Gaztelania | Euskera

LURRAREN MUNDUKO EGUNA. Natura eta Osasuna

Gaur, apirilak 22, Lurraren Munduko Eguna da. Pandemia egoera honetan, Naturaren osasunaren eta pertsonen osasunaren arteko lotura, harmonia eta elkarren mendekotasunaz ohartu behar dugu.

Koronabirusaren agerraldia itzelezko arriskua da osasun publiko eta mundu mailako ekonomiarentzat, baina baita biodibertsitatearentzat ere, eta hori da Lurra bizirik mantentzen duena, klima orekatzen duena, airearen eta uraren kalitatea bermatzen dituena, edota patogenoen hedapena zailtzen duena.

Aurten, Lurraren Eguna Biodibertsitatearen Urtearekin bat dator. Horren bidez, dibertsitate biologikoak Lurraren Osasun Adierazle moduan daukan egitekoa eta gizakion osasunean duen eragina planteatu nahi dira. Animalia, landare eta organismo bizien espezieek elikagaiak, lehengaiak, energiak, medikamentuak eta bestelako baliabideak ematen dizkigute, gure ekonomia, osasun eta ongizatearen oinarri moduan. Horiek denek, era berean, ekosistema eta biodibertsitate osasungarriak behar dituzte.

Egun egiten ari diren ahaleginak gorabehera, biodibertsitatea arriskuan dago mundu osoan. Uste dugu milioi bat animalia eta landare espezie inguru daudela gaur egun desagertzeko arriskuan. Gutxi gora behera, arrainen populazioaren % 30 gehiegizko esplotazioa jasaten ari da. Zuhaitzak mozten jarraitzen dugu, lurrari beste erabilera batzuk emateko. Arroparen industria da ur gehien kontsumitu eta kutsatzen duena. Elikaduraren sektoreak mundu osoko kontsumo energetikoaren % 30 inguru hartzen du. 2025erako, 2.000 milioi pertsona egon litezke ur eskasia erabatekoa duten herrialde edo eremuetan bizitzen. Landa eremuko komunitateak eta komunitate indigenak, nekazari eta arrantzaleak dira kaltetuenak, eta gero eta presio handiagoa jasaten ari dira, migratu behar izateraino. “Krisi ekologikoak, biodibertsitatearen zati handi baten suntsiketarekin batera, arriskuan jartzen du gizakion izatea bera”; hitz horiek esan zituen Frantzisko Aita Santuak 2015eko irailean, New Yorkeko Nazio Batuen egoitzan. Horien bidez, Denon Etxea zaintzeko deia egin zigun.

Orain, pandemia garaian, lehentasun nagusia COVID-19aren hedapena saihestea da, baina, epe luzera, habitataren eta biodibertsitatearen galeraren arazoari heldu behar diogu.

«Zaindu Lurra. Ez dizute gurasoek utzi, ondorengoek eman dizute maileguan». Amerindiar esaera zaharra.

Gaur, Caritas Bizkaiak babesten dituen indigena komunitateak hartu nahi ditugu gogoan, Lurraren eta biodibertsitatearen defendatzaileak direlako. Lankidetza proiektuen bidez babesten ditugu eremu horiek, batez ere, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikako nekazari familien lana sustatzen duten proiektuen bidez. Amazonian eta Ekuadorreko mendialdean 58 erakunde ari dira lanean, batez ere emakumeen lidergopean, bidezko merkataritza arloko Maquita Fundazioaren laguntzarekin; eta Eusko Jaurlaritzak horiek finantzatzen laguntzen du. Erakunde horiei esker, Ama Lurrarekin nolabaiteko harmoniazko harremana bermatzen da, eta biodibertsitatea zaintzen da. Izan ere, munduko biodibertsitate handieneko eremu natural batean bizi dira, Amazonian. Kichwa kulturan, emakumea dibertsitate genetikoaren babeslea da, bere jakintzagatik, eta lurraren zainketaren inguruko ezagutzak belaunaldiz belaunaldi transmititzeagatik. “Chakra” izeneko soroaren bidez egiten dute hori (baratze familiar ekologikoa), familien oinarrizko beharrizanak estaltzen dituzten nutrizio elementuak, elementu espiritualak, medizinalak eta ornamentazio elementuak bermatuz. Erakunde horiek Chakra baratzeko soberakinak merkaturatu egiten dituzte, bidezko merkataritzaren bidez. Baratze ekologikoak izanik, biodibertsitatea zaintzen da, eta, era berean, horrek hazi eta produktu berriak garatzen laguntzen du. Horrela izanik, familiaren nutrizio kalitatea hobetzen da, eta lurra eta bere baliabideak kutsatu ditzaketen plagak saihesten dira. Gaikuntza eta antolakuntza prozesuen bidez, emakumeek tokiko gobernuetan eragiten dute, beren proposamenak aurkezteko, eta pertsonen eta lurraren zaintzan oinarritutako ekonomia ereduak garatzeko. Tokiko, nazio mailako eta nazioarteko azoken bidez, beren produktuak zabaltzen dituzte, ekoizleen eta kontsumitzaileen komunikazioa bideratuz.

Nazio Batuen Erakundeko Ban Ki-moon idazkari nagusiaren bidez, “elikagaien mundu mailako prezioak inoiz ez bezalako mailetara heltzen ari dira. Ez dauka zentzurik garapen gutxieneko herrialdeei oinarrizko elikagaiak lantzen eta manufakturatzen laguntzea, ezin badute munduan bidezkoa den moduan merkaturatu”.

Biodibertsitatearen mende dauden eta biodibertsitatean eragiten duten komunitate indigena, enpresa txiki edota kooperatibekin lan egitea da Caritas Bizkaiaren lehentasuna. Era berean, gizarte osoa sentsibilizatu nahi dugu gure eguneroko kontsumo ohituren inguruan. Lurraren, uraren eta baliabide bizien erabilera zentzuzkoa eta bidezkoa bultzatzen duten ekintzak geureganatu behar ditugu. Lurraren Egunean hausnarketa egiteko eta ohitura moduan hartzeko ekintza txiki asko daude: sasoiko fruta, barazki eta lekale gehiago kontsumitzea, ingurumena kutsatzen duten prozesuen bidez lortutako jaki prozesatuak beharrean, eta herriko eta auzoko denda txikietan kontsumitu eta bidezko merkataritzako aukerak lehenestea, esaterako.

Argazkia: Maquita Fundazioa. 2020. Cantón Tena, Napo. Ekuador.

Leave A Comment