CARITAS EUSKADI KOMUNIKATUA: Eta denok beteko bagenu?
Caritas Euskadik Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) funtsezko tresna dela nabarmendu nahi du, egoera ahulean dauden pertsonak eta familiak babesteko, haien gizarteratzea sustatzeko eta bizitza duina bermatzeko. Laguntza honek egonkortasun ekonomikorako zubia eta gizartean parte hartzeko aukera eskaintzen die pertsona ugariri.
Azken egunotan, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak hainbat ekimen jakitera eman ditu. Besteak beste, lan-inspekzioek kontratuen kontrola hobetzeko egindako jarduketak, behar ez den kasuetan, aldi baterakotasuna saihesteko. Halaber, DSBEren balizko iruzurrak salatzeko postontzia martxan jarriko dutela iragarri dute, iruzur egoera baten berri duten, edo horren inguruko susmoa duten, pertsonek erabili dezaketena.
Gogorarazi behar dugu berrogeita hamar langiletik gorako enpresek Salaketa-kanala izan behar dutela legez, baina kanal horrek enpresen jardunbide txarrak salatzeko balio du. Zoritxarrez, DSBEri dagokionez beste behin, iruzurgilea erabiltzailea dela transmititu nahi dela ematen du. Edo hala islatzen du Lanbidek abian jarritako kanpainak, “Betetzea zure bermea da”.
Kanpaina horren baitan, herritarrek iruzurrezkotzat jotzen dituzten egoerak anonimoki salatzeko postontzia izango dute eskura. Hala ere, gogorarazi nahi dugu azken urteetako datuek erakusten dutela iruzurrak ez dituela izapideen %1 gainditzen. Horrekin batera azpimarratu nahi dugu, sarritan, egoera irregularrak Lanbideren kudeaketa-ereduaren arintasuna eta gardentasun faltaren ondorioz sortzen dira, erabiltzaileei babesgabetasuna eraginez.
Hau esanda, Euskadin, oro har, gizarte-prestazioak era egokian ematen eta arduraz erabiltzen ari direla nabarmendu nahi dugu, behar dituzten pertsonei iritsiz.
Honengatik, berriz ere salatzen dugu pobrezia egoeran dauden eta gizarte-prestazio honetara jotzera behartuak diren pertsonen inguruan gizarte-iruditerian zabaltzen den eragin negatibo, bidegabeko eta egiazkoa ez dena. Gehienbat, salaketak era anonimoan egiteari bide irekitzen zaionean.
Urteetako esperientziak erakutsi digu arazo nagusia pobrezia egoeran daude pertsonek DSBEra sartzeko eta bertan mantentzeko zailtasunak direla. Horien artean, burokrazia-oztopoak, informazio argiaren falta, pertsonan zentratutako arreta eza, estigmatizazioa edota koordinazio edota argibide falta daude. Honek guztiak sistematik kanpo uzten ditu pertsona hauek, alternatiba gutxirekin eta euren burua defendatzeko aukerarik gabe; bere bizi-baldintzetan eta gizarteratze-prozesuetan ondorio larriak eraginez.
Zentzu berean, Arartekoren txostenek argi uzten dute DSBEren kudeaketaren erronka nagusietako bat izapideak sinplifikatzea eta laguntza hau eskatzen duten pertsonei emandako informazioa hobetzea dela. Halaber, ikuspegi gizatiarragoa eta inklusiboagoa behar dela azpimarratzen dute, oztopo burokratikoak ezabatzea eta babes sozialera iristeko aukera bidezkoagoak sustatu daitezela proposatuz.
DSBEren sistemak iruzurra baino erronka garrantzitsuago eta zabalagoak dituela uste dugu. Nahiz eta bat gatozen iruzurra errotik kentzearen helburuarekin, Lanbideri eskatzen diogu bere ahaleginak pertsonen gizarteratze-prozesuak sustatzera bideratzeko, eta ez kolektibo ahulenei portaera jakin batzuk leporatzera. Gizarteak eta erakundeek duintasuna lehenesten duen eta kohesio eta elkartasun balioak sustatzen dituen ereduaren garapenean erakutsitako konpromisoa eskertzen dugu. DSBE ez da laguntza ekonomikoa soilik; gizarte bidezko eta inklusiboago bat eraikitzeko gure erantzukizun kolektiboaren adierazpena ere bada.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 21a