Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

HISTORIA

50eko hamarkada

Historia apur bat Bilboko Elizbarrutiko Caritas 1956eko azaroaren 28an sortu zen kanonikoki, baina urte batzuk lehenagotik baziren Cáritasen erakunde batzuk (Cáritas Española 1947tik, Caritas Internationalis 1950etik…) eta gugandik hurbilago, Parrokietako Karitate ‘Idazkaritzak’ edo `Batzordeak’. Denboran irauteko asmo garbiarekin, ordura arte egindako larrialdietako lanaz harago, erakunde horiek justizia sozialaren aldeko aukera garbi batekin sortu ziren.

Hala ere, gerraoste luzeak eta erregimenaren isolamenduak izugarrizko bizi-baldintza latzak ezarri zizkien Espainiako biztanle gehienei, bai nekazaritza eremuetan, bai –eta batez ere- hirietan. Hortik hasi zen laguntza lanik oinarrizkoena: Parrokietako Caritasek nazioarteko laguntza banatzen hasi ziren, batez ere Estatu Batuen Marshall Plan famatuaren bidez zetorrena, baina baita II. Mundu Gerran nahastuta egon ziren Ameriketako beste herrialde batzuetakoa ere. Ekintza horrek 14 urte iraun zuen (1954-68) eta Caritaseko 69.440 pertsonak hartu zuten parte, 63 elizbarruti, 181.000 eskola eta beste gizarte-erakunde batzuen bidez.

Testuinguru horretan, Bilboko Elizbarruti sortu berrian, (lehenago Gasteizko elizbarrutiaren barruan geunden) Elizbarrutiko Caritas sortu zen (orduan ‘Cáritas Diocesana de Acción Católica Española’ deitzen zen) 1956ko azaroaren 28an, honako asmoarekin: lehenagotik gauzatzen ari ziren “ekintzak bideratu, koordinatu eta bultzatzeko”, eta laguntza materiala banatze hutsetik harago joango zen jarduera bilatzeko.

Historia apur batHorrekin batera, xede hauek zituen: “Parrokietako Caritasek sustatu, suspertu eta laguntzea” eta “gure Elizbarrutiko ongintza-erakunde guztiei laguntza ematea”, baita kontzientziak prestatzea ere Erruki lanetan jarduteko”, lagun hurkoarekiko maitasuna idealtzat hartuta, eta “gure Elizbarrutiko azken behartsuarengana” iristeko asmoz. Sortu zen garaian, Parrokietako Caritasek Bizkaiko 106 parrokiatan zeuden antolatuta.
Esan bezala, egin zuten lehenengo lana nazioarteko laguntza banatzea izan zen, batez ere Estatu Batuetako Caritasek (CRS: Catholic Relief Services) bidaltzen zuen Amerikako Gizarte Laguntza (ASA). Esate baterako, 1957an bakarrik, Elizbarrutian milioi bat kilo baino gehiago banatu ziren janaritan, orduko pezetatan 41 milioiko balioa zutenak… izugarrizko dirutza garai hartarako.
1956ko urte amaieran, Caritas Lersundi 13ko lokal berrietara aldatu zen (Bilboko Zabalgunera) eta hantxe egon zen bere Zerbitzu Orokorretako egoitza, ia 40 urtean, harik eta 1995ean Erribera 8ra aldatu zen arte. Lokal hark lonja eta pisu bikoitza zeukan eta bulegoak, arropategia eta kontsultategia, beste zerbitzu batzuen artean; esaterako, geroxeago zabaldu zen ‘ongintza eta laguntzarako kontsultategia’.

1957an, Caritasen sartu zen ‘De Corazón a Corazón’ irrati-programa, bi urte lehenago sortua eta Radio Bilbaok (SER) hainbat urtean eman zuena. Arlo sozialari dagokionez, beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin batera, auzo pobreetan lanean hasteko batzordea edo patronatua sustatu zen; izan ere, Bilbo handira etortzen hasita zegoen barne-immigrazioaren eraginez, txabolismoa, infraetxeak eta jende-pilaketa kasuak gertatzen ari ziren. Bestalde, 1958an, ‘pasadizokoei’ laguntzeko lan antolatua egiten hasi ziren (gero ‘Aterpegabeak’ eta gaur egun ‘Etxerik gabeko Pertsonak’deitzen zaienak). Bada beste arlo bat Elizbarrutiko Caritas laster nabarmendu zena, hots, larrialdiengatik premian ziren pertsonentzako laguntza, izan barnekoak nahiz kanpokoak; horietan lehena 1957an Valentzian izan ziren uholdeetako kaltetuentzako laguntza izan zen, egun gutxitan milioi bat pezeta baino gehiago bildu baitziren.

