Gaztelania | Euskera

PERTSONEN SALEROSKETAREN AURKAKO EUROPAKO EGUNA

Urriaren 18a, Pertsonen Salerosketaren aurkako Europako Eguna. Caritasek ohartarazi du pandemiak arrisku handia dakarrela salerosketaren biktimentzat, eta babes-neurriak eskatu ditu. Pandemiak gizakien salerosketaren biktima direnen babesgabetasuna handitu du

Urriaren 18a Pertsonen Salerosketaren aurkako Europako Eguna da, eta uste dugu aukera ona izan daitekeela koronabirusaren pandemiak ekarritako arriskuen inguruan ohartarazteko. Izan ere, delitu horren biktima diren pertsonen egoera are babesgabeagoa izango da orain, eta kasu horiek identifikatu eta babesa bermatzeko neurriak hartu behar ditugu berehala.

Caritas Bizkaiak zuzenean ikusi du gizakien salerosketaren biktima direnen giza eskubideak etengabe urratzen direla, eta Covid-19ak egoera hori larriagotu egin duela.

Antzeman eta identifikatzeko zailtasunak

Arlo horretan lan egitea konplexua da, berez, baina orain pandemiak sortutako zailtasunak batu zaizkio. Alarma-egoeraren ondoriozko konfinamenduak are babesgabeago bihurtu du salerosketaren biktimen egoera. Esaterako, beren esplotatzaileekin daukaten “zorra” ordaintzen jarraitu behar dute, diru-sarrerarik gabeko sasoi batean. Horretaz gain, delitu horren biktima diren pertsonak identifikatzea oso zaila da, eta birusa hartzeko arrisku handia dute; batetik, prebentziorako baliabide gutxi dituzte eskura, eta, bestetik, osasun sistema baliatzeko muga handiak dituzte, kutsatze-kasuak tratatu ahal izateko.

Caritas Bizkaiak ondo ezagutzen du errealitate hori. 60 urtetik gora daramatza bazterkeriaren eremu horretan lanean, beraz, errealitatearen nondik norakoak somatu ditzakegu, eta egoera horietan dauden biktimei bide-laguntza emateko egokitu.

Pertsonen salerosketak giza eskubideak larriki urratzen ditu, eta delitu gisa tipifikatua dago gure Zigor Kodean, 2010etik, hainbat modalitatetan, hala nola derrigortutako ezkontzak, eskaletasuna eta delituak egitea, organoak kentzea eta laneko esplotaziorako salerosketa, beste batzuen artean. Baina denetan ezagunena esplotazio sexuala helburu duen salerosketa da.

Salerosketaren 2,45 milioi biktima mundu osoan

Uste dugu urtean 2,45 milioi pertsona direla salerosketaren biktima mundu osoan. Kopuru horretatik, ehundaka mila Europan gertatzen dira, edo Europa dute helburu.

Gizakien Salerosketaren aurkako Borrokaren inguruko Europako Kontseiluko Aditu Taldeak apirilean aurkeztu zuen urteko IX. txostena, eta ohartarazi zuen azken urteetan salerosketaren biktimen kopurua handitu egin dela. 2015 eta 2018 urteen artean metatutako datuek baieztatzen dute % 44 igo dela Europako Kontseiluko kide diren 47 herrialdeetan. 2018an 15.310 biktima izan ziren, eta 2015ean 10.598.

 

Zenbat eta handiagoa izan babesgabetasun sozioekonomikoa, orduan eta handiagoa izango da kaptazio arriskua

Salerosketaren aurkako Europako Egun honetan, urgentea da, gainera, ikusaraztea zenbaterainoko ondorio sozioekonomiko larriak uzten ari den pandemia babesgabetasun handieneko egoeretan dauden pertsonengan, kasu honetan, salerosketaren biktimengan. Pobrezia, diskriminazioa, oinarrizko eskubideak baliatzeko ezintasuna, genero desberdintasuna, gatazka edo hondamendi naturalak… faktore horien aurreko babesgabetasuna are handiagoa da gaur egun; pertsona askoren prekarietate egoera handitu egin da, eta, ondorioz, gizakien salerosketaren biktima izateko aukerak ere bai.

Honen moduko egoerak erronka handia dira Caritasentzat. Biktimen babesa eta sendaketa dira funtsezkoak guretzat, giza eskubideetan oinarrituta eta pertsona erdigunean jarriz.

Frantzisko Aita Santuak uztailean, Pertsonen Salerosketaren aurkako Munduko Egunean, esan zuen moduan, “giza duintasuna urratzen duen izurritea da”.  Hori guztia dela eta, Caritasek Europako eta Espainiako Administrazio publikoei dei egin nahi die gaitz horren aurkako neurriak hartzeko eta delitu horren biktimak identifikatu eta babesten direla bermatzeko. Borondate politikoa eta elkarlana behar ditugu, pertsonak erdigunean jarriz, eta horrela lortuko dugu babesa ematea.

(Caritasen estatu konfederazioaren Prentsa Oharraren laburpena)

SALEROSKETARI BURUZKO IRRATI-SOLASALDIRAKO ESTEKA

Leave A Comment