Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

«moda re-» jaio da

Caritasek «moda re-» atera du, irizpide etikoen bidez arropa birziklatzeko proiektua, pertsonak gizarteratzeko: 

  • Euskadin batera erabiliko dira “Moda RE-” marka berria eta egungo “Koopera”
  • Ekonomia solidarioko ekimen hau dagoeneko errealitatea da, 750 enplegu sozialek eta 1.000 boluntariok babestuta
  • Espainia osoan 80 salmenta-puntu ditu, erabilitako arropa jasotzeko beste 3.800 puntu eta kudeaketa integraleko 3 lantegi
  • Proiektuak erabilitako 30.000 tona arropa kudeatzen ditu urtean, eta ondorioz 56 milioi metro kubiko ur eta 680 tona CO2 aurrezten dira

Caritas. 2018ko apirilak 24.- Espainiako Caritasen konfederazioak moda re- proiektua atera du. Estatu mailan bigarren eskuko arropa birziklatzeko ekimen handi hau irizpide etikoetan dago oinarrituta, eta ekonomia solidario eta iraunkorreko eredu honek gizarte-bazterkerian dauden pertsonak gizarteratzeko enplegua sortzen du, Caritasen laguntzarekin betiere.

Lan komuneko esparrua lortzeko koordinazio eta eraldaketa prozesu neketsuaren ostean, Espainia osoko Elizbarrutietako 29 Caritasek sinergiak batu dituzte eta bigarren eskuko arropa birziklatzeko proiektua sortu dute, iraunkortasunaren eta balio etikoen irizpideekin.

80 denda eta 3.800 bilketa-puntu

Moda re- baterako ibilbide horren fruitua da. Proiektua gaur aurkeztuko da Madrilen, eta dagoeneko errendimendu osoz ari da Espainia osoan erabilitako arroparen dohaintza eta salmenta sozialeko 80 puntutan, 3.800 bilketa-puntutan, 23 transferentzia-lantegitan eta teknologiarik berrieneko kudeaketa integraleko beste 3 lantegitan.

Caritasek laneratzeko proiektu guztietan bultzatutako ekonomia solidarioko ereduarekin bat etorrita, “arropa birziklatzen dugu, pertsonak gizarteratzen ditugu” lelo erakargarriarekin jaio da moda re-.

750 enplegu sozial eta 1.000 boluntario

Ekonomia zirkularreko egitura baliatuta, arropa birziklatzeko proiektuak bere jardueraren erdigunean jarri nahi ditu pertsonak. Horretarako, enpresa-jarduera kontsumo iraunkorrean oinarritzen da, eta Caritasen harrera eta laguntza programetan parte hartzen duten eta gizarte-bazterkerian dauden pertsonentzat enplegu normalizatua sortu nahi du.

Proiektuaren zifrek bi helburuak islatzen dituzte: Moda re- markaren funtzionamendua 750 enplegu sozialetan eta Espainia osoko 1.000 boluntarioren babesean oinarritzen da. Horrekin batera, planetaren iraunkortasunarekiko daukagun konpromisoa beste indarguneetako bat da. Izan ere, ehungintzako proiektu honen jarduerari esker, 56 milioi metro kubiko ur aurreztu eta atmosferara 680.000 tona inguru CO2 inguru isurtzea saihestuko da.

Ber-erabili ber-eraikitzeko

Ekimen sozial honetarako markaren izenaren hautaketa ez da zorizkoa. Rubén Requena proiektuaren koordinatzaileak dioenez, “moda re-  esatean, jaso, ber-erabili edo bir-ziklatzeko garrantzia balioan jarri nahi izan dugu gizarte-egoera prekarioan dauden pertsona guztien biografiak ber-eraiki, ber-abiatu, ber-enplegatu edo ber-pizteko”.

Erabilitako arroparen kudeaketa eraldatzeko Caritasek egin duen apustuak jarduera horren kontzeptua aldatuko du, tradizioz arropategien bitartez egiten baitzen. “Arropari eta behar dutenei bizitza berria emanda –gehitu du Rubenek- proiektu honen bitartez, kostatzen dena baino gehiago balio duela ulertzen da; izan ere, ez da gauza bera erabilitako arroparekin negozioa egitea edo justizia soziala egitea”:

Enplegu sozialaren aldeko apustua

Desberdintasunak, Natalia Peiro Caritaseko idazkari nagusiak ziurtatzen duenez, “nabariak dira; izan ere, moda re- markari esker, lurraldean enplegu soziala sortu, jarduera eraldatzailean parte-hartze soziala sustatu, berrerabiltze eta birziklatze ratioak hobetu eta, gainera, hondakinen udal kudeaketan aurreztu egiten da”.

Caritaseko programa sozialetan parte hartzen dutenen laneratzea bultzatzeaz gain, proiektuari esker, jantziak behar dituztenek modu duinean jasotzen dute arropa, eta salmenta-puntuetan jaso ahal izango dute gainerako bezeroek bezala, baina doan.

Berrikuntza teknologikoa

Iraunkortasun ekonomikoarekin batera, moda re- markak hitzarmenak egin ditu modaren arloko bazkide pribatuekin, ikerketa proiektuen bitartez berrikuntza teknologikoaren alde egiteko, erabilitako arropatik zuntz berriak eta deribatuak lortze aldera.

Gaur Madrilen egindako aurkezpen-ekitaldian, Ana María Girónek hartu du parte. El Sembrador Berreskuratze Dendetakoa da, Cáritas Albaceteko El Sembrador Fundazioko proiektu batekoa, eta egunero Estatu osoan banatutako 80 dendek funtzionatzeko gakoak azaldu ditu.

“Ekonomia solidarioaren eredu honekin –ziurtatu du- arropari eta behar dutenei bizitza berria ematen diegu, betiere laguntza-harremanaren duintasuna zainduz eta, gainera, diru-laguntzarik behar izan gabe”.

info +: www.caritas.es – www.koopera.org

https://www.caritasbi.org/cas/que-hacemos/intervencion-social/ropa/

 

Leave A Comment