60ko hamarkada

Historia apur bat

60ko hamarkadan, Caritasek ekintza-lerro argi eta zehatzak zituen lehenengo plana atera zuen. Hauek ziren ildo nagusiak: pobreziaren azterketa orokorra, horren kausak, kokapena, diagnostikoa (‘Ondasunei buruzko Kristauen Jakinarazpena’ izeneko Plana eta lehenengo ‘FOESSA’ txostena)…; asistentzia hutsetik harago doazen jarduera sozialak bultzatzea, pobrezia arintzeko eta horren kausak aldatzeko; Caritasen bidezko karitate-ekintzaren oinarri pastoralak eta eklesiologikoak; eta, azkenik, Caritasen egitura bera finkatzea.

Arlo ideologikoari dagokionez, aurreko hamarkadatik lantzen hasita zegoen ongintza-laguntza hutsetik arlo sozialera pasatzeko ideia, garai hartako hizkeran honela adierazten zena: “pobreei eta behartsuei gizarte-bizitzan sartzen laguntzea”. Hori lortzeko, euren kabuz baliatzen erakutsi behar zaie, eurek ere zerbaitetan lagundu dezaketela ikusarazi. Zerbitzu-hartzaile hutsak ez izatea lortu behar da. Oso hezigarria eta prestatzailea izan daiteke hori, eta, gerora begira, karitate-ekintzarekin batera, kristauen birsorkuntza sozialerako lana egingo duzue”. Ikusten denez, garai hartarako oso gauza berria zen eta gaur egun ere guztiz baliagarria da gure lanerako.

Urte haietan laiko asko sartu ziren Caritasen eta, arlo sozialari begira, susperraldi bat gertatu zen gerraoste luze hartan, baita nekazaritza mundutik hirietarako barne-immigrazio masiboaren hasiera ere, horrek zekartzan arazo berriekin: txabolismoa, deserrotzea, nekazari-herriak jendez hustea, etab. Horrela sustatu zen, esaterako, ‘Nazareth Ongintzako Eraikuntza Enpresa’ ‘behartsuei etxea lortzea’ zuena helburu, eta horretarako hainbat ekintza gauzatu zituena. Bestalde, garai hartan hasi zen Caritaseko eragileei prestakuntza ematen; esate baterako, ‘Karitatezko bisitarientzako prestakuntza ikastaroa’, ezagutzen dugun lehenengoa hain zuzen, eta oinarrizko ezagutza batzuk hartzen zituena barne: gizarte-laguntza, moral profesionala, psikologia, etab.

60ko hamarkadako lehen urteetan, behin eta berriro esaten zen Elizbarrutiko Caritasen eta Parrokietako Caritasen ahaleginak bateratu beharra zegoela. 1962an, “Karitatearen txokoa” sortu zen. Urte batzuk lehenago sortutako irrati-programa ‘El Correo Español-El Pueblo Vasco’ egunkarira eramatea izan zen (antzeko ekimenak egon ziren ‘La Gaceta del Norte’, ‘Hierro’, ‘Radio Juventud’ eta ‘Radio Popular-Herri Irratian’ ere). 1962ko urte horretan bertan, sentsibilizazio kanpaina handi bat egin zen, lehen aldiz, Bilboko Elizbarrutiko Caritasentzat dirua eta bazkideak lortzeko, goiburu honekin: “ZU… eta DENOK: Caritasen bazkide”. Ordura arte, erakundearen finantzabideak partikularren dohaintzak ziren edo parrokietan egiten ziren diru-bilketak eta Karitate egunean (Corpus Christi) biltzen zena. Lehenengo kanpaina horrek arrakasta handia izan zuen, eta 560.000 pezeta baino gehiago bildu ziren. Elizbarrutiko Caritasek 1.000 bazkide inguru ditu, eta kopurua hazten doa urtez urte.

