Gaztelania | Euskera

Hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoaren dekalogoa

Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna dela eta (urtarrilak 24), Cáritasek dekalogo bat proposatu du desberdintasuna apurtuko duen hezkuntza inklusibo eta kalitatezkoaren alde. Covid-19n, Caritasek artatutako familien % 60tan baino gehiagotan gutxienez adingabe batek zailtasunak izan zituen ikasturtea amaitzeko. Haur eta nerabe ahulenei eragiten dien hezkuntza-desberdintasunari buruzko alerta.

Caritasen haurtzaro, nerabezaro eta familia arloaren lanaren ardatz nagusietako bat gizarte-bazterkeria eta babesgabetasun egoeran dauden adingabe eta gazteei eskola-laguntza ematea da. Covid-19a dela eta, erronka gehiago izan ditugu, izan ere, krisi honek presio handia eragin du hezkuntza sisteman; bereziki, ikasle eta irakasleengan.

Kalitatezko heziketaren gabezia dago, askotan, berdintasunik ezaren jatorrian, eta, batez ere, aukera faltaren eta pobreziaren jatorrian. Heziketaren balioa ukaezina eta funtsezkoa da; izan ere, babesgabetasun eta bazterkeria egoerak belaunaldiz belaunaldi transmititu ohi dira, baina pobrezia ez betikotzeko aukerak agertzen dira familiako kideen heziketa-maila handitu ahala.

Kalitatezko heziketa irisgarria da, gainera, gizabidean eta ikuspegi kritikoan oinarritutako gizarteen oinarri nagusia, baina krisi garaiotan, printzipio horiek mahai gainean jarri dira: Koronabirusak erakutsi du zein puntutaraino dagoen kaltetuta hezkuntza sistema, eta beharrezkoa dela berehala aldaketak planteatu eta erantzunak ematea.

 

Caritasek lagundutako familietan izandako ondorioak

Errealitate Sozialaren Caritasen Behatokiak emandako 2020ko datuen arabera, Caritasek artatutako familien % 60an gutxienez adingabe batek izan zituen zailtasunak ikasturtea bukatzeko, pandemia dela eta, eta beren errendimenduan eragina nabaritu zen, irakaskuntza-zentroak markatutako erritmoa jarraitu ezin izateagatik. % 27k eskola jarraipenean zailtasun handiak izan zituzten, baliabide faltagatik; % 19k errepikatu behar izan dute eta % 2k ikasketak utzi dituzte.

Arrakala teknologikoa zer den ezagutu dugu, eta, gauzak horrela, badakigu teknologiaren baliabideak eskura izatea funtsezkoa dela urruneko eskola-laguntza emateko zein haurrak hezkuntza-esparruan konektatuta mantentzeko. Caritasen konprobatu dugu lehengo berdintasun ezari arrakala teknologikoa gehitu zaiola. Fenomeno horren arrazoia ez da soilik gailu digitalik edota Interneterako sarbiderik ez izatea; familien kultura edota alfabetatze teknologikoaren falta ere bada.

 

Kalitatezko hezkuntza inklusibo baterako dekalogoa

Hori guztia dela eta, beharrezkoa eta urgentea da hezkuntza inklusibo eta kalitatezko bat izatea, berdintasun eza desagerrarazteko. Horretarako, Caritasek hezkuntza lehentasun sozialen artean kokatzearen alde egingo luke, honako dekalogo honetan oinarritutako neurriak hartuz:

  1. Hezkuntza-zentro eta etxeei ikaskuntza demokratizatzeko baliabide teknologikoak ematea eta eskola herritar guztiengana benetan heltzea, denok konektatzeko eta deskonektatzeko aukera izan dezagun.
  2. Bizitza osoan zehar ikasi ahal izateko aukera ematen duten (hezkuntza formala zein informala) metodologia alternatiboak behar dira; ezagutzak ikasleen arabera egokituz, eta ez alderantziz. Ez ginateke soilik curriculumaren edukietan zentratuko, ikaskuntza humanistetan ere zentratuko ginateke, baita emozioen kudeaketan, pentsamendu kritikoaren aktibazioan eta gaitasun sozial, balio eta bestelako gaitasunetan ere; esaterako, esfortzuan.
  3. Hezkuntza sisteman jarraitutasuna ziurtatzeko neurriak ezartzea, berme guztiekin eta ikasleen artean aukera berdintasuna ziurtatuz. Eskola-porrotaren eta absentismoaren aurkako neurriak eta alternatibak planteatuko lirateke, ahal dela, haurrek ikasketak ez uzteko.
  4. 0-3 urte bitarteko kalitatezko eskolarizazioa.
  5. Haurrek eta nerabeek beren hezkuntza-prozesu propioetan parte hartzea, ez izateko soilik prozesuaren hartzaileak, baizik eta protagonistak.
  6. Enplegua eta kontziliazio familiarra sustatzea proposamen sortzaileen bidez, adingabeengan pentsatuz, batez ere, ez bakarrik helduen beharrizan laboraletan.
  7. Derrigorrezko hezkuntzaren doakotasun erreala eta eraginkorra, ikasmaila guztietako ikasleen egungo beka sistema sendotuz, beharrizan sozioekonomikoei erreparatuta.
  8. Zailtasunak garaiz antzematea, prebentzio estrategiak eta jarraipen indibidualizatu eta kolektiboa erabiliz. Helburu hori errazago lortuko litzateke geletako ratioak txikiagoak izango balira.
  9. Irakasleen eta ikastetxeetan lan egiten duten bestelako profesionalen prestakuntza eta espezializazioa (hezitzaileak, gizarte-langileak, laguntza emateko irakasleak eta abar).
  10. Eskolaz kanpoko doako jarduerak eskaintzea, haur eta nerabe guztiek parte hartzeko, jolas egiteko eta ikasteko aukera berdinak izan ditzaten.

 

 

Leave A Comment