FOESSAk eta Caritasek Euskadin COVID-19ak sortutako krisiaren gizarte-erradiografia osoa aurkeztu dute
Ondorio sozioekonomikoek 199.000 pertsona bazterketa-egoera larrian utzi dituzte eta Euskadin desberdinkeriaren arrakalak sakondu dira
Gizarte-haustura bost arrakala handitan oinarritzen da: jatorria, generoa, diru-sarrerak, adina eta teknologia
- Gizarteratze-tasa altuak mantentzen dira, baina bazterketa-egoera larriak indartsu egiten ari dira gora. Dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan, beraz, Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakonagoa da.
- COVID-19ak lan-merkatua astindu du: 115.000 etxe ekonomikoki lan-ezegonkortasun larria duen pertsonaren mendekoa da.
- Gizarte-haustura bost arrakala handitan oinarritzen da: diru-sarrerak, generoa, jatorria, adina eta teknologia.
- Diru-sarrera handienak eta txikienak dituzten herritarren arteko aldea ehuneko 18tik gora areagotu da eta hazkuntza 2008ko krisian izandakoa baino handiagoa da.
- Genero-arrakala guraso bakarreko etxeetan bereziki larria da, baldin eta buru emakumea bada. Talde horretan gizarte-bazterketaren eragina % 32 inguru da.
- Burua atzerritarra den 10 etxetatik ia 6 bazterketa-egoeran dago.
- 30 urtetik beherakoetan bazterketa-tasa batezbestekoa baino 1,5 aldiz gehiago da eta 65 urtetik gorakoetan baino hamar aldiz gehiago.
- Itzalaldi digitalak zailtasun larriak dakarzkie 24 mila familiei.
Caritas. 2022ko otsailaren 24an.- «Exclusión y desarrollo social en Euskadi» (Bazterkeria eta Garapen Soziala Euskadin) izenburupean, Cáritasek eta Foessa Fundazioak (Fomento de Estudios Sociales y de la Sociología Aplicada) Bilbon pandemiak sortu duen lehenengo gizarte-erradiografia osoa aurkeztu dute.
Aurkezpena Raúl Flores Cáritasko azterketa-lantaldeko koordinatzaileak eta FOESSAko idazkari teknikoak, Ana Sofi Telletxea Cáritas Bizkaiko Gizarte Errealitatearen Behatokiko arduradunak eta Joseba Zalakain SIISko (Eguía Careagako Fundazioko Dokumentazio eta Azterketen Zentroa) zuzendariak egin zuten.
Ikerketa-lan honen emaitza nagusiei erreparatuz, gure erkidegoan gizarte-kohesioak inoiz ez bezalako “shocka” jasan du SARS CoV-2ren agerraldia dela bide jarduera ekonomikoak eta enpleguak izandako tentsioaren ondorioz.
Aurkeztutako txostena eta “Evolución de la cohesión social y consecuencias de la covid-19 en España” (gizarte-kohesioaren bilakaera eta covid-19aren ondorioak Espainian) txosten orokorra 10 unibertsitatea eta ikerketa erakundetako 30 ikerlarik garatu dute. Inkestetarako lantalde profesionala 150 pertsonak osatu dute, eta 90.000 ate baino gehiago jo ditu Estatuan eta 7.000 Euskadin. Hala, Estatuko ia 19.000 pertsonen eta Euskadiko 1.500 pertsonen informazioa jaso dute, Estatuko 7.000 etxeetan eta Euskadiko 600 etxetik gorakoetan.
Gizarteratze-tasa altuak mantentzen dira, baina bazterketa-egoera larriak indartsu egiten ari dira gora. Dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan, beraz, Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakonagoa da
Euskadiko biztanleen % 16,3 gizarte-bazterketaren egoeran dago, hau da, gutxi gorabehera 6 biztanletik 1. 360.000 pertsona inguruk gizarte-bazterketa jasaten du, hots, bizi-baldintzetan dirurik ezak (pobrezia) baino gehiagok eragiten dute, besteak beste, honako hauek: enpleguarekin, diru-sarrerekin eta, beraz, kontsumo-gaitasunarekin arazoak; legezkotasunera, hezkuntzara, osasunera eta etxebizitzara iristea; gizarte-loturen arazoak, hala nola bakardadea edo gizarte-gatazka.
