Caritas Bizkaiak Espainiako bazterketa eta garapen sozialari buruzko FOESSA Kongresuan parte hartu du
Azaroaren 11n eta 12an, Elena Unzueta Caritas Bizkaiako zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea Analisi eta Garapen Saileko arduradunak Caritas Konfederazioak eta FOESSA Fundazioak Pablo VI Fundazioan antolatutako Kongresuan parte hartu zuten. Hitzorduan adituak eta gizarte-erakundeak bildu ziren, FOESSA IX. Txostenaren analisiei eta ekarpenei buruz hausnartzeko.

Joan Tronto politologo feministak inaugurazio-hitzaldia eman zuen, eta bertan azpimarratu zen premiazkoa zela pertsonak eta bizitza erabaki kolektiboen erdigunean jartzea. Trontok Zaintzaren Demokrazia baterantz aurrera egiteko beharra nabarmendu zuen, aberastasunean oinarritutako egungo gizarte-eredua eraldatzeko gai izango dena, pertsonen eta planetaren ongizatera bideratzeko.
Kongresuak FOESSA txostenaren kapituluei heltzeko aukera eman zuen, gogoeta-arlo handietan antolatuta:
- Egungo ereduaren egitura soziala eta tentsioak.
- Bazterketaren errealitatea eta gizarte-garapena Estatuan.
- Gizarte-politikak eta Ongizate Estatuaren zeregina.
- Balio nagusiak gaur egungo gizartean.
Begirada horiek txostenaren azken kapituluarekin lotu ziren, gizarte-eraldaketa sakona bultzatzeko erantzukizun kolektiboa planteatzen duena eta aldaketa horretarako energia elikatu dezaketen iturriak adierazten dituena: ekologia, ekofeminismoa, espiritualtasunak, transzendentearekiko lotura edo gizarte-aldaketaren eragile gisa jardungo duten sare komunitarioak eta erakundeak eraikitzea.
Remedios Zafra idazleak amaiera hitzaldia eskaini zuen eta bertan zibilizazio eredu ezberdin bat irudikatzeko “itxaropenerako arrazoiak” azaldu zituen. Zafrak zaintza lehentasunezko eskubide gisa defendatu zuen, inaugurazioan planteatutako gakoei berriro helduz eta politika publikoen erdigunean duen papera nabarmenduz.
Justizia sozialari eta erronka globalei buruzko tailerrak
Horrez gain, hainbat tailerrek osatu zuten programa, eta horietan justizia izan zen nagusi. Horietan, honako gai hauek aztertu ziren:
- Bidezko fiskalitatea.
- Bidezko trantsizio ekologikoa eta soziala
- Bakerako, demokraziarako eta gizarte-kohesiorako erronka globalak.
- Pertsona ahulenak baztertzeko eta gizarteratzeko ibilbideak.
- Elikagaien segurtasunik eza.
- Egungo gizarte-eredu patriarkalak emakumeen bizitzan duen eragina, Caritas BIzkaiak moderatutako tailerra.
Kongresua aukera bat izan zen txostenak aurkezten duen gizarte-diagnostikotik sortzen diren kezkak partekatzeko, eta, aldi berean, ezagutza-, gogoeta- eta proposamen-guneak sortu ziren mundu bidezkoago baterantz aurrera egiteko, bereziki egungo zibilizazio-ereduaren ondorioak gehien pairatzen dituztenentzat, planeta bera barne.
Abenduaren 3an, Euskadiko bazterkeriari eta gizarte-garapenari buruzko txostena aurkeztuko da Gasteizen. Topaketa horretan, gai horietan sakondu ahal izango da, hurbileneko errealitateari begira.





