Noticia17/12/2025

Caritas Bizkaiak, Eroski-k eta Laboral Kutxak berritu egin dute lankidetza hitzarmena

  • 2009an abiaturiko proiektua aliantza honekin berrituta, hiru erakundeek gizartearen alde elkarrekin aritzeko konpromisoa indartu dute
  • Jende eta familia asko daude baztertuak gizartean edo baztertuak izateko arriskuan, eta hitzarmenaren helburua da Caritas Bizkaiak lehendik lagun egiten dienen beharrak estaltzea
  • EROSKIk konpromisoa hartuko du “erosketa txartelen” funtzionamendurako egitura operatiboa ematera. Caritasek banatuko ditu erakundeari laguntza eskatzen diotenen artean

Bilbo, 2025eko abenduaren 16a.- Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, EROSKIk eta Laboral Kutxak berritu egin dute gizartean baztertuta daudenekin edo baztertuak izateko arriskua dutenekin harturiko konpromisoa, ez baitute oinarrizko beharrak estaltzeko behar adina baliabide. Helburu horrekin, beste urtebetez berrituko dute 2009an abiaturiko lankidetza hitzarmena.

Hitzarmena dela medio, EROSKIk “erosketa txartelen” funtzionamendurako egitura operatiboa emango die, eta Elkartasun Zentimoen Programan “Bazterketa arriskuan diren familientzako laguntza” proiekturako bildutakoa ere emango dio Caritasi.

Ekarpen ekonomikoa ez ezik, LABORAL Kutxak proiekturako behar den banku egitura emango du dohainik. Bilboko Elizbarrutiko Caritasek, berriz, esku hartze soziala egongo du onuradunekin, eta “erosketa txartelak” esleituko dizkie dagozkien familiei.

Proiektu honen helburu nagusia da oinarrizko kontsumoko produktuak zirkuitu normalizatuen bitartez eskura jartzea Bizkaiko Caritasek artatzen dituen eta baliabide nahikorik ez duten familiei. 2009an ezarriz geroztik, oinarrizko beharrei sarbidea ematea bilatzen du ez bakarrik asistentziaren perspektibatik baita perspektiba integratzaile batetik ere, bazterketa egoeran eta arriskuan direnak gizarteratzeko prozesu zabalagoen barnean.

Emateko prozedura

Inplikaturiko aldeek lankidetza prozesu bat dute erosketa txartelak emateko eta kontrolatzeko. Bizkaiko Caritas arduratuko da beren harreraguneetara datozen pertsonen edo familien informazioa jasotzeaz, jakiteko ea eskakizunak betetzen dituzten. Boluntario taldeek eskaerak jaso eta laguntza eman eta gero, gizarte langile batek lagun egingo die prozesu osoan, ziurtatzeko ekimena behar bezala funtzionatzen ari dela. EROSKIk automatikoki aktibatuko ditu txartelak, eta onuradun bakoitzari dagokion kopurua erantsiko dio.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, familia unitateko kide kopuruaren arabera egiten da: 130 euro kide heldu bat edo bi dituzten familientzat, eta 200 euro adingabeak eta kide heldu bat edo bi dituzten familientzat. Laguntzak 1-6 hilabete iraungo du, eta txartela hilero beteko da. Salbuespenez, laguntza beste maiztasun batekin eman ahalko da, pertsona edo familia nola dagoen baloratuta.

Txartelak esklusiboki trukatu ahalko dira oinarrizko produktuekin, hala elikagaiak nola higienerako oinarrizko gaiak, eta hortik kanpo geldituko dira gainerako produktu guztiak.

Bilboko Elizbarrutiko Caritas

Bilboko Elizbarrutiko Caritas Elizaren erakundea da, izaera juridiko propioa duena, eta gure gizarteko behartsuenekin egiten du lan, askotariko sustapen programak direla bide. Bizkaian gizarte bazterketa gero eta arazo handiagoa dela ikusirik, Caritasek Administrazio Publikoekin eta beste erakunde batzuekin dihardu arazoa desagerrarazten laguntzeko.

EROSKIri buruz

EROSKI banaketa talde liderretako bat da Espainia iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balearretara—, %12,7ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2024aren amaieran, 1.502 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita gasolindegiak, kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Horretaz gainera, 6,4 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 27.600 lagunek baino gehiago osatzen dute langile taldea; horietatik 9.000, berriz, bazkide eta jabe dira.

LABORAL Kutxa

LABORAL Kutxa kreditu kooperatiba bat da 65 urtetik gorako historia duena, eta Mondragon kooperatiban txertatua. Finantza produktu eta zerbitzuak ematen dizkie 1.200.000 familia eta enpresari baino gehagori. Haren eredua soldata elkartasunean oinarritua dago, eta langileek kudeaketan parte hartzen dute, horiek ere erakundeko bazkide jabeak badirenez gero. LABORAL Kutxak urteko etekinen %25 gizartean inbertitzen ditu atzera, eta eskakizunak erraz gainditzen ditu. Gizartean betetzen dituen zereginen artean, Gaztenpresa Fundazioa nabarmentzen da, 1994an sortu zenetik 7.300 negozio eta 13.400 lanpostu baino gehiago sortzea ahalbidetu baitu.