Ikuspegi globaletik Euskadin gizarteratze-tasa altuak (% 56,5) mantentzen dira, baina sendo doaz gorantz bazterketa-egoera larriak, eta dagoeneko 199.000 pertsona daude egoera horretan. Talde horren barruan bereziki kezkagarria da ‘gizarte kanporatua’ (arazo gehienak dituztenak) deritzogunen egoera. Gizarte-bazterketa larriaren muturrean ageri dira. 2018. urtean 20.000 pertsona baziren, 2021ean 100.000tik gora iritsi dira.
Krisi honetan Euskadin desberdinkeriaren arrakala sakondu da, eta alderdi hori bereizgarria da. Covid-19aren kalteturik nabarmenenak pertsona eta familiarik ahulenak eta kalteberenak dira. Talde horiek dagoeneko krisiaren aurretik kalteberatasunaren eta gizarte-bazterketaren egoeran zeuden.
COVID-19ak lan-merkatua astindu du
Osasun-krisian lan-prekarietatea biderkatu da, eta 115.000 etxera baino gehiagora zabaldu da. Etxe horietan familia pertsona batek eusten du nagusiki, eta lan-ezegonkortasun larrian dago. Hala, azken urtean honako egoera hau izan dute: 3 hilabete edo gehiago langabezian, 3 kontratu edo gehiago, 3 enpresetan ala gehiagotan.
2018an Euskadin egoera horretan % 2,3 etxe zeuden; 2021ean, ordea, % 12,9. Modu horretan, Espainian egoera horien eragina (etxeen % 10,3) gainditu da.
Krisialdian, etxea eusten duen pertsona luzaroan langabezian egotea 3 aldiz biderkatu da, eta 48 mila familiara baino gehiagora iritsi da. Erabateko familia-langabezia, berriz, biderkatu da 80 mila familiara iritsi arte.
Ondorio garrantzitsuak etxebizitzan eta osasunean
Bizitegi-bazterketaren egoerak areagotu dira, eta etxebizitza duina lortzea familia askorentzat eskubide eskuraezin bihurtu da. Segurua eta egokia ez den etxebizitzan bizi dira eta haien baliabide ekonomikoetan nabarmenki eragiten du.
- Gero eta biztanle gehiago daude etxebizitzan gehiegizko gastuekin. Alokairua edo hipoteka ordaintzen dutenean, 113.000 familia pobrezia-egoera larrian gelditzen dira.
- 39.000 familia segurtasunik ez duten etxebizitzan bizi dira, hau da, prekarioan daude eta kaleratzeko mehatxua dute edo kideak segurtasun gabeziaren egoeran ageri dira (etxeko indarkeria).
- 52.000 etxek ez dute etxebizitza egokirik, hots, eraikuntzan, horniduretan edo kokapenean (ingurune degradatua), eta abarrean gabeziak larriak dira.
Osasunaren arloan, arazorik aipagarrienak sendagaiak eskuratzearekin zerikusia du. Arazo ekonomikoak edo etxean adin nagusiko guztien mendekotasun-egoerak direla eta, ezin dituzte lortu.
- Diru-sarrerak murriztu direnez, 64.000 etxetan (Euskadiko guztien % 7) ezin dute sendagairik, tratamendurik edo dietarik eskuratu, arazo ekonomikoak dituztelako. Errealitate hori izugarri gehitzen da bazterketa-egoeran dauden etxeetan, hemen 10etik 4tan (% 40).
Gogo-aldartea eta osasun mentala bizi-kalitaterako funtsezko elementuak dira.
- Euskadiko biztanleen % 49,3rentzat gogo-aldarteak pandemiaren ondoren okerrera egin du, konfinamenduaren aurrekoarekin alderatuz gero.
- Familien % 14k osasun mentaleko nahasmendua diagnostikatua duen kideren bat du, 2013ko % 13ren aldean.
