Berriak18/03/2026

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna “Borondate politikoa mobilizatu”

  • Iparraldeko Migrazioen Pastoraltzaren (Donostia, Bilbo, Iruñea-Tutera, Gasteiz, eta Calahorra eta La Calzada-Logroño) ADIERAZPENA 

Martxoaren 21a, Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna, oroimenerako, hausnarketarako eta, batez ere, gure komunitateen ekintza arduraturako deia da. Ez ahaztera gonbidatzen zaigu, jatorriagatik, azalaren koloreagatik edo nortasun kultural edo erlijiosoagatik diskriminazioa jasan dutenak eta jasaten jarraitzen dutenak gogoratzera. Memoria beharrezkoa da gizarte bidezkoagoak eraikitzeko, iraganeko eta orainaldiko bidegabekeriak aitortu gabe nekez lortuko baitugu berriz ez gertatzea.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka kristauak pertsona ororen duintasunarekin duen konpromisoaren parte ere bada. Eliza gisa, uste dugu, gizaki bakoitza duintasun bortxaezinaren eramailea dela, eta herrien, kulturen, hizkuntzen eta erlijioen aniztasuna, elkartzera eta anaitasunera gonbidatzen gaituen aberastasuna dela.

Aurten, “Borondate politikoa mobilizatu” lelopean, erakundeen eta gizarte osoaren aldetik, arraza-diskriminazioaren aurkako borrokak, erabaki zehatzak eta benetako konpromisoak eskatzen dituela gogorarazten zaigu.

  • Arrazakeria desagerraraztea ez da soilik asmo etiko bat, baizik eta gure egitura sozial, politiko eta erlijiosoei, eta baita gure jarrera eta jokabideei eragiten dien erantzukizuna da.
  • Ez da nahikoa arrazismoa, xenofobia, gorrotoa, eta horiekin batera agertzen eta hedatzen diren alderdi negatibo eta kontraesankorrak baztertzea.
  • Gure aurreiritziak berrikusteko deia dugu; edozein diskriminazio mota salatu; zurrumurruak eta gezurrak gezurtatu, eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatu.
  • Uste dugu kultura eta erlijioen arteko hezkuntza, elkarrizketa, eta pertsona guztien parte-hartzea funtsezkoak direla errespetuan eta justizian oinarritutako bizikidetza lortzeko bidean aurrera egiteko.
  • Era berean, beharrezkoa da gure gizarteetako kideen aukera-berdintasuna eta benetako inklusioa bermatuko duten politika publikoak sustatzea eta eskatzea.

Dei berezi bat egiten diegu nazioen gidaritzan erantzukizuna, eta komunikabideetan eta sare sozialetan, eragina dutenei, beti egiari ohore egiteko eta gorrotoa, liskarra, arbuioa, marjinazioa, indarkeria, arrazakeria eta xenofobia sustatzen dituen inolako mezurik (idatzizkoa, ahozkoa, bisuala) ez sortzeko eta zabaltzeko.

Kristau-elkarteei deia luzatzen diegu ondorengo gaietan gure konpromisoa berronetsi eta berresteko:

  • Egoera horiek pairatzen dituztenekin batera egotea, gehienak migratu duten pertsonak; haiei entzutea, beraien ekarpenak aitortzea, eta haiekin batera lan egitea – ez soilik haientzat – gizarte inklusiboagoa, anaikorragoa, baketsuagoa eta bakegilea eraikitzeko baizik.
  • Bat egitea bultzatzea, berezko guneak sortuz, diskriminazioa salatuz, inor baztertzen ez den komunitateak indartuz, eta erlijio-askatasunarekiko errespetuaren alde lan eginez.
  • Komunitate abegikorrak eraikitzen jarraitzea, non pertsona bakoitza onartua, baloratua, maitatua, eta giza familia beraren parte sentitu dadin. Harrera, laguntza eta integrazioa pertsona desberdinen arteko elkarlanetik eta topaketatik baino ezin dira gauzatu; denak, berdinak dira beren oinarrian eta izaeran.

Martxoaren 21 honetan bizikidetzarekin, justiziarekin eta anaitasun unibertsalarekin dugun ahalegina berrituko dugu. Markatutako, baztertutako eta migratzaileekin batera, komunitate irekiak, abegikorrak eta solidarioak sortzen jarraitu nahi dugu, non aniztasuna aberastasun eta dohain gisa aitortua izango den, eta pertsona guztiak duintasunez, errespetuz eta berdintasunez bizi ahal izango diren.

“Migratzaileek ez dute diskriminazioaren estigma aurkitu behar iristen direnean…”
(Leon XIV, 2025eko urriaren 5a, igandea)