Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna. Pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurka borrokatzeko sarearen komunikatua
- EAPN Euskadiren komunikatua
1992an Nazio Batuek urriaren 17a aitortu zuten pobrezia errotik kentzeko nazioarteko egun gisa. Bere sorrera Frantzian kokatzen da. 1948an 100.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Parisen, Trocadero plazan, giza eskubideen eta askatasunaren alde protesta egiteko eta pobreziaren, gosearen, indarkeriaren eta beldurraren biktimei elkartasuna adierazteko.
Pobrezia egoera ikaragarria da, inork nahi ez duena ez beretzat, ez bere familiarentzat, ez bere lagunentzat. Pobrezia gaizki bizitzea da, baldintza txarretan. Behar bezala bizitzeko adina diru ez izatea; zerbitzuak eta ondasunak ezin izatea, hileko fakturak ordaindu ezin izatea, neguan berogailua ez piztea, seme-alaben gastuei aurre egin ezin izatea, dentistarengana joan ezin izatea, arropa eta oinetakoak erosi ezin izatea… eta, egoera larrienetan, bizitzeko etxerik ez izatea.
Gaur mundu osoan zehar hainbat ekitaldi egiten dira pobreziaren amaiera eta pobrezia pairatzen duten pertsonekiko elkartasuna aldarrikatzeko. EAPNk gaur gogorarazi nahi du Europa zaharrean gure bizilagunen zati handi bat pobrezia eta gizarte bazterketa arriskuan bizi dela (Arope adierazlea).
- Europan biztanleriaren %21, 93,3 milioi pertsona.
- Espainian %25,8, 12,5 milioi pertsona inguru.
- Euskadin biztanleriaren %19,5, 422.000 pertsona.
Euskadin, pobrezia tasak estatuko tasak baino baxuagoak dira, baita Europako batez bestekoa baino baxuagoak ere. Herritar gehienak ondo bizi gara, bizi kalitate egokia eta duina dugu. Euskadik sistema publiko indartsu eta baloratuak garatu ditu: osasunerako eta hezkuntzarako eskubide unibertsalei diru sarrerak bermatzeko, inklusiorako, etxebizitzarako eta enplegu duinerako eskubide subjektiboa gehitu dizkio Euskadik.
Baina euskal biztanleriaren zati batek ez du bizi kalitate hori, ez ditu eskubideak eskuratzen, Eusko Jaurlaritzaren beraren txostenen arabera:
- Arriskuan dauden biztanleen %24,5ek ez du Diru sarrerak bermatzeko sistema erabiltzen. 39.143 pertsona.
- 100.000tik gora pobrezia larrian daude, Eurostat Adierazleen arabera.
- 422.000 baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan daude, AROPE adierazlearen arabera.
- 4.300 pertsonak baino gehiagok ez dute etxerik.
- 2012tik 2024ra bitartean, 2,5 aldiz handitu da etxerik gabeko pertsona kopurua.
- 114.396 pertsonak etxebizitza bat behar dute.
Pobreziak eta bazterkeriak eragin handiagoa dute emakumeengan gizonengan baino, migratzaileengan bertakoengan baino, seme-alabak dituzten familietan, ama bakarreko familietan…
Pobrezia eta gizarte bazterketa ez dira kasualitatearen, zortearen edo norberaren merituaren ondorio. Ez dugu zertan egoera hauetara etsi, ez baitira erremediorik gabeko zerbait.
EAPNren helburua da pobrezia desagerraraztea, pobrezia amaitzea, garapen jasangarrirako agendaren 1. Helburuak ezartzen duen moduan.
Euskal gizarteari sentsibilitatea eta elkartasuna eskatzen diogu errealitate honen aurrean. Inor ez da pobrea izan nahi duelako, pobrezia eta bazterkeria sufrimendu itzela dira, eta inork ez ditu nahi ez beretzat ez bere familiarentzat.
Erakunde publikoei eskatzen diegu errealismoz eta konpromisoz egin diezaiotela aurre 2030 Agendan ezarritakoari, eta, gaur bereziki, 1. GJH-ari dagokiona: Pobreziaren amaiera.
Iturria: EAPN Euskadi







