Gaztelania | Euskera

CÁRITASekin harremanetan jarri nahi baduzu, 94 402 00 99 telefonoan egin dezakezu.

Lehendakariaren esker ona Cáritas Bizkaiari

LEHENDAKARIAK ESKERRAK EMAN DIZKIO CARITAS BIZKAIARI  OSASUN KRISIAN EGITEN ARI DIREN LANAGATIK

 

Cáritas Bizkaiak eta beste gizarte erakunde batzuek bideo-konferentzia bat egin dute gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Enplegu eta Gizarte Politika arloko aholkulari Beatriz Artolazabalekin. Bileraren helburua Hirugarren Sektore Sozialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza sinbolizatzea izan da. Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkigu beti egin dugun lanagatik, eta, bereziki, une hauetan pertsona babesgabeengana heltzeko ahaleginak sendotzeagatik. Lehendakariak lankidetzaren eta auzolanaren bidean jarraitzera animatu gaitu, laguntza handiena behar dutenen. Testuinguru horretan, ‘Solidaridad Organizada. Guztion Artean’ proiektuaren bidez hirugarren sektorea eta boluntarioak egiten ari diren lanaren garrantzia nabarmendu du, garai honetan are gehiago sendotu baita. Caritas Bizkaiak ere parte hartzen du egitasmo horretan.

 

Ekitaldian honakoak egon dira: Pablo González, Hirugarren Sektore Sozialaren ‘Sareen Sarea’ sareko presidente eta Elkarrizketa Zibilerako Mahairen presidente gisa; Carlos Bargos, Caritas Bizkaiako zuzendaria; Cáritas Bizkaiako boluntarioen ordezkaritza bat (Carmen Badiola, Iñaki Malaxetxebarria, Marta Ferrer eta Olatz Etxezarreta), eta Bilboko Elizbarrutiko Gotzaina, Mario Iceta.

 

Bestalde, Artolazabal aholkulariak nabarmendu du euskal gizartearen beharrizanak ezagutu eta bideratzeko bitartekorik onena garela; izan ere, koronabirusaren krisiaren ondorioz, baliteke kolektibo babesgabeen arriskuak ugaritzea, hala nola adingabeak, migratzaileak, bazterkeria egoeran dauden pertsonak, edadetuak, tratu txarren biktima diren emakumeak, gazteak edota desgaitasunen bat dutenak.

 

Testuinguru horretan, adierazi du erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua funtsezkoak direla osasun eta ekonomia krisi honek pertsona babesgabeenengan eragin ditzakeen arrisku egoerak arintzeko.

 

Era berean, Caritas Bizkaiaren izenean, Carlos Bargos zuzendariak adierazi du une honetan bazterkeria egoeran dauden pertsonak lehentasunezkoak direla, egoera honen berehalako  efektuak eta ostean etorriko diren ondorioak gehien sufrituko dituztenak direlako. Zentzu horretan, Caritasen izenean, eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztien borondate eta baliabideak elkartzera deitu du, krisi honetan inor atzean ez uzteko.

 

Sareen Sarearen izenean, Pablo Gonzálezek gogorarazi du Euskadiko hirugarren sektore soziala buru-belarri dabilela beharrizan handiena dutenei arreta emateko lanean. Zabalkunde hori ez litzatekeen posible izango milaka langile eta boluntarioen mobilizaziorik gabe, eta ohartarazi du horiei guztiei ere eskerrak eman behar zaizkiela, balkoietatik osasun langileei ematen zaizkien moduan; izan ere, beharrizan handiena duten pertsonei laguntza zuzena ematen ari dira.

 

Mario Iceta gotzainak azpimarratu du Eliza ahaleginak biderkatzen ari dela babesgabeenei laguntzeko, eta erakunde publikoekin koordinatuta, beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak ematen ari dela. Icetak esan du elkartasun ekintza anonimoak eta eskuzabaltasuna ugaritu egin direla. Esaterako, Iralako frantziskotarren jantokia, Mariaren Bihotzeko klaretarrak eta Caritas aipatu ditu, beste batzuen artean.

 

Azkenik, boluntarioen izenean, Caritas Bizkaiaren Haurtzaro programako Iñaki Malaxetxebarriak gogorarazi du haurtzaro programaren jarduerak aurrez aurreko harremanean oinarritzen badira ere, erantzuna egokitzen ari direla egungo konfinamendu egoerara. Esaterako, telefono bidezko arreta mantentzen ari dira, haurrek etxean garatzeko jarduerak proposatuz, edota hala eskatu duten familien artean jatekoa banatzen ari dira.

 

Informazio gehiagorako:

Eskerrak Hitzaldia

Prentsa oharra Eusko Jaurlaritza.docx

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/61206-lehendakari-agradece-las-organizaciones-sociales-voluntariado-labor-durante-crisis-sanitaria

Leave A Comment