Caritas Bizkaiako BIDEZ programak 60 pertsona baino gehiago lagundu ditu 2025ean “tarterik gabeko egoera administratiboa” gainditzen
-
Estatuko hainbat elizbarrutitan garatzen den eta Caritas Konfederalak finantzatzen duen esku-hartze espezializatua da; laguntza juridikoa, soziala eta laborala uztartzen ditu, atzerriko pertsonen egoera irregularra kronifikatu ez dadin eta bizitza duin bat eraiki dezaten.
-
BIDEZ programa Caritas Bizkaiaren Harrera Integralean txertatzen da; 2024an 5.786 pertsona artatu zituen (horietatik %51 emakumeak), 4.173 pertsona ekonomikoki lagundu zituen, 238 pertsonari supermerkatu-txartelak eman zizkien eta 1.406 pertsonari Koopera dendetako arropa-bonuak.
2025ean zehar, Caritas Bizkaiak BIDEZ programa garatu du, egoera administratibo irregularrean dauden atzerriko pertsonak laguntzera bideratutako ekimena. Zailtasunei aurre egin arren, bizitza duin bat eraikitzeko duten gogoa irmo mantentzen duten pertsonak dira. Caritas Konfederalak finantzatutako eta Estatuko hainbat elizbarrutitan ezarritako programa honek Bizkaian ere bere tokia izan du, gero eta ohikoagoa den errealitate bati erantzun zuzen gisa. Guztira, 62 pertsonak jaso dute bide-laguntza, bakoitza bere erregularizazio-prozesuko une desberdinean. “Batzuk gizarte-erroldatze prozesuaren hasieran zeuden, beste batzuk erroldatze sozioformatiboan; baina guztiek zuten behar bera: bide hau bakarrik ez egitea”, azaldu du Iñigo Cortazarrek, Caritas Bizkaiako gizarte-langileak eta programaren arduradunak.

Emandako laguntzen artean, funtsezko tramiteak egiteko laguntza ekonomikoak egon dira: pasaporteen berritzea, atzerritartasun-tasen ordainketa, jatorrizko herrialdeko tituluen homologazioa edo formakuntzetara sarbidea. Baina, batez ere, Cortazarrek nabarmendu duenez, “programaren balio nagusia gertuko, jarraitua eta pertsona bakoitzaren erritmora eta errealitatera egokitutako laguntza integralean egon da”.
Aholkularitza administratibotik harago, bestelako behar batzuk ere identifikatu dira, eta horiek Caritas Bizkaiaren barne-baliabideekin koordinatuz landu dira: arlo juridikoa, psikologikoa, lan-orientazioa, gazteria edo etxegabeko pertsonak. “Sareko lan horri esker, pertsonaren dimentsio guztiak jorratzen dituzten ibilbide pertsonalizatuak eraiki ahal izan dira”, gaineratu dute Caritas Bizkaiatik. Prozesu honi esker, zortzi pertsonak lortu dute 2025ean egoera administratiboa erregularizatzea, lan-merkatura sartzea eta aldi baterako bizileku baimena eskuratzea. “Datu hutsetatik harago, horrek aldaketa sakona ekarri du haien bizitzetan: egonkortasun handiagoa, segurtasuna eta etorkizuna epe ertain eta luzera planifikatzeko aukera erreala”, nabarmendu dute.
Programaren eragina hain izan da esanguratsua, bai bide-laguntza jaso duten pertsonentzat bai parte hartu duten Caritaseko taldeentzat, ezen erabaki baita programari jarraipena ematea eta erakundearen zerbitzuen zorroan modu egonkorrean txertatzea, finantzazioa baliabide propioekin bermatuz. “BIDEZek aukerak sortzen ditu, baldintza-berdintasuna sustatzen du eta gizartean parte hartu, ekarpen egin eta etorkizuna eraiki nahi duten pertsonak laguntzen ditu. Eta hori, gainera, duintasunetik eta egindako ahaleginaren aintzatespenetik”, azpimarratu du Cortazarrek.
Caritas Bizkaiatik ohartarazi dute BIDEZ bezalako baliabiderik gabe, “gaur egun martxan dauden prozesu askok eten egingo liratekeela, eta horrek egoera administratibo irregulartu mugagabea, etxegabetasun kronifikatua eta gizarte-bazterketa larri eta luzatua areagotuko lituzkeela”. Horregatik, nahiz eta tamaina ekonomikoa txikia izan, erakundeak uste du Bidez Bizkaiko gizarte-arretaren sistemaren baliabide egiturazko gisa ulertu behar dela, ez esperientzia puntual gisa. Izan ere, praktikan, Bidez “funtsezko pieza bihurtu da ateak ireki, prozesuak sendotu eta egoera irregularra urtez urte pertsona askorentzat bazterketa iraunkor bihurtzea saihesteko”.
Urtero 5.700 pertsona baino gehiago Caritas Bizkaiako Harrera Integralaren baitan
Bidez programa Caritas Bizkaiaren Harrera Integralean kokatzen da; bertan, lurraldeko udalerrietan bizi diren egoera ahulean dauden pertsonak eta familiak artatzen dira. Harrera Integrala harrerarako, laguntzarako, bide-laguntza emateko eta orientaziorako gune bat da, eta Caritas Bizkaiako zein tokiko komunitateko baliabide eta eskubideetara sarbidea errazten du.
Harrera Integrala ingurunearekiko konprometitu eta sentsibilizatutako boluntarioek egiten dute, eta bost funtzio nagusiren inguruan antolatzen da: Caritas Bizkaiako eta inguruko baliabideen inguruko informazioa eta orientazioa; eskubide sozialetarako sarbidean laguntza; topalekua eta entzutea, konfiantza eta harremanak sortzeko; egoera eta behar zehatzetan laguntza; eta beste erakundeekin koordinazioa erantzun soziala hobetzeko.
Caritas Bizkaiak 2024an 5.786 pertsonari eman zien bide-laguntza (horietatik %51 emakumeak), 4.173 pertsonari laguntza ekonomikoa eman zien, 238 pertsonari supermerkatu-txartelak eta 1.406 pertsonari Koopera dendetako arropa-bonuak. Guztira, erakundeak 70 harrera-puntu ditu Bizkaian, eta horrek arreta hurbila, lurraldekakoa eta jarraitua ahalbidetzen du.





