Gaztelania | Euskera

CÁRITASekin harremanetan jarri nahi baduzu, 94 402 00 99 telefonoan egin dezakezu.

Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna

Caritasek bere eguneroko lanean babesten duen errealitateak emakume aurpegia dauka

Hemen dugu martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Caritasek nabarmendu nahi du egunez egun bere lanaren bidez babesten duen pobrezia eta bazterkeria errealitateak emakume aurpegia daukala, eta desberdintasun eta bidegabekeria sistema batean oinarritutako genero diskriminazioak dakartzan ondorioez ohartarazi du. Salatu nahi dugu, halaber, emakumeen aurkako indarkeria fisikoa, psikologikoa zein sexu-indarkeria egiturazko desberdintasun egoera horren ondorio zuzena direla.

Hori dela eta, munduan genero-berdintasuna lortzea izango da XXI. mendeko lorpen handienetako bat. Aurtengo irailean Beijing-eko Ekintzaren Adierazpen eta Plataformaren 25. Urteurrena bete da, emakumeen eskubideen aldeko mugarri garrantzitsuenetako bat. Baina 25 urte pasa dira, eta aurrerapausoak eman badira ere, datuek adierazten dute martxan jarritako neurriak ez direla nahikoak izan, eta bide luzea dagoela oraindik egiteke. Erronka horietako batzuk nabarmenduko ditugu:

– Emakumeek gizonek baino pobrezia-tasa altuagoak dituzte. Duela gutxi estatu mailako egoeraren inguruan plazaratutako txosten baten bidez, Muturreko Pobrezia eta Giza Eskubideen inguruko Nazio Batuen Erakundeko Errelatore Bereziak, Philip Alstonek, adierazi du emakumeek tasa altuagoak erregistratu dituztela honako eremuetan: pobrezia erlatiboa, gabezia material larria, enplegu intentsitate baxua eta muturreko pobrezia. Gainera, VIII Foessa Txostenaren arabera, pobrezia arriskua 20 % handiagoa da emakumeak buru diren etxeetan, are gehiago emakumea buru duten guraso bakarreko etxeetan. Horietan, gainera, kontziliazioaren ondoriozko zailtasunak batzen dira.

– Enplegu arloko desberdintasun arrakala hor dago oraindik ere. Eurostaten datuen arabera, Estatuak emakumeen bigarren langabezia-tasa altuena dauka Europar Batasunean. Horri gehitu behar zaio lanaren kalitate baxua. Aipatu behar dugu emakumeek burutzen dituzten lanaldi partzialen % 50 ez direla haien borondatez aukeratuak, eta horren atzean dago, batez ere, emakumeak direla zaintza lanen arduradun nagusiak. Foessa txostenaren datuen arabera, zaintzara dedikatu ahal izateko lan partziala duten pertsonen % 95 emakumeak dira; horrek esan nahi du beren karrera profesionalak mugatuta daudela, eta soldata eta pentsio baxuagoak dituztela.

– Genero desberdintasuna izaten da, sarritan, emakumeak migrazio-prozesuak burutzera eramaten dituena. Egoera horietan, emakumeek gizonek baino mugaz gaindiko ibilbide luzeagoak izaten dituzte, eta arrisku handiagoak, esaterako, sexu-indarkeria jasatekoa edota pertsonen salerosketa sareetan erortzekoa. Harrera herrialdeetan diskriminazio anitzak jasotzen dituzte, ez soilik migratzaile izateagatik, baita emakume izateagatik ere. Lan merkatuaren kasuan, esaterako, badakigu emakume migratzaileak direla gehiengoa zainketen eremuan (pertsona nagusien egoitzak, haurren zaintza, etxeko lanak…), sektore horren ezaugarri nagusietako batzuk tenporaltasuna eta ezkutuko ekonomia baitira.

Gure baliabideen bidez laguntza ematen diegun emakumeek bizi dituzten indarkerien ondorioak oso larriak dira: Bizimodu duina garatzeko zailtasun handiak eta bizi proiektua hautatzeko aukera gutxi, beren garapen pertsonal eta laboralak dituen mugengatik. Indarkeria egoeren ondorioz eragin psikologiko handiak jasaten ari diren emakumeak ikusten ditugu, gero eta gehiago. Horri isolamendu soziala, konfiantza eta segurtasun falta gehituta, beldur eta estres egoerak sortzen dira eta autoestimua galtzen da.

Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendak bere 17 helburuen artean kokatzen du Giza Eskubideen babesa. Hala izanik, genero berdintasuna eta emakume eta neskatilen ahalduntzea herrialdeen garapenerako funtsezko pieza direla uste dugu. Caritasek lurraldean zein beste herrialde batzuetan pertsonei bide-laguntza ematen lortutako esperientziak hala adierazten digute.

Emakumeek beren ahalduntze eta parte-hartze prozesuetan erakutsitako lidergoa bizitzaren esfera guztietan txertatu behar da, publikoan zein pribatuan. Caritasek emakumeen aldeko apustua egin du, garapenerako motor gisa. Izan ere, gure oinarri ekintzatik hasita, gure boluntario eta langileak emakumeak dira batez ere, eta lurraldeko zein mundu osoko proiektuen bidez laguntza ematen diegu gizarte-bazterkeria egoeran dauden emakumeei. Prozesu horietan, badakigu emakumeek gaitasun aktiboa dutela beren garapen propioaren protagonista izateko, eta horrek esan nahi du berdintasunean oinarritutako gizarte eredu bat posible dela, bai komunitate mailan, bai etxe mailan, baita bizitza politikoan ere.

Horregatik guztiagatik, Caritasek honakoa eskatu nahi die Administrazio publikoei, arduradun politikoei, eragile ekonomiko eta sozialei, kristau komunitateari eta gizarte osoari: indarkeria matxistarik gabeko mundu bat eraikitzeko lan egiteko, errudunak kriminalizatuz, eta ez biktimak; emakumeek bizitako indarkeria egoerak ez politizatzeko, argi edukiz ez direla gertaera isolatuak, eta erantzun irmo eta sendoak eman behar zaizkiela; eta berdintasunaren alde egiteko, oraindik ere gizartean errotuta dauden jokabide matxistak desagerrarazteko.

Caritasek gizon eta emakumeen arteko berdintasunezko harreman-esparru baten alde lan egin nahi du, emakume guztien eskubideak babestu, errespetatu eta bermatu daitezen. Politika publiko errealak martxan jarrita eta baliabideak bideratuta lortuko dugu nazioarte, nazio eta toki mailan dauden desberdintasun egoerak desagerraraztea, eta gizarte bidezko, parekide eta iraunkor bat eraikitzea.

 

 

Leave A Comment