Gaztelania | Euskera

Martxoaren 22a, Uraren Munduko Eguna

Gaur gogorarazi nahi dugu ura ezinbestekoa dela gizakiontzako eta planeta osoaren biziraupenerako. Edozein giza jarduera burutu ahal izateko, kalitatezko ur geza behar dugu.

Covid-19ak markatutako urtea izan dugu, eta egoera honetan inoiz baino gehiago nabarmendu nahi dugu urak osasunean daukan garrantzia, koronabirusa eta beste gaixotasun infekzioso batzuen prebentziorako lagungarria baita. Munduko ia hiru milioi pertsonak ez daukate eskuak garbitzeko aukerarik. NBEn arabera, 3 pertsonatik 1, hau da, 2.200 milioi pertsona, ur edangarririk gabe bizi dira. Gero eta jende gehiago gara, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboaren eskaera gero eta handiagoa da, industria etengabe zabalduz doa eta aldaketa klimatikoak aurrera jarraitzen du. Horiek guztiak uraren kalitaterako mehatxuak dira.

Caritas Bizkaiak hainbat herrialdetan indarrean dauden proiektuetan laguntzen du, oinarrizko eskubideak gauzatzeko ur osasungarria eta saneamendua izateko eskubidearen alde.

Gaurko egunez, Tigray eremuko (Etiopia) ipar-ekialdean garatutako osasun eta bizi-baliabideen inguruko proiektuaren bigarren fasean parte hartzen ari diren familiak hartu nahi ditugu gogoan (2.755 etxe, 6.239 pertsona). Caritas Bizkaia 2014tik ari da laguntza ematen, Caritas Sarearen bidez Adigrateko Elizbarrutiarekin eta Tigrayko gobernu-bulegoekin elkarlanean. Onuradunek aktiboki parte hartzen dute jardueren diseinu eta exekuzioan.

Bi fasetan banatutako proiektu integral horren helburuak honakoak dira: osasun egoera, saneamendu-sistemak, eta nutrizioaren inguruan familiek duten kontzientziazioa hobetzea, eta ura eskuratzeko bideak eta osasun arreta hobetu eta areagotzea.

 

2019an hasitako fasean, ibaiko uraren desbideratzea eta kanalizazioa hobetzeko bideragarritasun-azterketa bat egin zen. Ureztatze-kanalak handitu dira Maysndayom eta Mayhne eremuetan. Oraindik bukatzeke daude, baina horien bidez nekazari familien elikadura-segurtasuna handituko da, uraren erabileraren eraginkortasuna handituz eta lehorteen aurka babestuz.  Maysndayom eremuan 295 pertsonak eta Mayhne eremuan beste 97 pertsonak jaso dute soldata, kanalen eraikuntzan parte hartzeagatik. Horrela izanik, komunikazio gaitasunak eta laneko etika lantzeko aukera ere izan dute, baita ezagutza teorikoak eguneratu eta praktikan jartzekoa ere, taldean lan eginez.

 

6 putzu komunitario egin eta 60 komun prefabrikatu instalatu dira. Horrela, ur segurua eskura daiteke eta saneamendua hobea da (4 putzu Tahtaykoraron egin dira, eta beste bi Laelayadiabon, beraz, 366 pertsonak daukate orain ur segurua eskuragarriago). Ur garbia eskuratzeko modurik ez zuten etxeak hautatu ziren, eremuen potentzialtasun geologikoa baloratu zen, nekazarien arteko gatazka posibleak ere saihesteko moduan, eta putzuak egiteko orduan lehenetsi egin ziren inguruan ur edangarririk ez zuten etxeak, makinak eramateko bideen irisgarritasuna eta komunik gabeko etxeak. Oraindik 20 komun instalatu behar dira, eta horretan ari gara, Gobernuaren osasun arloko bulegoaren inplikaziori esker.

