Gaztelania | Euskera

Klimaren aldeko Ekintzen Egun Globala

Gaur, irailak 25, “Klimaren aldeko Ekintzen Egun Globala” da. Caritas Bizkaiak bat egin nahi du planetaren eta bertan bizi ziren pertsonen zaintzaren defentsarekin. Azken hiletan, munduak aldaketa handi bat bizi izan du. COVID-19aren pandemiak gure sistemaren oinarriak astindu ditu. Kolapsotik gertu dagoen ekonomia baten ahulgune eta kontraesanak agerian geratu dira, izan ere, zerbitzu publikoak prekarizatu eta desberdintasun egoerak sortzen dituen sistema batean bizi gara. Bizitzarako beharrezkoak diren zaintza-lanak ez dira ikusarazten, lurra eta pertsonak esplotatu egiten dira eta mundu osoan babesgabetasuna handitzen da. Pertsonak baztertu eta planeta suntsitzen ari den sistema hau alde batera utzi behar dugu, eta justizia sozial zein klimatikoa lortzeko lan egin, kolektibo babesgabeenak erdigunean jarri eta pertsona guztion duintasuna bermatzeko.

Frantzisko Aita Santuak, Laudato Sí entziklikan, kreazio osoa eta izaki guztiak zaintzeko eskatzen digu. Denok izan gaitezke Jainkoaren laguntzaile kreazioaren zainketan, bakoitza bere kultura, esperientzia, ekimen eta gaitasunen bidez.

Larrialdi klimatikoa dela eta, aurten, klimaren aldeko ekintzen mugimendu globalak gure sistemaren egitura-ardatzetako bat eraldatzeko deia egiten digu: Lana. Izan ere, gaur egun prekarietate, desberdintasun eta lurralde-suntsiketarekin oso lotuta dagoen kontzeptua da, eta biziari bizkarra ematen diola ematen du. Caritas Bizkaiak lan duinaren aldeko apustua egin nahi du; izan ere, ezinbestekoa da pertsonen errealizazio pertsonalerako eta duintasunerako. Lanaren bidez, bizitza sozial eta politikoa eraikitzen dugu. Lana falta badugu, giza duintasuna minduta geratzen da, nolabait. Lanaren bidezko banaketa egin behar da, pertsona guztiok duintasunez bizi ahal izateko moduan. Gainera, materialen eta energiaren kontsumo arduratsu eta etikoa sustatu behar dugu.

Bizitza babesteko zainketak lan-ereduaren beste ardatz nagusietako bat izan beharko lirateke. Lankidetzan eta elkartasunean oinarritutako ereduak eraikiko ditugu, hala nola bizilagunen arteko laguntza-sareak, sare komunitarioak zein nazioartekoak, pandemiak iraun bitartean jende askorentzako funtsezkoak izan baitira.

Eduki kontuan babesgabetasun, pobrezia eta bazterkeria egoeran dauden munduko pertsona guztiak. Eredu iraunkor baterantz egin behar dugu, planetaren egoera eta bizimodu iraunkor bat lortzeko, inor atzean utzi gabe.

Klima denon ondasuna da.

Leave A Comment