Gaztelania | Euskera

Etxerik gabeko pertsonen kanpaina: Aski da. Inor ez etxerik gabe!

“Irtenbiderik ez? Babesten ez duen gizarte babeserako sistema batean galduta” lemapean ospatuko dugu urriaren 31n Etxerik Gabeko Pertsonen eguna.

«Inor ez etxerik gabe» kanpainak beste erronka bat izan du aurten: mezua testuinguru sozial askoz ahulago eta hondatuago batean zabaldu beharra.

Ezin dugu alde batera utzi COVID-19aren agerpenak inpaktu handia izan duela, bereziki pertsona ahulenen eta baztertuen bizitzetan. Pandemiaren aurreko gizarte- eta bizitegi-bazterkeriarekin loturiko faktoreak, onbideratu beharrean, ugaritu egin dira, eta askoz ere intentsitate handiagoz nabaritzen dira beren burua babesteko, zaintzeko eta suspertzeko etxerik ez duten pertsonen bizitzan.

Gaur egungo zaintza- eta babes-sistemak ez dira ez nahikoa pertsona ahulenak babesteko, ez eta egokiak ere. Kanpaina honen bidez, giza eskubideak babes sozialerako duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, eta sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dugu bereziki garrantzitsua dela batez ere gizarte- eta/edo bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonei erantzun egokiak eta egokituak ematea. Horretaz gainera, pertsona guztiei babes sozial erabatekoa emango dien sistema bat eskatu nahi dugu.

GIZARTE-BABESEKO SISTEMA EGOKI ETA IRISGARRIA LORTZEKO ZENBAIT PROPOSAMEN

Nazio Batuek giza eskubide gisa aitortu dute gizarte-babeserako eskubidea, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 22. eta 25. artikuluetan. Espainiako Konstituzioan ere aurki ditzakegu gizarte-babeserako eskubideari buruzko aipamenak. Baina hori asmoen adierazpen soil batean geratuko da, baldin eta ez bada zehatz-mehatz jasotzen giza eskubideak eskuratzeko ikuspegitik pertsona ahulenak lehenesten dituzten politika publikoen garapenean eta ezarpenean. Egiteko horretarako, beharrezkoa da:

  • Gizarte-babeserako eskubidea baliatzeko erraztasunak ematea (administrazio-prozesuetan, epeetan, malgutasunean, espazioetan, eta abarretan).
  • Gizarte-babeserako eskubidea gauzatzen dela bermatzea (gizarte-zerbitzuek prebentzio-, babes- eta jarraipen-sistemak garatuz eta egokituz, eta gizarte-laguntza eta antzeko tresnak erabiliz).
  • Justiziarako eskubidea bermatzea eskubideak urratzen diren kasuetan (alderdi hori oso garrantzitsua da, aurretiazko erreklamazioetan ez baitago abokatu-laguntza jasotzeko eskubiderik; hori arazo larria da eta pertsonak babesgabetasun-egoera larrian utz ditzake).
  • Prebentzio-neurriak garatu, eta ez soilik laguntza-neurriak.
  • Epe labur, ertain eta luzerako gizarte-laguntzako neurriak sartu, pertsonen bizitza aldatzeko eta hobetzeko benetako tresna izan dadin.
  • Pertsona ahulek beren giza-eskubideak garatzen dituzten politika publikoen diseinuan parte har dezaten sortu eta erraztu.

ZER EGIN DEZAKET NIK?

Pertsona gisa, konpromisoa hartu eta lagundu egin dezakegu bazterkeria-egoeran edo etxerik gabe dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzen. Bestearen lekuan jartzen saia gaitezke, pertsona ahulenak zer errealitate bizi ote duten galdetzen: pentsatzen dut apur batean, saiatzen naiz sentitzen zer-nola eragiten ote dien egoera horrek? Horretaz gainera, errespetuan eta hurbiltasunean oinarrituta, interesa izan dezaket hurbileko pertsonen, senideen, auzokideen eta abarren egoera ahulei buruz, komunitatean parte har dezaket nire parrokiaren edo auzoko elkarteen bidez, laguntza eman dezaket premian dauden pertsonei izapideak errazten, eta abar.

Halaber, elkartu eta mobilizatu gaitezke bazterkeria-egoerak eta etxerik gabekoak ikusarazteko eta laguntzeko, eta eskubideen urraketa salatzeko. Horretarako, urriaren 28an, osteguna, goizeko 11:00etan Moyua plazan egingo den kale ekintzan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

 

 

Leave A Comment