Gaztelania | Euskera

Ongi etorriak Bizkaiko Caritaseko web orrira. Kontsultaren bat egiteko: sakatu hemen - 944 020 099

Ez lapurtu gure energia

Ez lapurtu gure energia

Ekitaldiaren kartela

Aurten ere urriaren 17an, Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, hainbat kolektibo sozial elkartuko gara egun hori salaketa eta aldarrikapenerako jardunaldia izan dadin.

NBEk emandako datuen arabera, munduko 1.200 milioi pertsona egunean 1,25 dolar edo gutxiagorekin bizi dira, eta garapen bidean dauden 91 herrialdetako ia 1.500 milioi lagun pobreziaren mugan daude. Europan biztanleriaren %23,4 bazterkeria arriskuan dago, Estatuan biztanleriaren %27 eta Euskadin %19,9 (5etik 1 alegia). Egoera bereziki kezkagarria da emakumeentzat, kontuan izan behar baita bazterkeria egoeran bizi diren pertsonen %82 direla. Aipatu behar ditugu baita ere beste kolektibo kaltebera batzuk, hala nola haurrak eta etorkinak.

Aurten pobrezia energetikoan zentratuko gara, pobrezia energetiko bezala ulertuz etxeek oinarrizko premietarako (elikadura, higienea, berogailua…) gutxieneko energia zerbitzuak eskuratzeko duten ezintasuna. Arazo hori biztanleen %4ak du EAEn, ia 90.000 lagunek alegia, eta Estatuan, berriz, %10ak. Gainera, zifra hori handitu egin da azken hilabeteotan fakturak igo direlako eta krisi ekonomikoak bere horretan dirauelako.

Mundu mailan errealitatea are krudelagoa da: 3.000 milioi pertsona bizi dira pobrezia energetikoaren pean, 2.400 lagunek egurra edo ikatz begetala erabiltzen dute jakiak prestatzeko, 1.600 lagunek ez dute argindarrik eta, aurreikuspenen arabera, kopuru horiek hazten jarraituko dute.

Kezkatu egiten gaitu pobreziaren, genero desberdintasunaren, energiaren eta ingurumenaren arteko lotura hautsi-ezinak. Biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzeko eta mundu mailako muturreko pobrezia murrizten saiatzeko, energia kontsumoa handitu beharko da eta, ondorioz, baita ere negutegi efektua eragiten duten gas isuriak, zeintzuek berekin baitakarte berotze globala. Beraz, tinko defendatu behar dugu justizia eko-sozialari eta ez ekonomiari erantzuten dion energia eredua. Eredu horren ardatz garrantzitsuenak dira “aurrezkia eta eraginkortasuna”, teknologia “berriztagarrien” aldeko apustu sendoa eta “subiranotasuna”, hau da, tokian tokiko kontsumoa oligopolioak baztertuz eta energia independentzia sustatuz.

Era berean, ez dugu ahaztu behar multinazional espainiarrek pribilegiozko posizioa dutela Latinoamerikako eta munduko beste eskualde batzuetako energiaren sektorean. Espainiako enpresen nazioartekotzeak ondorio larriak utzi ditu bidean, bai sozialak eta bai ingurumenari edota kulturari dagozkionak, eta uneoro urratu dira konpainia horiek ezarri diren herrialdeetako biztanle autoktonoen eskubideak.

Pobrezia eta desberdintasunak ez dira ez justifikagarriak ez ezinbestekoak: borondate politikoa eta hiritarra behar da horiek desagerrarazteko. Hiritar guztiek bat egin dezakete bi elementu horiek ezabatzeko aldarriarekin, dela salaketen bitartez, dela mobilizazioetan parte hartuz, edo eguneroko bizitzako hautu eta jarreren bitartez.

Horregatik, urriaren 17an hauxe eskatuko dugu:

  •  Babes sozialeko sistema mantentzea, pobreziaren aurka borrokatzeko mekanismo onenetako bat delako.
  • Konponbide bat ematea tarifa elektrikoaren defizita konpontzeko, baina tarifa igo barik; etxebizitzen birgaitze energetikoko
  • plana hobetzea, enplegua sor dadin, energia menpekotasuna murriztu dadin, eta abar.
  • Energia berriztagarria ekoitzi eta merkaturatzeko ekimen txiki kolektiboak sustatu eta indartzea.
  • Giza eta ingurumen eskubideak urratzen dituzten Espainiako energia enpresak zigortzea eta neurri hertsagarriak hartzea
    eskubide horiek bete daitezen.
  • Sistema neoliberal-heteropatriarkal hegemonikoarekin bukatzea, ekologikoki suntsitzailea, etikoki bidegabea, ekonomikoki
    ezberdintzailea eta kulturalki hondatzailea delako. Eta bereziki kaltegarria delako naturarentzat eta emakumeentzat.
Leave A Comment