Gaztelania | Euskera

KOMUNIKATUA: Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko eguna

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA DEUSEZTATZEAREN ALDEKO NAZINOARTEKO EGUNA

 

 2020.eko AZAROAK 25

 

COVID-19a hedatzeaz batera, emakume eta neskatoen aurkako indarkeria areagotu egin da mundu osoan. Blokeo-neurriek birusaren zabalkundea mutatzen laguntzen badabe be, etxean indarkeria jasaten daben emakume eta neskatoak gero eta bakartuago dagoz pertsonengandik eta lagungarri izan daikiezan bitartekoetatik.

 

Azaroaren 25ean ospatuko dan emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzearen aldeko eguna ospatuko dala-eta, eurengan jarri gura dogu gure arreta, gure alkartasuna eta hurkotasuna adierazteaz batera. Gogoan doguz, batez be, aurton hil dabezanak. Bizkaian, Paola eta Miren. Eta eurakaz batera, Estatua hil dabezan 38ak gogoratu gura doguz, indarkeria honen eraginez munduan hilten dabezan emakume guztiak eta baita bortxatutako milaka emakumeak eta gatazka armatuetan gerra-arma lez erabilten dabezanak.

Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako zenbakiek, kopuruek, behin eta barriro asaldatu eta sutan jarri behar gaitue. Ezin gara axolagabe geratu. Isiltasun asko eta asko hausteko eta, batez be, gizon eta emakume bakotxaren duintasunaren bortxaezintasunean oinarritutako hartu-emonak sortzeko erronka dogu (Bizkaian, normaltasun barrirako prozesuaren ostean, salaketek %43 egin eben gora ekainean eta %60 uztailean. Biktimen arretarako zerbitzuetara egindako deiak %20,4 gehitu ziran pandemia aldian. Indarkeria sexistaren biktima diran emakumeek batez beste bederatzi urte behar izaten dabez erasotzailea salatzeko. Euren bikotekideek hildako emakumeen %60 inguruk ez eban tratu txarren egilea salatu.

Frantzisko Aita Santuak “Fratelli Tutti” agirian adierazoten dauanez, “mundu osoko gizarteen antolaketan ez da argitasunez islatzen, ezta gitxiago be, emakumeek zehatz-mehatz gizonezkoek dabezan duintasun bera eta eskubide berak dabezanik” (23. zenb.). Ezinbestekoa dogu Jesusen jokamoldea geure egitea. Anonimatua, aurreretxiak, bildurrak, zuritzeak, bidegabekeriak,… apurtu daiezan topaketak ahalbideratzea… Agertzera emoten, autortzen, sendatzen, indarkeriak gainditzen, salatzen, bizimodu eta hartu-emon barriei ekiten, duintasuna itzultzen… lagundu daien topaketak ahalbideratzea…

Heziketa, balioez, ohiturez… aldatzea, gizarte eta ekonomia bitarteko gehiago eskaintzea… etenbako eskari dira. Eta guzti horreek jadesteko lanean dihardu hainbat alkarte eta taldek mundu osoan, baita geure inguruan be. Hortxe kokatu eta hortxe iraun gura dotu Eleiza lez be.

Egin daigun otoitz tratu txarrak jasaten dabezan emakumeen alde, jasandako erasoen eraginez bizia galdu daben emakumeen alde. Eskatu daigun parkamena hausten lagundu ez dogun isiltasun eta zuritzeengaitik. Emakume bakotxaren, neskato bakotxaren bardintasun eta duintasunaren autortzan oinarritutako hartu-emonak eratzeko konpromisoa berretsi gura dogu.

Delegación de Caridad y Justicia

Delegación de Misiones

Cáritas Diocesana de Bilbao

Leave A Comment