Garai horretan Caritasentzat garrantzi handia duen ‘Atal‘ bat sortu zen: Ikerketa Atala, Caritas Nazionalak aipatu den “CCB Plana” prestatzeko elizbarrutietako Caritas guztiei egin zien laguntza-eskaeraren ondorioz: Hasteko, pobreziari buruzko ikerketa monografiko bat egin zen (gaur egun ‘Errealitatearen Azterketa’ deitzen dioguna) gure Elizbarrutiko 23 eremutan. ‘CCB Planaren’ helburu nagusia hau da:

“Ondasunen zabalkuntza gero eta handiagoa lortzea kristauen artean eta premian daudenen artean, kristauak izan edo ez izan, hartara, ondasunen jabe direnak behartsuekin solidario izan daitezen, haien eskura jarriz behar adinako laguntzak, asistentzia- eta gizarte-zerbitzuak […] lehenengo kristauek egiten zuten bezala, ondasunak denen artean partekatuz, Elizak maitasunaren lekukotza eraginkorra ematen jarraitu dezan sufritzen dutenen aurrean”.

70eko hamarkada

Historia apur bat

70eko hamarkadan aldaketa politiko, sozial eta erlijioso handiak gertatu ziren (demokraziarako trantsizioa; turismoa industria gisa; barne-immigrazioaren jarraipena) eta, horrekin batera, hurrengo hamarkadan gogor jo gintuen krisi industrialaren zantzuak agertu ziren. Lehenengo urteetan aurreko aldian bezalako lana egiten jarraitu ondoren, Bilboko Elizbarrutiko Caritas, ongintza eta asistentziaren garaiak gainditu, eta arlo sozialeko ‘eskubideak eta betebeharrak’ aipatzen hasiko da; eztabaida sortuko da gai batzuen inguruan, hala nola aberastasunaren jatorriaz edo herritarrek gero eta gehiago egiten dituzten eskakizun sozial berriei buruz.

Horrela, 1970ean, ijito-etniako pertsonentzako eskola bat inauguratu zen Otxarkoagan, eta, Bizkaiko Ijitoen Apostolutzarekin batera, Caritasek –lehen egiten zuenaz gainera– “ijitoak, presoak, gaixo sendaezinak, minusbaliatu psikikoak eta zaharrak” zaintzera bideratzen ditu bere kezkak. Orduantxe hasi ziren ‘Haurrentzako udalekuak’ eta langileentzako iturgintza, soldadura, elektrizitate eta beste arlo batzuetako prestakuntza ikastaroak ere. Bestalde, 1974an, Elizbarrutiko Caritasek egiten zuen janari-banaketa amaitu zen, janari-laguntzarako programa nazionala bukatu zelako. Hondamendiak edo larrialdiak dituzten herrialdeei laguntzen jarraitzen da: Peru, Nikaragua, Vietnam…

Caritasek aukera irmoa egiten du justizia sozialaren alde, Vatikanoko II. Kontzilioan onartutakoarekin bat eginez. Horrela hasi ziren familia-elkarte eta auzoetako mahai-inguruak, gaur egun ezagutzen ditugun auzo-elkarteen hazia izan zirenak. Honako helburua zuten: “elkarteen gaur egungo arazoak aztertzea; arlo horretan lanean ari direnak harremanetan jartzea eta lanean eraginkor izateko bide berriak bilatzea”.

 

Caritasen kanpainetan honako hau azpimarratzen zen:

“Caritas Elizaren zerbitzua da, gizarte- eta karitate-ekintza mundu osoan gauzatzeko, pobreziaren eta bidegabekeriaren aurka egitea du helburu, eta horretarako, arazoen sustraira jotzen du eta arazo horiek errotik kentzeko bideak eta ekintza egokiak sustatzen ditu: bidegabekeriaren aurka egiteko, horixe baita pobreziaren kausa nagusia”.

