Gaztelania | Euskera

Migratzailearen Eguna

Gaur egun, Covid-19ak monopolizatutako egoera honetan, ahaztu egiten zaigu beste errealitate batzuk ere badaudela. Hala ere, horietako batzuk oso presente daude testuinguru honetan, hala nola migrazioen gaia. Aste honetan horretaz hitz egin da, izan ere, abenduaren 18a Migratzailearen Eguna dugu.

Urte honetan, osasun-egoera ahaztu gabe, Lankidetza eta Migrazio Arloak eta Zaindari taldeak (zurrumurruen aurkako “Argi Ibili, No te encalles” estrategiarekin eta ikastetxeetan sentsibilizazioa emateko “Bihotzondoz Eraturik” izeneko proiektuarekin lotuta), aktiboki parte hartu dute sentsibilizazio eta prestakuntza jardueretan, Caritas Bizkaiaren barruan zein hortik kanpo.

Batetik, hainbat prestakuntza eskaera izan dira, bai migrazioekin lotutako legeriari, baita kultura aniztasunari dagokionez ere.

Arlo juridiko eta administratiboarekin erlazionatutako prestakuntzari dagokionez, gehien eskatu direnak honakoak izan dira: Komunitate Erregimena, Atzerritartasun Legea, Asilo Legea, Nazionalitatea, Giza Eskubideak…  Legeria eta migratzaileek praktikan dituzten zailtasunak ezagutzea lagungarria da zurrumurruak desmuntatzen laguntzeko.

Era berean, eskaera asko egon dira kultura arloko prestakuntzarako. Askotan, jatorri, ohitura edota erlijio ezberdinak dituzten pertsonekin egiten dugu topo. Ezagutza faltak eta informazioa erdizka ematen duten komunikabideen eraginak asko baldintzatzen du gure jokabidea; ugaritu egiten dira migratzaileen inguruan ditugun aurreiritziak, eta elkarbizitza konplikatu egiten da. Kultura, historia eta bestelako aspektu batzuen inguruko informazio gehiago izatea komenigarria da, aurreiritzi eta estereotipiak alde batera uzteko. Ezagutza ezjakintasunaren aurkako neurri eraginkorrena da, dudarik gabe, eta, prestakuntza-saio horien bidez, jendeak beste ikuspegi bat hartzen du errealitate anitz horren aurrean.

Bestalde, sentsibilizazio arloan, aurten, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzari esker, ipuin bat argitaratu dugu: “Soraya Printzesaren kezkak”; “Ahotsak” bildumako lehenengo kontakizuna (Balioetan Hezteko Bilduma).

Azaroaren 3an ipuinaren aurkezpen ofiziala egin zen, eta, horren ostean, ipuina zaindarien taldeko bi boluntarioren eskuetatik ibili da, ikastetxeetan eta Caritaseko haurtzaro proiektuetan. Biek aurkeztu dute istorioa ipuin-kontalari baten bidez, eta ez dira falta izan musika, magia eta sormena.

Ipuin horren bidez, txikien artean (lehen hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloak) elkarrizketa zabaldu ahal izan dugu, eta pentsarazi diegu ea zer egin dezakegun, geure lekutik, beste leku batzuetatik datozen pertsonei harrera egiteko, ondo sentiarazteko eta beldur eta zurrumurru faltsuen artean eraikitako horma horiek botatzeko.

Lan hori sendotzeko, zaindariek prestakuntza-eremu aurreratuagoetan egin dute lan (DBH; Batxilergoa; Lanbide Heziketa, eta abar). Horrela, sentsibilizazioa zabaltzen da, itxaropena ereiten da, eta “Komunitate Abegitsuak” eraikitzeko lanean aurrera egiten dugu.

Publicación ‘Invisibles en la última frontera’.

 

Leave A Comment