 

2020ko martxoan Covid-19aren pandemia hasi zen, eta Etiopian ere alarma-egoera ezarri zenez, aurreikusitako prestakuntza-jarduerak atzeratu egin ziren, pertsona kopuru handiak elkartzea saihesteko. Arrazoi beragatik, uraren kudeaketarako komunitate batzordeak ere ezin izan dira sortu. Pandemiaz gain, 2020ko abenduaren 4an Tigray estatuan hasitako gatazka beliko bat ere izan da eragozpena. Bi hilabete iraun zituen, formalki, eta denbora horretan ez zen inolako komunikaziorik egon inguruarekin. Ezin izan zen inor sartu, ez nazioarteko organismorik, ezta gizarte zibileko erakunderik ere. Gaur egun, komunikazioak mugatuta daude, eta sartzeko murrizketak daude; izan ere, landa-eremuetan enfrentamendu puntualak izaten dira, eta segurtasun falta orokorra da. Gobernuaren arabera, 4,5 milioi pertsonak dute laguntza-beharrizan larria, baina sartzeko eta komunikatzeko murrizketak daude, beraz, ezin izan da beharrizanen balorazio argirik egin, ezta gatazkaren ondorioena ere. Dakiguna da gatazka horren ondorioz desplazamendu masiboak egon direla Tigray barruan, Afar eta Amhara eremu mugakideetara, eta 60.000 pertsona inguruk Sudanera ihes egin dutela.

Caritas Etiopiak emergentziazko deia egin zuen elikagaiak, materiala, ura eta saneamenduaren hobekuntza eskatzeko, eta, orokorrean, bizimodua lehengoratu eta Tigrayn eta inguruko eremuetan bizikidetza baketsua lortzeko laguntza eskatzeko; izan ere, inguruko beste bi eremutan etnien arteko gatazka armatuak bizi dituzte. Caritas Bizkaiak bat egin du dei horri erantzuteko, ahal den moduan Tigrayko familiei laguntzeko.

Afrikako Adarrean bizi duten egoerarekin sentsibilizatutako pertsonen eskuzabaltasunari esker bultzatzen ari gara proiektua. Afrikako zati hori da arazo gehien dituenetako bat: gosea, haurren hilkortasuna, gatazkak eta aldaketa klimatikoaren ondorioak, hala nola izurriteak, lehorteak edota uholdeak.

Egun honetan uraren erabilera arduratsua egiteko konpromisoa hartu behar dugu denok, maila pertsonal zein komunitarioan. Urarekin erlazionatutako aztarna ekologikoaren % 44 higiene pertsonalarekin dago lotuta (arropa garbitzeko produktuak, leungarriak, xaboia, dutxarako gela, xanpua, arroparen garbiketa, hortzetako pasta edota etxeko garbigarriak). Uraren kontsumoaren inguruko ohiturak aldatzea, gure eta planetaren benetako beharrizanen arabera egokitzea, ura eskatzen duten elikagaien kontsumo murriztea (haragia eta prozesatuak, esaterako), fruta eta barazkien kontsumoa handitzea, erosketa arduratsuak egitea, ez xahutzea, birziklatu, murriztu eta berrerabiltzea… horrekin guztiarekin, aztarna hidrikoa murriztuko dugu, eta orain eta etorkizunean denontzako ura edukiko dugula ziurtatuko dugu.

“Gure uraren kalitatea okertzen joatearekin batera, leku batzuetan baliabide hori pribatizatzeko joera nagusitzen ari da. Hori horrela izanik, merkatu-legeen arabera araututako merkantzia bihurtzen da. Egia esan, ur edangarri eta segurua izatea oinarrizko giza eskubide unibertsala da, izan ere, biziraupenerako ezinbestekoa da, beraz, gainerako giza eskubideak gauzatu ahal izateko baldintza ere bada. Mundu honek zor sozial handi bat dauka ur edangarririk lortu ezin duten pobreekiko, bizitzeko eskubidea ukatzen ari baitzaie” Frantzisko Aita Santua (LS, 30).

Kontrol-presaren putzuaren deribazioaren eta kanalaren egiturak eraikuntza-fasearen ostean:

Leave A Comment