Berriak03/12/2023

Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna

 

Gure alde, euskararen alde alegia, inork egin dezakeenaz galdetu ohi dugu sarri, bereziki Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko gogoetan.

Digitalizazio aurreratuaren garai honetan, adimen artifiziala makulu ezezik kultur, komunikazio eta gizarte garapenaren bektore nagusi ere bilakatzen ari zaigunean, erronka berri bat iritsi da gure komunitatera.

 

Euskararen zabalkunderako aro digital berria hasi da, inplikazio pertsonalaren bidez eta komunitate gisa jarduteko unea iritsi da. Har dezagun geure esku bereziki adimen artifizialaren bidetik datozkigun lanabesak euskaraz funtzionatzeko bidean tinko jartzeko ardura, erakutsi diezaiogun euskaraz lan egiten geure eguneroko jardueran ezinbesteko lankide dugun tresneria digitalari.

Ez da amets bat, hil edo biziko eginkizuna baizik euskararen garabideari begira eta, batez ere, digitalizazioaren unibertso ekidinezinean gure hizkuntzak atzerapausorik gabe aurrera egin ahal izan dezan. Caritas Bizkaian horretan gabiltza.

Eman diezaiogun ahotsa euskarari, mundua euskaraz izendatzen jarraitu ahal dezagun.

Euskarari zor diogu. Geure buruari zor diogu.