Berriak05/08/2025

Caritas Europak Bilbon nabarmendu ditu Caritas Bizkaiaren gazteentzako proiektuak, egoera zaurgarrian daudenekin egindako lana azpimarratuz

Caritas Bizkaiak Eva Reina hartu du berriki, Caritas Europako Eragin Politikorako arduraduna, gazteekin egiten duen jarduna bertatik bertara ezagutzeko bisita batean. Jardunaldi horretan, egoera konplexuetan dauden gazteei laguntza eskaintzen dieten hiru proiektu estrategiko jarri ziren erdigunean, ikuspegi integrala, komunitarioa eta eskubideetan oinarritutakoa abiapuntu hartuta.

Eguna Caritas Bilboko Elizbarrutiko egoitzan hasi zen, non zuzendaritza-taldeak erakundearen jardun-esparru nagusiak aurkeztu zizkion. Ondoren, gazteriarekin lan egiteko ikuspegi ezberdinak islatzen dituzten hiru ekimen bisitatu ziren.

Lehen geldialdia Gandarias Etxean izan zen. Gizarte-bazterkerian dauden gazteei emantzipatzen laguntzeko proiektua da, eguneko eta egoitzako arretakoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazte Estrategiari lotuta dago eta laguntza psikosoziala, bizikidetza-guneak eta enplegurako ibilbideak uztartzen ditu. Horrela, helduarora jauzia egin nahi duten gazteei, entzutea, laguntza eta aukerak eskaintzen dizkien espazioa da.

Auzobizi proiektua ere aurkeztu zen, Caritas Bizkaiak sustatutako gazteentzako laguntza-sarea. Elizbarrutiko Harrera Komunitateen estrategiaren baitan kokatzen da, eta komunitatean sustraitzea, elkarrekiko konfiantza eta auzoan parte hartzea funtsezko elementutzat hartzen ditu gizarteratze prozesuetan. Gazteen arteko elkar-laguntza eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako lotura esanguratsuak bultzatzen ditu. Gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden gazteei zuzenduta dago; hainbat Prestakuntza Zentrotan prestakuntza jasotzen duten bitartean, gizarte-, egoitza- eta komunitate-laguntza behar duten gazteei, hain zuzen ere.

Azkenik, Namasté ezagutu ahal izan zuten, gazteen ahalduntzerako programa bat, partehartzea, prestakuntza eta bizi-proiektu sendo eta konprometituak garatzeko tresnak eskaintzen dituena. Esperientzian oinarritutako metodologien bidez, bizikidetza kulturartekoa, ikaskuntza kolaboratiboa eta garapen pertsonala sustatzen ditu, eskubideetan eta gazteen protagonismoan oinarritutako ikuspegi batetik.

Proiektu hauen ordezkariekin egindako topaketa Gandarias Etxean burutu zen. Eva Reinak bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen ekimen bakoitzaren testigantzak, erronkak eta aurrerapausoak. Caritas Europatik nabarmendu zuten “tokian tokiko errealitateetara egokitzeko gaitasuna, harremanetan oinarritutako lana eta ikuspegi eraldatzailea” Bizkaian egiten den lanaren ezaugarri nagusi gisa.

Bisita honek berretsi egiten du Caritas Bizkaiak gazteekin egiten duen lanaren nazioarteko aitortza, hurbiltasuna, konpromisoa eta gizarte bidezkoago eta inklusiboago baten aldeko apustua uztartzen dituzten jardunbide egokien bidez.