Caritas Bizkaiak eta Gorlizko Ospitaleak hitzarmen bat sinatu dute boluntariotza indartzeko eta pazienteei bide-laguntza emateko
Caritas Bizkaiak eta Gorlizko Ospitaleak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute ospitaleko boluntariotza bultzatzeko eta ospitaleratutako pertsonei bide-laguntza indartzeko, osasun-zentroan egiten duten egonaldian haien ongizatea hobetzeko helburuarekin.
Akordioari esker, Caritasek ospitaleak bultzatutako esparruan parte hartu ahal izango du, ospitaleen eremuan boluntariotza-programak planifikatu, garatu eta ebaluatzeko.

Programa pixkanaka garatuko da, eta pazienteei bide-laguntza ematea izango du ardatz. Horretarako, prestatutako boluntarioak egongo dira, eta egoera bakoitzera egokitutako entzumena, elkarrizketa eta laguntza emozionala eskainiko dute. Esku-hartzea ospitaleko taldeekin koordinatuta antolatuko da, boluntarioen presentzia zentroaren erritmo eta beharretara egokituz.
Esku-hartzea, batez ere, kalteberatasun handiagoko egoeran edo laguntza-sare txikiagoa duten pertsonei zuzenduta egongo da, ospitaleratzean bakardade-sentsazioa murrizteko eta lagunduriko egonaldi bat errazteko. Programak harreman- eta hurbiltasun-espazioak sortzea ere aurreikusten du, pazienteei lasaitze- eta elkarrizketa-uneak izateko aukera emango dietenak.
Boluntarioen jarduera ospitalearen funtzionamenduan integratuko da koordinazio- eta jarraipen-sistema bateratu baten bidez, programaren garapena ebaluatzeko eta jarduketak antzemandako beharren arabera egokitzeko.
Ekintza honeek garatzeko, gainera, Gorlizko Ospitalean dagoen Bilboko Elizbarrutiko laguntza erlijioso eta espiritualeko zerbitzuaren laguntza izango da.
Hitzarmenak bi erakundeen arteko lankidetza indartzen du ospitale-eremuan, eta boluntariotza pertsonen arretaren elementu osagarri gisa balioesten du, asistentzia-prozesuari dimentsio soziala eta erlazionala gehituz.





