Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Kanpaina berria

Bere kanpainan “LAN DUINA, JUSTIZIAREN MUINA”

Caritas Bizkaiak enplegu duin eta integratzailearen alde egiten du, guztion onerako ekonomia baten eragile gisa.

Bilbo, 2014ko apirilaren 4a.- Caritasek ENPLEGUAren aldeko Kanpaina berria aurkeztuko du asteburu honetan Bizkaiko parrokia guztietan. Goiburua hauxe izango da: “LAN DUINA, JUSTIZIAREN MUINA, EGOKI BIZITZEKO ADINA”, eta argi dugu POSIBLEA DELA.

Ez da Caritasen beste kanpaina bat. Atentzioa emateko da, aldi berean salatu eta proposatzeko, eta enpleguaren duintasunean sakondu nahi du, alegia, duintasuna dakarren enplegu batean. Bizkaiko kristau komunitateak gizarteari erakutsi nahi dio gauzak beste modu batean egin daitezkeela, harremanetarako beste era bat planteatu. Francisco Aita Santuak berak hauxe dio: “lan askean, sortzailean, parte-hartzaile eta solidarioan, gizakiak bizitzako duintasuna adierazi eta areagotzen du” (EG-192).

Horregatik, Caritasen ustez, enplegua ez da gure bizi-proiektuei eusteko etekin ekonomiko soila, baizik eta gure gaitasun eta potentzialak garatzeko, pertsonekin harremanak izateko, sare baten parte izateko eta gizartearen parte aktibo sentitzeko ezinbesteko lekua. Enplegua berdintasun elementua da, zentzua ematen du eta gizarteratzerako giltza bihurtzen da. Langabeziak sakon eragiten du pertsonengan, oinazea sortu, konfiantza hautsi, etorkizunean segurtasun falta eta etsipena eragiten du.

Hala ere, enpleguaren ikuspuntu horrek ezin digu begien bistatik kendu arreta jartzeko beharra, bai kontratazio prozesuetan, bai lan baldintza duinetan, bai egindako lanaren aitorpen ekonomiko egokian.

Gizarte ekonomiaren zenbait formulek eredu ezberdina proposatu eta horren alde lan egiten dute (gizarte enpresak, gizarteratze kooperatibak, zailtasunetan dauden taldeentzako autoenplegurako ekimenak, tokiko kontsumorako proposamenak, bidezko merkataritzaren aldeko apustuak, banka etikoa…), eta helburu eraldatzailea duten benetako aukerak eskaintzen dizkigute

Hona hemen zenbait datu:
Azken lau urteotan, 120 lagunek baino gehiagok aldi baterako enpleguak lortu dituzte ‘GizaLan’ programari esker. Caritas Bizkaiak eta Carmen Gandarias Fundazioak bultzatzen dute programa hori. Gainera, pertsona horien %60k geroago ere lanean jarraitu dute. Halaber, 2013an, Bizkaiko Caritaseko ‘Enplegatze Agentziak’ 140 lan-bitartekaritza lortu ditu arrakastaz. Kooperatibak eta enpresa solidarioak ere sustatzen dira, besteak beste, Zaintzalan, Lapiko Catering, etab.

Eta nik, zer egin dezaket?:
Caritasek aukera batzuk proposatzen ditu, esaterako: soldatadunek edo pentsiodunek urtean soldata edo pentsioko egun bat ematea enplegua sortzeko proiektuetarako; enpresariek kontratazio “sozial” bat egitea; administrazio publikoek horiek sustatzea eta ‘gizarte klausulak’, gizarteratzeko enpleguak eta enplegu politika inklusiboak ezartzea,… Azkenik, Caritas Bizkaiak kristau komunitateari eskatzen dio Ondasunen Komunikazio Kristauan parte hartu eta kanpaina zabaltzen lagundu dezala.

Mahai-ingurua:
Kanpaina honen harira, Caritasek Bizkaiko herritarrak ere gonbidatu nahi ditu mahai-inguru batera parte hartzera. Moderatzailea ALMUDENA CACHO (Radio Euskadiko kazetaria) izango da, eta enpleguaren egungo egoeraz eta etorkizuneko aukerez eztabaidatuko dute GUILLERMO DORRONSOROk (Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Dekanoa), ISABEL FERNÁNDEZek (aholkularia, trebatzailea eta coach-a) eta JAVIER MARIÑOk (‘Koopera’ Gizarte Sareko kudeatzailea). Mahai-ingurua apirilaren 29an izango da, asteartean, 18:30ean, Arrupe Etxean (Aita Lojendio kalea 2, BILBO).

LOTURA KANPAINAKO MATERIALETARA: http://www.caritasbi.org/eus/?page_id=67

Leave A Comment