Pandemiak isolamendua areagotu du, eta etxeetan elkarren arteko laguntza-sareak ahuldu ditu
Halaber, krisiak bere aztarna utzi du harremanetan. Isolamendu-arazoak gehitu dira, batez ere pertsona kalteberenen artean. Isolamenduaren ondorioz, gero eta etxe gehiago daude pertsona bakarrarekin, eta gaixotasun- edo zailtasun-egoerak dituztenean ez dute babesik. 45 mila pertsona daude horrela.
Etxeko kideekin harremanak arinki ahuldu dira; etxeen % 15ean, ordea, harreman horiek lagunekin ahuldu dira, beraz, kasu horietan ondore bizia hauteman da.
Dena den, elkarren arteko laguntzak dira gehien jaitsi direnak, hain zuzen ere, 2018ko % 76tik 2021eko % 44ra. Beraz, laguntzen dutenen eta lagundutakoen pisua handitu egin da, bai eta laguntzen ez dutenena eta laguntzarik jasotzen ez dutenena ere.
Euskadin gizarte-bazterketa dakarten desberdinkeriaren bost arrakalak
- DIRU-SARRERAK
Diru-sarrera handienak eta txikienak dituzten familien arteko arrakala areagotu da. Talde ukituenak dira emakumeak, adingabeak ardurapean dituzten familiak, gazteak eta etorkinak.
Langabezia gehitu arren, etxeek diru-sarrerei eusten diete, baina familien desberdinkeria gehitu da, errentari eta gizarte-bazterketari erreparatuz gero.
Etxeetan diru-sarreren iturri nagusiak lan-errentak direnez, osasun-krisiak desberdinkeria areagotu du. Errentari erreparatuz, txostenak azaldutakoaren arabera, diru-sarrera gehienak eta gutxienak dituzten biztanleen arteko aldea ehuneko 18 baino gehiago igo da 2008ko krisia hasi zenetik.
Desberdin banatuta dauden gabezia horiek pertsona batzuengan besteengan baino gehiago eragiten dute. Ildo horri jarraikiz, bi arrakala aktibo daude gero eta sakonagoak; batetik, jatorrizko herritartasuna eta, bestetik, adina. Hirugarren arrakala, generoarena alegia, mantendu da. Eta indarrez datorren beste arrakala bat, arrakala digitala da.
- GENEROA
Krisi honetan generoaren arrakalak hor dirau. Gizonek eta emakumeek eusten dituzten etxeak alderatzen badira, gizarte-bazterketaren eragina % 15,5 eta % 18,1 da, hurrenez hurren.
Generoaren arrakala bereziki larriagotzen da guraso bakarreko etxeetan, etxe horren buru emakumea bada. Gizarte-bazterketaren eragina % 32 inguru kokatzen da, eta biziagoa da 45 urtetik beherako emakumeengan.
Gizarte- eta ekonomia-abagunean aldaketak alde batera utzita, generoan funtsatuta metatu den desabantailak egonkor dirau, eta egiturazko gaietara mugatzen da. Alderdi horiek kontuan hartzea garrantzitsua da politika publiko eraginkorrak diseinatzeko
- JATORRIA
Euskadin atzerritarrak dira bazterketa-faktore nagusi.
Etorkinak dira kaltetuenak hainbat gaitan. Jatorrizko herritartasunak ohikoa den joerari eusten dio eta, tamalez, iraunkorra da. Atzerritarra etxeko burua den 10 etxeetatik ia 6 bazterketa-egoeran dago. Horrenbestez, bazterketa-eragina Espainiako herritartasuna duten etxeetan baino 5 aldiz handiagoa da. Hala, dagoeneko hautsita dagoen gizartean aldea gehiago sakontzen ari da.
Etorkinek etapa berri honetan zailtasun handiagoak dituzte, guztizko langabezia-tasa bikoizten baitute eta etxeen arazoak gehiago kolpatzen baitie.
- ADINA
Adina eta bizi-etapa gizarte-bazterketan arrakala modura indarra irabazten ari dira.
