Gaztelania | Euskera

CÁRITASekin harremanetan jarri nahi baduzu, 94 402 00 99 telefonoan egin dezakezu.

Ingurumenaren Munduko Eguna

Ekologia integral eta giza ekologiaren aldeko apustua.

Ingurumenaren Munduko Eguna da. Horren harira, Caritasek gogoan hartu nahi du aurten “Laudato si” entziklikaren bosgarren urteurrena dela; “pobreen eta lurraren aldarria” entzuteko konpromiso berriztatua. Ikuspegi berri bat behar dugu egun, pertsonak gizarte, ekonomi eta ingurumen egituraren erdian jarriko dituena.

“Laudato si” entziklikan, Frantzisko Aita Santuak krisi ekologikoaren gainean jarri du arreta, eta “Ekologia integralaren” proposamena planteatu digu. Entziklika honetan jasotzen den funtsezko gaia zera da, aurrean daukagun krisia ez dela soilik ingurumen arlokoa, oinarria krisi askoz sakonagoa dela. Horregatik, ikuspegi integrala aplikatu behar dugu, zabalagoa, Ekologia Integrala, ingurumenaz harago doana.

Ekologia Integralaren oinarria zera da: planetaren sufrimenduak eta bertako milioika pertsonaren sufrimenduak erro bera duela. “Gizakia, biluzik, bere botere osoaren aurrean” (Laudato si). “Gizakiak bere botere propioaren aurrean sentitzen duen bakardade eta biluztasun hori” egungo kultura menderatzailearen ezaugarri diren elementu batzuk uztartuz eraiki dugu:

Gizakia errealitatearen zentroa dela uste dugu, eta gure erabakien mende baino ez gaudela, ez dugula besterik zor. Gizakiak inguruko dena daukala bere mendean. Mugarik gabe (mugei kutsu negatiboa ere ematen zaie). (Antropozentrismo modernoa).

Teknika eta teknologiari mugarik gabeko ahalmena eman diegu, errealitatea interpretatu eta menderatzeko, baita pertsonen bizitza bideratzeko ere (Teknokrazia).

”Ni, hemen eta orain” aspektuak oinarri dituen kultura. Gure asmo eta ametsak ahalik eta arinen gauzatu ahal izatea.

Aurrerapena hazkunde ekonomiko eta tekniko gisa baino ez dugu ulertzen, gizarte kontsumista garatuz.

Gure egungo gizarte ereduaren lau ezugarri horiek dira ingurumen krisiaren oinarrian dagoen giza krisia sortzen dutenak. Gizarte eredu honetan pertsona guztiok ez gaude maila berean. Gutxi batzuek daukate ezagutza eta garapen teknologikoa beren alde jartzeko botere ekonomikoa; horrela, errealitatea mendean hartzeko botere nahikoa izateko.

Ondorioetako bat planetaren esplotazioa eta degradazioa izan da. Baina ez da bakarra. Pertsonak, herriak eta kulturak ere esplotazio-objektu bihurtu dira. Kosifikatu egin dira.

Pandemiak eragindako krisi honen testuinguruan, ondorio horiek larriagotu egiten ari dira, eta inoiz baino beharrezkoagoa da gure aldarrikapena: Ikuspegi berria zabaldu behar dugu, pertsonak zentroan jarri, eta denon etxe handi honen alde egin, hau da, Ama Lurraren alde.

(Ana Sofi Telletxearen -Caritas Bizkaia- “EKOLOGIA INTEGRALA – GIZA EKOLOGIA. Ikuspegi berri baten aldarrikapena” artikulutik ateratakoa. Bihotzez aldizkariaren 73. zk)

 

 

Leave A Comment