Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

“NEGUA JOAN DA TA…”

BESTEBI PLATAFORMAREN KOMUNIKATUA

NEGUA BUKATU DA, BAINA ETXERIK GABEKO PERTSONEK HOR JARRAITZEN DUTE

BILBO, 2018ko APIRILAREN 26a – Urtero, negu sasoian, komunikabideetan etxerik gabeko pertsonen inguruan hitz egiten da; kalean lo egiten duten horietaz… Kezka edo jakin-mina izaten dugu, non lo egingo duten, nola babestuko diren hotzetik, zer jango duten, zerbait beroa hartzerik izango duten…


Neguko aterpetxeei, jantoki sozialei, kalean bizi direnei janari eta edari beroa ematen dieten pertsonei eta abarri buruzko albisteak entzuten ditugu.

Une horietan, herritarrok, kontzientzia hartzen dugu, albiste horien bidez, badaudela gure artean etxerik ez duten pertsonak.


ETA NEGUA AMAITZEN DENEAN? EDUKIKO AL DUTE GAUA PASATZEKO LEKU EGOKIRIK?
EGUNERO JANGO AL DUTE? EDUKIKO DUTE AHORATZEKO JAKI BERORIK? NON EMANGO DUTE DENBORA? LUZE EGINGO AL ZAIZKIE EGUNEKO 24 ORDUAK? JOANGO AL ZAIE NORBAIT BISITAN?

Negua joan da, baina etxerik gabe egotea ez da urte sasoi kontu bat. Euskadin 2.000 pertsonatik gora bizi dira etxerik gabe; eta horietatik 300 inguruk kalean lo egiten dute.
Ez da neguko kontu bat, hainbat urte iraun ditzakeen ibilbide luze, neketsu eta mingarria da. Pertsona horiek urteko egun guztietan dituzten beharrizanak, besteok bezala, nahiz eta asko neguan soilik oroitu haietaz.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak zer dauka jasota: … ”pertsona guztiek daukate bizi-maila egoki bat izateko eskubidea, haiek eta beren senideek osasun eta ongizatea izateko, eta bereziki, elikadura, arropak, etxebizitza, arreta medikoa eta beharrezko gizarte zerbitzuak izateko; era berean, langabezia, gaixotasun, baliaezintasun, alarguntasun, zahartzaro edo beren borondatez kanpoko bestelako galera batzuen ondoriozko kasuetan bizirauteko baliabide eta aseguruak jasotzeko eskubidea ere badute”.

Duintasuna eta eskubideak… urteko 365 egunetan.


Bide batez, negu honetan Bizkaian hildako etxerik gabeko pertsonak ekarri nahi ditugu gogora, gaur bereziki. Bat ere ez da kalean izan, baina bai ospitaletan, partekatutako etxebizitzetan, bestelako baliabideetan… tokatzen zena baino lehen hildako pertsonak; bazterkeria, bakardadea, tristura eta desesperazioaren ondorioz. Aurrera jarraitzea merezi zuten bizitzak. Guzti horien omenez, gure maitasuna. Gogoan izango ditugu.

Leave A Comment