Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Omenaldia Getxon

BESTE BI-REN ADIERAZPENA GETXOKO UDALERRIAN ETXERIK GABEKO PERTSONA BATEN HERIOTZAREN AURREAN

Getxo, 2015eko apirilaren 27a.- Plaza honetan gaude Manuel Jesús heriotza gogoratzeko. 49 urteko portugaldar hori Arrigunagako hondartzan agertu zen hilik iragan apirilaren 13an, astelehena.

Etxerik gabeko pertsonen etxebizitza-eskubideen aldeko Beste Bi plataformaren omenaldia da hau. Izan ere, apiril honetan gure zortzigarren urteurrena ospatzen dugu plataforma gisa.

Manuel Jesús aldi batez Getxon etxerik gabeko pertsonentzat dauden baliabideetara etorri zen (Karitatearen Alaben jantokira eta bere hitzorduetara, zegokion gizarte langilearekin). Une batean, joateari utzi zion, eta ez zen haren berri gehiagorik egon. Lotura zuen San Nikolas Parrokiarekin,  eta, inguru horretan, ezagutu eta estimatzen zuten.

Bestalde, iragan urrian, EAEko etxerik gabeko pertsonak zenbatu genituen Getxoko Udalarekin, EAEko beste udal batzuekin, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Bertan azaldu genuenez, gure udalerrian kalean lo egiten zuten etxerik gabeko 20 pertsona zeuden. Denbora igaro da, eta etxerik gabeko pertsona bat, ekimen horretan zenbatu ez genuena, apirilaren 13an hil da, BAKARRIK, inolako arretarik edo babesik gabe, erabat baztertua… eta geure buruari hauxe galdetzen diogu: “Nola da posible, gurea bezalako gizarte batean, pertsona hauetaz ez arduratzea?”. Getxon, Estatuko Per Capita Errentarik handienetako bat dugu. Nolanahi ere, zerbaitek huts egin du honelako ezbeharra gertatzeko.

Aintzat hartzen dugu EAEko Administrazio Publikoek horrelako azterketak egiten laguntzea, baina konponbide egonkor eta duinak eskatzen ditugu pertsona horientzat guztientzat, gizarte-bazterkerian dagoen talderik ikusezinena baita.

Gure ustez, Gizarte bezala erantzukizun partekatua dugu, eta Administrazioak liderra izan behar du babesgabetasun eta bazterkeria maila handian dauden pertsonen arreta integraleko politikak egiteko. Adierazi nahi dugu, beste behin ere, prest gaudela gure partea onartu eta elkarrekin lan egiteko, pertsona horien egoera hobetze aldera. Halaber, funtsezkoa da egoera horiek pairatzen dituzten pertsonei entzutea, baita kalea lan-eremutzat daukagunoi ere.

Ildo horretan, deialdia egin nahi dugu eta euskal administrazio publikoari eskatzen diogu estrategia ezar dezala EAEn etxegabetasuna deuseztatzeko, izan ere:
1.- Egindako azterketen garrantzia ikusita, aurrera egiteko unea dela uste dugu. Estrategia behar dugu Euskadiko etxegabetasuna deuseztatzeko. Politika globala Etxerik gabeko pertsonak artatzeko.
2.- Uste dugu une egokia dela. Une zaila izan arren, administrazio publikoen aurrekontu faltagatik, Europa mailan abagunea daukagu:
– Europa 2020 Estrategiaren helburuek eta Europako Gizarte Fondoaren Arautegiak ezartzen dutenez, horniduraren %20a bideratu behar dela gutxienez gizarteratzea sustatzeko eta pobreziaren aurka egiteko. Honen aurrean, baliabide falta ezin da inoiz aitzakia izan.

3.- Eta azkenik, pertsonek hala eskatzen dutelako eta guk pertsonen alde lan egiten dugulako:
– Aterpea zabaltzea urte osorako: Larrialdi protokoloa ez bakarrik muturreko baldintza meteorologikoko egunetan.

– Sentsibilizazioa eta kolektiboa ikusaraztea Getxo udalerrian: Bideak jartzea parte hartzeko, normalizatzeko, salatzeko…

– Eskubideak:
o Berdintasuna
o Etxebizitzarako eskubidea: Etxe hutsen erabilera: gizarte baliabideetarako, etxebizitzetarako…
o Hezkuntzarako eskubidea: Prestakuntza-eskaintza gehiago bazterkerian dauden pertsonentzat
o Gizarte babesa: Gizarte laguntza gehiago / gizarte baliabide gehiago

– Enplegua:
o Udalerrietan lanpostu batzuk txandakatzea.
o Lanpostuak sustatzea bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat

– Izapideak:
o Bizkortasun handiagoa bazterkerian dauden pertsonen izapide burokratikoetan.

o Erraztasun handiagoa erroldatzea lortzeko, sustraitzea hauen bidez froga daitekeenean: Jantoki soziala, gizarteratze zentroak, hitzorduak gizarte-langilearekin…

2015a dramatikoa izaten ari da pertsona horientzat. Beraz, ekitaldi hau amaitzeko, minutu bateko isiltasuna egingo dugu Enzo eta Alex gogoratzeko. Enzo urtarrilean hil zen, eta Alex martxoan, Bilboko kaleetan. Era berean, astelehenean Getxon hildako Manuel Jesúsen heriotza salatu nahi dugu. Kalean hildako gehiagorik ez!

Etxebizitza-eskubidea aldarrikatzen dugu, guztiok dugun eskubide gisa, eta ez asmoen aitorpen soil gisa.

Etxebizitza publikoa, pertsona guztientzat nahikoa, duina eta egokia.

 www.bestebi.net

Leave A Comment