lana. Justizia aldarrikatzen dogu. Gizatasuna eskatzen dogu. Gizalegezko lana eskatzen dogu: Eskubidea, ez pribilegioa.
Iturria: Gizalegezko Lanaren aldeko eliza