Gaztelania | Euskera

Larrialdia Haitiko lurrikararengatik

Abuztuan, Richter eskalan 7,2 magnitudea izan zuen lurrikara batek jo zituen Haitiko Les Cayes eta Jeremie eskualdeak. Hondamendiak 2.000 hildako, 12.800 zauritu baino gehiago eta 800.000 kaltetu utzi zituen, eta beste 600.000 pertsona premia larrian geratu ziren. Horrez gain, 63.645 etxebizitza suntsitu zituen, eta beste 98.265 kaltetu. Lurrikara hori hainbat krisiren erdian gertatu zen:  pandemia, klima-aldaketak eragindako ondorioak, eta 2021eko uztailean Jovenel Möise presidentearen hilketa eragin zuen krisi politikoa. Gainera, duela 11 urte (2010ean, alegia), lurrikara suntsitzaile batek jo zuen Haiti. Are gehiago, 2016an, Matthew hurakanak zonalde bera suntsitu zuen, eta oraindik ere ez da haren ondorioetatik suspertu.

 

Caritas Haitiren taldeek Caritas Sarearen barneko larrialdiko laguntza eman zieten kaltetuei hasiera-hasieratik, kalteen irismena kuantifikatu zuten, eta epe labur eta ertainera premiazkoenak ziren beharrak ebaluatu zituzten.

Caritas Bizkaiak Caritas Haitiren laguntza-eskearekin bat egin zuen berriro ere, eta, beste behin, bizkaitarrek eskuzabal jokatu zuten haitiarrekin, 38.000 euroko ekarpena egin baitzuten.

Caritas Haitik eta Caritas Les Cayesek ibilbide luzea dute elikagai-segurtasunaren eremuan, eta Caritas Sarearekin, oinarrizko komunitate-elkarteekin, tokiko autoritateekin eta proiektuetan parte hartzen duten pertsonekin batera, azpimarratu dute lehenbailehen jarri behar direla martxan herritarren bizimodua ateratzeko jarduerak, batez ere nekazaritza eta abeltzaintza. Halaber, nabarmendu dute epe luzera elikadura osasungarria lortzeko eskubidea bermatu behar dela, herritarrek beren kasa oinarrizko beharrak estaltzeko gaitasuna izan behar dutela, eta ura, saneamendua eta osasuna eskuratzeko aukera ziurtatu behar dela. Horretarako, lehen mailako arretarako klinika mugikorrak ezarri behar dira, ospitaleak eta osasun-etxeak suntsituta geratu diren edo horrelakorik ez duten eremuetan. Tresnak eta haziak ere banatu behar dira, eta nekazaritza ekologikoaren gaineko prestakuntza eman. Azkenik, elkartasun-mutulitateak sortu behar dira, herritarrek aurrezteko eta inbertsio txikiak egin ahal izateko.   Caritas Bizkaiak eskaeran inbertituko ditu jasotako baliabideak, 2020an ezarri genuen proiektu-ereduari jarraituz. Izan ere, urte horretan hasi ginen Haitiko Saltadere eta Bon Banique probintzietako familia zaurgarrienak laguntzen, Caritas Hinche eta Caritas Sarearen bitartez, eta emaitza onak izan ditugu. Espero dugu Les Cayeseko biztanleek ere oinarrizko eskubideetan aurrera egingo dutela.

Bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu gure deiari erantzun diozuen eta Haitirekin ahaztu ez zareten guztiei, haitiarrak anai-arrebatzat hartu baitituzue. Haitiarrei ez zaie gustatzen munduko herrialde txiroenetako baten modura begiratzea. Nahiago dute munduko herrialde munduko herrialde pobretuenetako baten modura begiratzea, behin eta berriz altxatzeko gaitasuna dutela aitortzea, eta gure elkartasunarekin, haien etorkizuna itxaropenez zuzentzea.

«Egiaz, gizartea «zibiltzat» kalifikatzeko, bazterkeriaren kontrako antigorputzak garatu behar ditu, giza bizitzak balio ukiezina duela aitortu behar du, eta elkartasuna aktiboki praktikatu behar du eta elkarbizitzarako gakotzat ezarri».

Francisco aita santua. Fede Doktrinarako kongregazioa. 2020

 

Leave A Comment