1975ean, Caritasen XXIV. Batzar Nagusiak ’Caritasen Gizarte Ekintzarako irizpide nagusiak’ ezarri zituen; honako xedeak aipatzen dira argi eta garbi: “gizakiaren garapen osoa sustatzea, bidegabekeria egoerak salatzea eta pobreziaren kausei aurre egitea dira gizarte-aldaketa ekarriko duten ekintzak”. 1975eko ostegun Santuan, -Franco hil baino hilabete batzuk lehenago- lehen aldiz, bi hizkuntzatan egin zen kanpaina, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz: “Nun dezu senidea? ¿Dónde está tu hermano?”

Urte batzuetan krisi orokorrean sartuta egon ondoren, hala nola gizartean, politikan, Elizan eta ekonomian (aldaketa handiak gertatu ziren oso denbora gutxian, guztiarekin hautsi behar zela zirudien, eta Caritasek ere bere haragian sufritu zuen krisia); 70eko hamarkadaren azken aldera, Caritasek langabeziaren aurkako programak abiarazi zituen, izan ere, hamarkadaren bukaeran bi milioitik gora zeuden langabezian. Caritasek hain zuen izen ona, ezen urte horietan inoiz Caritasen esku utzi baitzen greban zeuden langileei erresistentzia kutxatik soldata ordaintzeko ardura, ezkerraldeko zenbait herritan.

Aldaketa-urte horiek Caritasen finantza-baliabideetan ere aldaketa ekarri zuten: itsulapikoen ohiko sistema alde batera utzi eta sentsibilizazio eta diru-bilketarako kanpaina sendoagoak egin ziren; horietako bat bereziki indartsua izan zen eta herritarrei laguntzeko gonbita egiten zitzaien goiburu honekin: “Te necesitamos: hazte socio de Cáritas / Bear zaitugu: batzarkide egin zaitez”.

80ko hamarkada

80ko hamarkadan, krisi ekonomikoak okerrera egin eta langabezia izugarri igo zen. Euskadin biztanleria aktiboaren langabezia-tasa %20tik gora jarri zen eta Bilboko Elizbarrutiko Caritasek Lanean Txertatzeko Programa izan zuen bere gizarte-ekintzarako baliabide nagusia; enplegurako prestakuntza eta lanerako orientabideak sustatu zituen gehienbat (hamarkada horren amaieran ‘Norabide’ programa eta auto-enplegurako laguntzak –interesik gabeko kredituak- sortu ziren).

Hamarkada horren hasieran, Caritasek bizi zuen ekonomia- eta identitate-krisitik irteteko ahaleginak egin zituen, eta horretarako zuzendari berria izendatu eta kudeaketa eredua aldatu zuen. Boluntarioen aldeko apustua egin zuen, ez bakarrik Parrokietako Caritasetan, baita Zerbitzu Orokorretako programetan ere, eta apurka-apurka, zulotik irteten hasi zen.

1983ko uholde ikaragarriak erronka handia izan ziren Caritasentzat eta, oro har, Elizarentzat; baina onik atera zen proba hartatik, Estatutik eta atzerritik etorritako laguntza publiko eta pribatuen kudeaketa eraginkorra egin baitzuen Bilboko Elizbarrutiko Caritasek: kaltetuentzako ekipamendua eta etxeen kudeaketa; interesik gabeko maileguak ematea; kalteak izan zituzten enpresa txiki eta ertainentzako laguntza, eta abar; hori guztia teknikarien bidez eta diziplina askotako boluntario-talde oso kualifikatu bati esker egin zuen, eta hor jarri ziren ‘Bultz-Lan consulting’ delakoaren oinarriak, 1989an.

Talde baztertuekin lanean jarraitu (ijitoak, pasadizokoak…), eta ‘Marjinazioaren Mahaia’ sortu eta bultzatu zen; hor koordinatuko ziren garai hartan ‘marjinazioa’ deitzen zitzaion eremuan lan egiten zuten administrazioak eta erakunde pribatuak, denen ahaleginak bateratzeko asmoz. Bilboko Elizbarrutiko Caritas arropategiak eta ‘jantokirako txartelen’ banaketa kudeatzen hasi zen, eta Luberri zentroa ireki zen etxerik gabeko pertsonentzat.

