Gaztelania | Euskera

#maiatzak1. Orain, inoiz baino gehiago, lan duina

Pandemiak lan duinerako eskubidea, itun soziala eta demokrazia ahuldu ditu. Caritas Bizkaiak, Lan Duinaren aldeko ekimenaren partaidea denez gero, kontratu sozial berri baterako elkarrizketa eskatzen du, pertsonak, lan duina eta planetaren zaintza oinarri hartuta, betiere.

 

«Orain, inoiz baino gehiago, Lan Duina!» lelopean, Lan Duinaren aldeko Eliza ekimenak  (Caritas, CONFER, Hermandad Obrera de Acción Católica HOAC, Justicia y Paz, Juventud Estudiante Católica JEC eta Juventud Obrera Cristiana JOC taldeek osatua) Manifestu bat argitaratu du maiatzaren 1aren harira. Horren bidez, ohartarazi nahi du pandemia lanerako eskubidea ahultzen ari dela, eta milioika langile pobretu, prekarizatu eta alde batera uzten ari dela, bereziki, emakumeak eta gazteak.

Horrela izanik, “lanerako eskubidea arriskuan dago, eta horrek esan nahi du itun sozialak, eta ondorioz, demokraziak krisi bat biziko dutela”.

 

Sistema produktiboa aldatzea, pertsonak erdigunean jartzeko

Krisi sakon honek argi erakusten du sistema produktiboak aldaketa bat behar duela, balioa emango duten lanetan oinarrituta, lan baldintza duinen arabera, eta pertsonak erdigunean jarrita. Horrela izanik, argi izan behar dugu zenbaterainoko garrantzia duen lanak, pertsonen eta beren senideen duintasuna sendotzen duen jarduera den heinean, eta gizartea eta planeta zaintzeari eskaintzen diogun denborak.

Azken urtean milaka enplegu suntsitu dira, eta martxan jarritako ERTEetako asko kaleratze bihurtu dira. Era berean, oinarrizkotzat jotako enpleguek -askotan baldintza prekarioetan, maila laboralean zein osasun-babesari dagokionez- ez dute errekonozimendurik jaso, eta ez dira baldintzak hobetu.

Pandemiaren beste ondorio sozialetako bat izan da administrazio egoera irregularrean dauden migratzaileen pobrezia-egoerak okerrera egin duela. Langabezia eta ekonomia informala dira nagusi kolektibo horretan, eta babes-sistematik kanpo geratzen dira.

Egoera honetan, inoiz baino gehiago, “beharrezko neurriak hartu behar ditugu lan duina pertsona guztion errealitatea izan dadin lortzeko. Bizimodu duina izateko baldintzak behar ditugu, eta babes soziala guztiongana heltzea”. Manifestuan egoera bideratzeko neurri batzuk planteatzen dira, hala nola:

-Lanaren ideiari giza jarduera moduan duen garrantzia ematea, eta pertsona guztiek “beren gaitasun eta ahaleginen bidez balioa emateko” aukera izatea, denon ongizatea eraikitzen laguntzeko.

-Edozein lan-harremanetan eskubideak eta segurtasuna izatea, pertsona guztientzat, adina, sexua edo jatorria edozein direla ere.

-Lan egin ezin duten pertsonentzako edo beren lan-baldintza prekarioen ondorioz “hilabete amaierara” heldu ezin direnentzako babes soziala bermatzea.

-Bizitzarako oinarrizko enpleguen errekonozimendu sozial eta laborala lortzea, lan baldintza duinekin.

-Komunitate politikoarekin, gizartearekin eta erakundeekin hitz egitea, pertsonen errealitatea, lan duinean eta planetaren zaintzan oinarritutako kontratu sozial berria eratzeko.

-Osasun eta ekonomia krisiak kolpatutako gizarte honetan gazteen laneratzea sustatzea, lan duina izateko benetako aukerak sortuz.

 

#OrainInoizBainoGehiagoLanDuina

Manifesturako lotura

IREKITA 28

SAKONTZEN argitalpenerako lotura

 

Leave A Comment