Berriak12/04/2022

Caritas Bizkaiak bat egin du Caritas Internationalisen dolumin mezuarekin, Mariupoleko Caritaseko bi langileren heriotzagatik

Ukrainako 352.000 pertsona baino gehiago artatu dituzte gatazka hasi zenetik, herrialde barruan, zein kanpoan

Caritasen sare konfederalarekin batera, Caritas Internationalis erakundearen dolumin mezuarekin bat egin dugu, Mariupolen Caritas Ukrainiako bi langileren heriotzagatik.

“Albiste dramatiko honek izututa eta hunkituta uzten du Caritasen familia. Bat egiten dugu familien eta Ukrainako Caritaseko gure kideen minarekin eta sufrimenduarekin, tragedia bat bizitzen ari baitira”. Hitz horiekin, Caritas Internationaliseko idazkari nagusi Aloysius Johnek Konfederazioaren samina adierazten du Ukrainako Caritaseko bi langile Mariupolen hil zirela jakitean.

Erasoa azken orduetan ezagutu den arren, litekeena da martxoaren 15ean izatea, tanke batek Caritasek Mariupolen duen eraikinaren kontra tiro egin zuenean. Bi kideak eta haien bost senide hil zituen. Une honetan, Mariupol hiriarekin komunikaziorik ez dagoenez eta Caritasen zentroko instalazioetarako sarbiderik ez dagoenez, Caritasen Ukrainako bulego nazionalak ez du oraindik elementu nahikorik zer gertatu zen zehazteko, eta informazioa biltzen jarraitzen du. Ustez, Caritaseko langileak eta haien familiak Caritasen eraikinean babestu ziren bonbardaketan.

“»Caritas Internationalis» ek bakearen aldeko deia berretsi du, duela 48 egunetik hona egiten ari den bezala”, Johnek dioenez. “Ukrainan «martirioa», Frantzisko aita santuak deitu duen bezala, gelditu egin behar da, eta orain gelditu. Nazioarteko komunitateak ezinezkoa dena egin behar du sarraski hau berehala geldiarazteko. Bakeari aukera bat eman behar zaio. Gatazka armatua eta indarkeria ez dira konponbidea. Giza bizitzak zaindu eta giza duintasuna defendatu behar dira. Zibilen segurtasuna bermatu behar da”, erantsi du.

Gatazka hasi zenetik, herrialdean dauden bi Caritasek (Caritas Ukraina eta Caritas-Spesek) jendearen ondoan egon dira eta laguntza humanitarioa eskaini dute 600.000 pertsona ingururen bizia salbatzeko. «Caritas Ukrainak eta inguruko herrialdeetakoek berebiziko laguntza eskaintzen diete gerratik ihesi doazen herritarrei eta errefuxiatuei. Biziki eskertzen diegu Caritaseko langile eta boluntario guztiei, etengabe ari baitira beharrean dauden pertsonak zerbitzatzen, baita beren bizitzaren arriskupean ere”, gaineratu du Aloysius Johnek.

Ukrainako Caritaseko presidentek, Tetiana Stawnychyk, biktimen memoria ohoratzeko eskatu du. “Zuen elkartasuna eta otoitzak behar ditugu sufritzen ari diren familiengatik, Ukrainako Caritasen komunitate osoagatik”, dio.

Mariupol egoera humanitario kritikoena duten herrialdeko hiru eskualdeen artean dago. Gatazka hasi zenetik, Caritasek 352.000 pertsona baino gehiago artatu ditu, horietako asko Ukrainan. Herrialde horretan bakarrik 4.000 otordu baino gehiago banatzen dira egunero. Inguruko herrialdeetako Caritas nazionalak, Polonia, Hungaria, Eslovakia, Errumania eta Moldavia barne, milioika errefuxiatuei laguntzeko lehen lerroan daude.

Caritas eta Eliza ukrainarren ondoan geratzen diren erakunde bakanen artean daude, eta haien oinarrizko presentziak oso urruneko gatazka-eremuetara iristea ahalbidetzen die.