Gaztea izatea da beste bazterketa-faktore bat, eta Covid-19aren osasun-krisiak argira atera du. Belaunaldiari erreparatuta, 30 urtetik beherakoen bazterketa-tasa batezbestekoa baino 1,5 gehiago da eta 65 urtetik gorakoena baino hamar aldiz handiagoa.
Gazteek dagoeneko bi krisi garrantzitsu jasan dituzte haien bizi-proiektuak funtsezko fasean zeudenean: enplegua lortzea, heldutasunera iristea, emantzipatzea edo etxe berriak sortzea. 2008an 18 urte zituztenei 2020ko krisia 30 urterekin iritsi zaie.
Bestalde, bazterketa-egoerak nabarmenagoak dira etxe horietan adingabeak (haurrak eta nerabeak) badaude, % 28, adingaberik ez dituzten etxeen % 9ren aldean. Hala, adingabeek hazteko dituzten beharrak estuki lotuta daude bazterketa-egoerak nagusi izatearekin.
- ARRAKALA DIGITALA
Arrakala digitala, bazterketa-faktore berria.
Ikerketaren arabera, gizarte-bazterketa duten etxeen ia erdiak itzalaldi digitala du, hortaz, 64 mila etxek ohiz arrakala digitala bizi dute. Bereziki nabarmena da arrakala hori 65 urtekoak edo hortik gorakoak soilik bizi diren etxeetan, bai eta pertsona bakarra bizi den etxeetan ere.
Itzalaldi digitalak benetako zailtasunak sortzen ditu 24 mila familietan baino gehiagotan (baztertutako etxeen % 19). Nolanahi ere, gai digitalak/konexio, gailu informatiko edo abilezia digital gabezia direla eta, egoera hobetzeko aukerak galdu dituzte.
Estereotipoak suntsituz: familia kalteberen artean goi-mailako aktibazioa
Kalteberatasun-egoeran dauden familiek pasibotasun-irudia dute, baina oso “aktibazio-maila” altua dute. 10 etxe kalteberatuetatik 8k oso aktibazio sendoa du, pobreziatik edo bazterketatik ateratzeko honako faktoreren batek bultzatuta: lanean hastea, enplegagarritasuna hobetzeko ikasi edo trebatzea ala gizarte-zerbitzuen edo hirugarren sektoreko erakundeen (hala nola Cáritas) programetan parte hartzea.
Pobreziari eta bazterketari dagokionez, gizartearen ustez pobrezia edo gizarte-bazterketa duten pertsonak pasiboak eta motibaziorik gabekoak dira, baina familia horien aktibazioak gizartearen ideia hori hutsaltzen du.
Erronkak eta proposamenak
Covid-19aren krisia aztarna sakona uzten ari da 2008ko krisiak bizitu zituen gizarte-arazoetan, orduan, susperraldian, ez zirelako erabat konpondu. Egoerari aurre egiteko, Foessaren eta Cáritas Bizkaiaren txostenak beharrezkotzat jotzen ditu hurrengo erronka hauek:
- Ongizate-estatuaren eredua berriz bultzatzea eta, horretarako, pertsona erdian kokatzea. Eskubideak oso-osorik eskuratzea sustatuko da, batez ere etxebizitzaren, gutxieneko diru-sarreren, zaintzen eta enplegu duinaren arloetan.
- Herritar guztien eta batik bat bazterketa-egoeran daudenen partaidetza eta partaidetza politikoa bultzatzea.
- DSBE eta bizitzeko gutxieneko errentaren estaldura hobetzea, pobrezia-egoera gehienetara iristeko.
- Lan-prekarietatea eta legez kanpoko egoerak murrizten duten neurriak inplementatzea.
- Euskadin hauteman diren bost arrakalei aurre egitea murrizteko:
-adina (haurren-gazteen bazterketa eta pobrezia),
-digitala (eskubideak eta zerbitzuak lortzeari eragiten dio),
-jatorria (etorkinek eskubideak eta herritartasunaren estatusa maila desberdinean eskuratzen dituzte).