Garai hartan beste arazo larri bat agertu zen: drogaren arazoa. Horren aipamena egin zuen euskal Elizak 1984ko Gotzainen Gutun Pastoralean: “Gazteriaren droga mundu iluna” izenekoan. Konpromiso hori hartuta, Caritasek ‘Gizakia Helburu’ proiektua abiarazi zuen Bizkaian; oraindik ere horren presidentea Bizkaiko Caritasen Zuzendaria da.

Estatuari dagokionez, ikerketa erabakigarriak egin ziren Caritasen sentsibilizazio eta salaketa lanaren baitan; esaterako, “Pobreza y marginación” (1983) eta “La pobreza en España. Extensión y causas” (1986). Ikerketa horien arabera, Espainian 8 milioitik gora dira pobrezian bizi direnak (biztanle guztien %20). Datu hori ez zitzaien batere gustatu erakunde ofizialei.Urte horietan ‘Caritasen aurpegi berriari’ buruzko hausnarketa egin zen, eta gehiago sakondu zen pertsonaren sustapenerako eta komunitate-garapenerako xedeetan. Horrez gain, nekazaritza munduko animazioari ekin zitzaion. ‘Caritasen aurpegi berri’ horrek egituratzen ditu Sektoreko Caritasak, Bizkaiko eskualdeetako gizarte- eta karitate-ekintzaren erreferente gisa, eta “daukaguna baino gehiago, gu garena” besteekin partekatzeko gonbita egiten du [ikusi dokumentuaren 8. orrialdea].

90eko hamarkada

90eko hamarkadan argi ikusten da gizarte-egiturek ordura arte ezagutzen ez ziren bazterkeria-mota berriak sortzen dituztela (familia desegituratuak,edadetuak. kanpo immigrazioa, etxebizitza lortzea…), eta lehendik baztertuta daudenen betiko bazterkeria areagotzen dutela. Horrek esan nahi du gero eta espezializazio handiagoa behar dela erantzunetan. 1994ko ‘FOESSA Txostenak’ erakusten duenez, pobrezia larria (“bazterkeria larria”) gutxitu egin da, baina pobrezia ertaina handitu.

1990etik aurrera, administrazioak ‘Gizarte-laguntzako soldatak’ sortzen ditu, (IMI), AES, Oinarrizko Errenta… “Pobreziaren aurkako lehenengo Euskal Plana” gauzatuz, eta Caritas asistentzia sustatzera bideratzen du bere ahalegina, ‘Aurpegi Berriko Caritas’ horrek proposatzen duenaren ildotik. Sentsibilizazio eta diru-bilketarako lau kanpaina finkatzen dira hiru hilean behin, baina betez ere barrura begira; hala ere, komunikabide batzuetan tarteka agertzen dira eta beste batzuetan maizago (Radio Popular, Bizkaia Irratia).

Horrez gain, beste garai batzuetan egindako saio batzuen ondoren, azkenean, 1998an, aldizkari bat argitaratzen da Bizkaiko Caritas osoak egindako lanaren berri emateko gure bazkide, boluntario eta parrokiei, baita erakunde publiko eta pribatuei ere, eta “Bihotzez” aldizkaria bidaltzen zaie. Hamarkada horretan, Caritas gehiago irekitzen da gizartera eta hainbat foro, plataforma eta koordinakundetan hartzen du parte. 1997an, oinarrizko partaideek hausnarketa-fase bat egin ondoren, Bizkaiko Caritas guztiaren ‘Guztion proiektua’ onartu zen. Proiektu horretan gure Elizbarrutiko Lurraldeetako Cáritasei (Sektorekoak [orain Unitate Pastoralak], Bikariotzak, etab.) laguntza ematea lantzen da.

Azkenik, Caritasen ‘Nortasunari’ buruzko hausnarketa bateratua egiten da, eta horren ondorioz bi dokumentu ateratzen dira, mende aldaketaren mugan bertan: ‘Nor gara?’ eta ‘5 erronka gero eta Caritasago izan gaitezen’. Dokumentu horietan erakunde osoak ikusten eta sentitzen du bere burua islatuta, eta hori da gaur egun daukagun jarduera guztiaren oinarri ideologikoa.